ATZEKOZ AURRERA

Okertu izanaren damurik ez

Faja de las Floresera igo nahian, bide okerra hartu zuten Imanol Azkuek eta semeak. Ordukoaz idatzitakoak BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa irabazi du. Eskozia dute zain.

Felipe Uriartek eta Ainara Lasak eman zioten saria Imanol Azkueri —erdian—, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Andoain
2017ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Oker baten istorioa jaso du Imanol Azkuek (Zumaia, Gipuzkoa, 1965) Faja de las Flores (omen) kronikan. Izen horretako ibilbidea egitera abiatu zen orain lau urte, Ordesan (Aragoi, Espainia), semea lagun zuela. Bidean erratu, eta bestelako ibilbide bat osatu zuten, ordea, Faja Blanquera izenekoa, hain justu. Orain, semeak lagunekin mendiko lehen bidaia egin duenean, «haria» aurkitu du Azkuek orduko istorioa berreskuratu eta kontakizuna «josteko». Paperera eraman du pasadizoa, eta, BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketara aurkeztuta, lehen saria eskuratu du. Ondorioz, Eskoziako Ipar Highlandseko Knoydart penintsulara joateko bidaia lortu du Azkuek, Mendiak eta Herriak gidarien elkartearen eskutik. Herenegun eman zioten saria Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak eta Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak agentziako arduradun eta mendizale ezagunak.

Pirinioetara elkarrekin eta bakarrik zihoazen lehen eguna zuten aita-semeak duela lau urteko hura. Respomuso inguruan izan ziren hasieran, eta Ordesa partean gero. Handik abiatu ziren mendian gora oinez, Faja de las Flores ibilbidea buruan. Bide okerrean zebiltzan, ordea. «Momentuan, bidea egiten ari ginenean, zerbait arraroa sumatzen nuen, ez nituen paraje horiek argazkietan ikusita. Oso paraje politak ziren, baina bazen zerbait arraroa. Gero, etxera joan nintzenean, Interneten argazkiak ikusi, eta Faja de las Flores azpialdean ibili ginela ikusi nuen». Eta, halere, gaitz erdi, toki berri bat ezagutu zutelako: «Ez dut damurik edo penarik, batere ez; tokia oso polita da. Abentura kutsua izan zuen, ez genekien zer aurkituko genuen».

15 urte zituen semeak orduan, «ez ume, ez heldu» artean. Aurten, lau urteren ondoren, Pirinioetara joan da aurrenekoz lagunekin, eta «aitzakia» ikusi du hor Azkuek, duela lau urteko istorioari heltzeko. «Nahiko presente» zeukan kontatu beharrekoa, eta oroitzapenari tiraka ondu du testua. «Behin haria aurkituta, nahiko erraza izan da».

Izan ere, aritua da Azkue idazketa lanetan. Gustatzen zaio idaztea, eta argitaratu ditu ipuin eta narrazio liburuak. Mendi kronikarik idatzi gabea zen, ordea. «Ariketa polita izan da niretzat, lehenengo aldia nuelako halako zerbait idazten. Zer kontatu bezain inportantea da nola kontatzen den, zer ikuspegitatik. Ariketa hori egin behar izaten da».

Nor joango den erabakitzeke

Mendizalea da Azkue, eta ez du ezkutatzen mendiarekiko lilura. «Mendian ibiltzen denak badaki zer den hori. Baso batean zaudenean, itxitasun hori handia da, eta gain batean zaudenean ingurura begiratzen duzu, eta ikusten duzuna...». Eskoziako Knoydart penintsulan izango du lilura hori elikatzen jarraitzeko aukera. Mendiak eta Herriak elkarteak hara antolatutako bidaia baten parte izateko aukera eman dio sariak. Oraindik, ordea, ez daki bera, semea ala biak joango diren. Bien arteko harremana jasotzen du saritutako kronikak, eta berezia litzateke Azkuerentzat Eskoziarako bidaia ere biek egitea.

Bata, bestea ala biak joan, argi du Azkuek bidaia «oso polita» izango dela. «Eskoziak badauzka ezagutzeko moduko alderdiak, eta izan diren guztiek esaten dute oso polita dela». Felipe Uriartek antolatua izateak, gainera, balio erantsia ematen dio, Azkueren ustez: «Mimo handiarekin zaindutako bidaia izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.