ATZEKOZ AURRERA. Kaissa Ould Braham. Aljeriako kabiliar amaziga

«Erlijioa eta kultura bereizi behar dira»

Afrika iparraldeko amazig etniakoa da Ould Braham. Amazigera hitz egiten du, baina islamista erradikalek arabiera inposatu nahi diete, Koranaren hizkuntza delakoan. Donostian hitzaldi bat eman du.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Zortzi urte daramatza Katalunian Kaissa Ould Brahamek (Kabilia, Aljeria, 1972). Haren senarra kazetaria da, eta islamista erradikalek heriotza mehatxua egin zioten Aljerian. Orduan, babesa eskatu zion familiak Kataluniako PEN klubari, eta Bartzelonara joan ziren. Halere, ez dute errefuxiatu izaerarik. «Espainiak eta Aljeriak oso harreman estua dute petrolioagatik eta gasagatik, eta aljeriar batek ere ez du errefuxiatu izaerarik Espainian. Guri ere ez ligukete emango. Sisteman beste zulo batzuk bilatuko ditugu irauteko, modu legalean».

Beldurrez bizi zineten Aljerian...

1992 eta 2002 bitartean, gerra zibila izan genuen han. 250.000 hildako izan ziren. Islamistek irakasleen, medikuen eta kazetarien zerrendak egiten zituzten, erailtzeko. Nire senarra zerrendan zegoen amazigeraz eta frantsesez idatzitako egunkari bat zuelako, eta itxi egin behar izan zuten. 1995ean, beste egunkari bat zabaltzeko hitzordu bat zuen kazetari batekin. Hamar minutu berandu iritsi zen, eta bere laguna eta haren idazkaria hilik aurkitu zituen.

Berandu iritsi zelako salbatu zen?

Ikaragarria da, baina gertatu egiten dira halakoak. Lagun polizia batek senarrari esan zion desagertu egin behar zuela. Aljeriako hegoaldera joan zen, eta hiru urte geroago itzuli zen. Orduan, aldizkari kultural bat ireki genuen, amazig identitatearen eta gure hizkuntzaren defentsan. Marko laikoan zabaldu genuen; erlijioa eta kultura bereizi egin behar dira, gure iritziz. Baina esaten dizute: «Musulmana bazara, arabieraz hitz egin behar duzu, eta Korana errespetatu». Oztopo asko genituen erregimenaren aldetik, baina bizirik irautea lortu genuen. Islamisten gutun bat jaso genuen arte.

Zer zioen gutunak?

Odolez idatzia zegoen, eta heriotza mehatxu bat zekarren, laikoak ginelako eta amaziga juduen hizkuntza omen delako. Orduan, PEN katalanari eskatu genion babesa.

Katalunian nabaritzen duzue jazarpen politikoa?

Bartzelonan ondo gaude; ez dut kalean atzera begira ibili beharrik inork jarraitzen ote didan ikusteko. Baina, orain, ezin dugu atzera egin. Konpromiso bat dugu: han gertatzen ari dena salatu behar dugu. Kazetari askok alde egin dute Aljeriatik, eta beste asko hil egin dituzte.

Eta zuen seme-alabek nola hartu dute hori guztia?

Islamistak norbait hiltzera haren etxera sartzen direnean, aurkitzen ez badute, seme-alabak edo emaztea hiltzen dituzte, min handiagoa egiteko. Horrek ematen zidan beldurrik handiena. Semeak 16 urte ditu. Txikia zen senarra mehatxatuta zegoenean, eta esaten genion inori ez esateko aitak zer egiten zuen. Inoiz ez zen beste haurrekin jolasten. Orain ulertzen du guztia.

Hizkuntza zapaldu bateko hiztuna izateaz gain, emakumea zara. Nola sentitzen zara?

Nik beti esaten dut bi borroka ditudala. Mundu musulmanean emakume izatea oso konplexua da, eta, gainera, amaziga naiz. Legeak ez du inoiz emakumea babestu, baina Kabilian baditugu tradiziozko lege batzuk, emakumeei eskubide batzuk ematen dizkietenak. Ez dute zerikusirik islamarekin. Askok ez dugu beloa eramaten; amazigok gure soinekoa dugu, koloretsua eta emakumearen formak markatzen dituena. Bartzelonan Kabilian baino belo gehiago ikusi ditut.

Zuk ez duzu beloa janzten?

Inoiz ez dut jantzi, eta gerra zibilean heriotza mehatxuak jaso nituen.

Nork behartzen zaituzte janztera?

Interpretazio asko daude. Islama legeak dira, eta zuk aplika ditzakezu. Baina islamismoak aplikatzera behartzen zaitu. Mugimendu erradikala da, eta hilko zaitu betetzen ez badituzu. Islamologo batzuek diote Koranak ez duela behartzen emakumea beloa janztera. Baina jendea hil egin dute hori esateagatik.

Ez zara praktikantea, ezta?

Ez, familia laiko batekoa naiz. Erlijio musulmana bakarrik eskolan praktikatu dut, behartu egiten gintuztelako. Ni bezalako jende asko dago, eta inoiz ez da izan arazoa. Beti bizi izan gara elkarrekin praktikanteak direnak eta praktikanteak ez direnak.

Nolakoa izan zen Europara iritsi eta hemengo kulturekin topo egitea?

Nik ez nuen topo egin; ez ginen bereizitako mundu batean bizi. Irakurri nituen lehen liburuak Simone de Beauvoir eta Voltaire idazleenak izan ziren. Haien errua da ni horrelakoa banaiz [barrez]. Voltairek esaten zuen: «Esaten duzunaren aurka nago, baina hilko naiz esateko aukera izan dezazun». Hori falta zaigu; islamismoa dena jaten ari da.

Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuko poema bat itzuli duzu.

Inperialismo espainiarraren ingurukoa da liburua. Inperialismoak dena galdu zuenean, ezin zuen hori gabe bizi, eta barnera begira jarri zen; katalanei, galiziarrei eta euskaldunei. Gauza bera egiten du inperio arabiarrak amazigekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.