ATZEKOZ AURRERA. Javier Tenias. Aktorea eta autorea

«Nahiko nuke bizitza antzerki hutsa izatea»

Curriculum luzeko aktorea da Tenias, hamaika oholtzatan aritutakoa, eta Dispara Teatro konpainiako zuzendaria. Europan eta Amerikan egiten du lan. Hainbat liburu ere kaleratu ditu.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
«Lehen, emanaldi gehiago egiten nituen tailerrak baino; orain, alderantziz da». Antzerkian aritua eta aditua da Javier Tenias (Zaragoza, Espainia, 1972). Iruñeko Katakraken egon da La vida no es puro teatro (Bizitza ez da antzerki hutsa) liburua aurkezten. Antzerkigintzako tresnak eta jakintzak bizitzarako baliagarriak direla dio.

Bizitza ez omen da antzerki hutsa; nahiko antzerki dirudi, bada.

«Bizitza antzerki hutsa da» esaldiarekin esan nahi dute bizitza gezurra dela, antzerkia gezurra delakoan. Horrekin iraintzen gaituzte, batik bat politikariek. Baina antzerkiak ez du deus ikustekorik gezurra esatearekin, antzerkiaren funtsa da pertsonaiaren egia esatea.

Baina bizitzak badu antzerkitik?

Alderantziz, antzerkia bizitza da, baina eskala txikian. Antzerkiak gizakiaz baizik ez du hitz egiten, eta milaka urte daramatza gizakiari buruzko jakintza pilatzen. Psikologia existitu aurretik ere antzerkiak bere gain hartu zituen gizakien alor psikologikoak. Antzerkia gizakiari buruzko jakintza edukiontzi bat da.

Zer ekarpen egiten ahal dio antzerkiak bizitzari?

Bizitzaren putakeriarik handiena da ez duela eskulibururik. Antzerkiak erakusten dizu arriskatu beharra duzula, gauzak egin, eta, noski, porrot egin. Saioa-akatsa dinamika zientifiko bat da, eta antzerkia etengabeko akatsa da. Horregatik, eszenan proba saioa egiten dugu. Ez dugu gauza bera errepikatzen, proba bakoitzean zerbait ezberdina egiten dugu, akatsa gainditzeko. Hori bizitzara ekarri beharko genuke. Antzerkiak bizitzatik hartzen du, eta bizitzari itzuli behar dio.

Zein da antzerkiak eman dezakeen gomendiorik onena?

Ezinbestekoena: hanka sartzeko beldurra galtzea. Zer pasatzen da okertzen banaiz? Hipokrisia sozial bat da: «Ni ez naiz perfektua, akats asko ditut». Ea ba, esan iezadazu zein diren. Inork ere ez dizu bat bera ere esanen. Aldatu, utzi kexatzeari, eta ahalegindu. Horra ikasgaia. Antzerkian proba saioak egiten ditugu, eta azkenean eskaintzen duguna badakigu ez dela perfektua, inoiz ere ez dugu perfekzioa lortuko. Baina horrek ez du esan nahi borrokarik egin behar ez denik.

Beldur eszenikorik izan duzu?

Beldurra bizitzan bai, baina agertokian ez. Izan ere, beldur eszenikoa ez da existitzen. Beldurra izan dezakezu ez zaudelako jarrera egokian, baina ez dago eszenari zehazki loturiko beldurrik, nahiz eta liburu asko argitaratu diren hori gainditzeko.

Umorean ere ikasbide anitz dagoela uste duzu?

Jakintza anitz dago azalekoa iduri duen horren atzean. Charles Chaplin jenio itzela da, eztabaidaezina. Are, uste dut bizitzak bi gauzaren konbinazioa izan behar duela: umorea eta maitasuna. Edozein diktaduratan debekatu den lehenbiziko gauza umorea da.

Comedia para tod@s ere idatzi duzu. Antzerkia demokratizatzeko saiakera egiten ari zara?

Arte martzialak hiltzeko tresna ziren, eta osasun afera dira orain, edozeinek egin ditzake. Antzerkiarekin antzeko zerbait gertatu da. Ireki da, eta iraganean eszenaren munduan bakarrik geratzen ziren tresnak eskaintzen ditu. Nik ikastaroak egiten ditut publikoarekin lan egiten duen jendearekin. Egon da demokratizazio moduko bat, denek izateko antzerkirako sarrera. Antzerkia kultura gisa diot, jakintza gisa, ez aisialdi gisa.

Antzerkia aisialdi gisa hartzen da kultura gisa baino gehiago?

Azken urteetan bizi izan dut ordezkapena. Merkataritza gunez bete dute dena. Parkea xuhurra da, ez duzulako kontsumitzen. Kultura txiste bat da. Dena ordezkatuko da gutxika aisialdiarekin. Aisialdi kirasdun horren froga Facebook da.

Estrategia politiko bat al da kultura aisialdia izatea eta antzerkia zerbait gutxiesgarria?

Bai. Kontsumo eta beldurra da inguruan gertatzen den guzia. Beldurraren gizartean bizi gara, eta hau ez da debalde, beldur honek kontsumitzera bideratzen zaitu.

Maskarak ekarri dituzu. Zeure burua ezkutatzeko ibiltzen dituzu?

Psikiatra batek maskaratzat duenaren kontrakoa da maskara. Aktoreak ez du maskara erabiltzen bere burua ezkutatzeko, pertsonaia azaltzeko baizik. Horretaz gainera, pertsona bakoitzak maskara edo pertsonaia anitz ditugu. Pertsonaia bat jokaera aldaketa bat baizik ez da. Gizakiak modu naturalean egiten ditu pertsonaiak, joko bat da.

Orduan, bizitza antzerkia izan daiteke?

Nahiko nuke hala izatea, benetako antzerkia egia esatea baita. Gezur handietan murgildurik gaude, denak gara horiek ikusteko gai, eta oso gutxik egiten dute zerbait egoera aldatzeko.

Gaizki erabiltzen dira maskarak?

Bai, ba. Jarrera aldatu, eta maskara adoretsuagoak jarri beharko genituzke, norberak bere burua gehiago maitatzeko. Maskara sendoagoa behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.