Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Mari Jose Barriola Baraibar. Gutik Zura proiektuko zuzendaria

«Euskal Herriak asko zor dio egurrari»

Egurraren balioa ezagutarazi nahi du Gutik Zura egitasmoak. Dokumental bat grabatzen ari dira, eta hainbat jarduera antolatu dituzte. Horretarako, finantzaketa kolektiboa sustatzen ari dira.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ihintza Elustondo -

2016ko apirilak 12 - Errenteria

Tknika Lanbide Heziketako berrikuntzarako zentroan egurraren inguruko proiektu batean lan egiten du Mari Jose Barriola Baraibarrek (Leitza, Nafarroa, 1972). Sektore horretako jendea elkarrizketatzen hasi zen, eta konturatu zen jakinduria bat galtzen ari zela. «Dagoen gutxi hori bildu nahian eta egurraren balioa pixka bat zabaldu nahian abiatu genuen Gutik Zura». Dokumentalaren grabaketa fasean murgilduta daude orain, eta Donostiako Zinemaldian estreinatzeko asmoa dute. Dena den, haratago doa egitasmoa, ez dutelako nahi film hutsean gelditzea: Egurtek kongresura joango dira, zuhaitz landaketa bat abiatu dute, jostailuak salduko dituzte... www. zura.eus webgunean babes daiteke proiektua.

Egurraren balioa gizarteratzeko behar bat antzeman duzue?

Herri jakinduria biltzea eta dagoen gutxi hori berreskuratzea da gure helburu nagusia. Zoritxarrez, asko galdu dugu, eta jendeak jakitea nahi dugu Euskal Herriak zenbat zor dion egurrari. Basoak hainbat eta hainbat ogibide eman dizkigu: Ternuara joaten ziren balea ontziak egurrez egiten ziren, burdinolak ere egurrak emandako energiarekin atera ziren aurrera; hor ditugu ikazkinak, arkitektura, herri kirolak, baso mutilak... Egurraren inguruan jende asko bizi da, eta bizi zen; lehen, oraindik gehiago. Euskal Herriak asko zor dio egurrari. Gainera, egurrak abantaila asko dauzka, eta horiek gizarteratu nahi ditugu.

Egurrak baditu onura batzuk beste materialek ez dituztenak?

Egurra da material bakarra naturak ematen diguna. Beste materialak guk ekoizten ditugu: plastikoa, zementua eta betoia, esaterako. Eta ekoizpen prozesu horretan energia asko behar da. Horregatik, garapen iraunkorrerako abantaila asko ditu egurrak. Zuhaitz batek ematen duen azken produktua da, baina, zuhaitza basoan dagoen bitartean, beti ematen eta ematen ari zaigu. Ematen digu aukera gure eguneroko arnasa hartzekoa, paisaia politak bizitzekoa... Eraikuntzari begira ere, beste materialek baino parametro hobeak ditu. Gainera, ikerketek erakutsi dute pertsonaren izaera inguruko materialek baldintzatzen dutela. Haur txikiek naturarekin, zuhaitzekin eta egurrarekin harremana baldin badute, gaixotasun batzuk saihesten dituzte.

Euskal Herriko sinbolismoaren parte handi bat dira zuhaitzak...

Denok identifikatzen dugu Euskal Herria basoekin eta zuhaitzekin. Zuhaitzak erreferenteak izan dira Euskal Herriko hainbat lekutan: haritza, hagina, pinua... Jakoba Errekondorekin hitz egin dugu, eta berak esaten du euskara, basoa eta egurra oso lotuta daudela.

Nola aldatu da gizakiak egurrarekin duen harremana?

Hainbat elkarrizketa egin ditugu, eta kasu askotan ateratzen da hitz bat: beharra. Garai batean, behar bat sumatzen zen egurrarekiko, eta mendira joaten ziren behar hori asetzera. Gaur egun, hainbeste material txertatu zaizkigu gure gizartean, behar hori agian ez dugu sumatu. Baina, etorkizunera begira, garapen iraunkor batean pentsatzeko beharra daukagu, eta egurrak ematen dizkigun onurak eta baliabideak beste materialek ez dituzte.

Gainbehera bat izan da egurraren ibilbidean?

Bai, beste material asko agertu direlako. Orain ikusten ditugu duela 400-500 urte eraikitako egurrezko dorretxeak, elizak eta baserriak, eta badakigu egurrak irauten duela. Beste materialei denbora hori ez zaie eman, eta ez dakigu zer pasatuko den betoiarekin, zementuarekin edo plastikoarekin. Baina oso eskuragarri izan ditugu, eta asko barneratu ditugu. Orduan, egurra desplazatuta gelditu da. Gainera, toki askotan gauzak gaizki egin dira: hor dauzkagu basogabetze arazoak. Baina horrek ez du esan nahi Euskal Herrian gaizki egiten direnik gauzak. Euskal Herrian basoak oso ongi kudeatzen dira.

Arriskuan daude basoak?

Ez, batere ez. Iruditzen zaigu basorik gabe gelditzen ari garela, baina egurraren bolumena eta basoen ekoizpena asko handitzen ari da urtetik urtera. Egin behar dena da mozketak kontrolatu, eta garapen iraunkorra oinarri izan.

Nola ikusten duzu egurraren etorkizuna?

Dituen onurengatik, material gisa apustua irabazita dauka. Baina sektore gisa berrikuntza eta ikerkuntza lan handia daukagu egiteko.

Egurra artisautzarekin lortzeko joera bat dago?

Irudi hori dugu, baina teknologiari esker, egurrarekin, beste gauzekin egiten den bezala, produktu berriak, eraikuntza berriak, kiroldegiak, igerilekuak, aireportuak.... egin daitezke. Jatetxe batera joaten garenean ere, hori dugu gustuko, gure inguruan egurra ikustea.

Euskal Herriko jendeak zura bere parte dela sentitzen du?

Euskal Herria beti izan da mendiari lotuta egon den zibilizazio bat, eta egurrarekin lotura estua daukagu.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©PEIO GOIENETXEA

«Indartsu dago Euskal Herriko hardcore eszena»

Unai Etxenausia

Euskal Herriko hardcore eszenaren parte da Gonzalez. 'Zaldi Beltza' kaleratu berri du Vibora taldearekin, depresioari eta antsietateari erreferentzia egiten dion diskoa.
Maialen Chourraut piraguista, <em>Geldiezinak</em> proiektuaren fotograma batean. ©BASQUE TEAM

'Geldiezinak' proiektua sortu dute emakume kirolarien lanari balioa emateko

Amaia Jimenez Larrea

Emakume kirolarien lanari balioa emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Team fundazioak 'Geldiezinak' proiektua sortu dute. Podcastek, bideoek eta ipuinek osatzen dute.

Dantzari herria eta herri dantzaria ere bada Errenteria

Jendez eta zubiz betetako errioa

Enekoitz Telleria Sarriegi

Milaka lagunek parte hartu dute Errenteriako Kilometroak jaian. Udazken beteko uda giroa lagun, urte osoko jarduna borobildu dute Orereta ikastolakoek. Euskara, eta euskal kultura sustatu nahi dituzte lortutakoarekin: «Herria, nazio ikuspegia, komunitatea eta elkartasuna beste ikastolekin»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ihintza Elustondo

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...