Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

ATZEKOZ AURRERA. Maria Pazos. Ekintzaile feminista

«Berdintasuna gizarte eraginkor eta iraunkor baterako bidea da»

Egungo politika publikoek ezberdintasuna bultzatzen jarraitzen dutela salatu du Pazosek. Legearen aldetik gizonak eta emakumeak ezberdinak direla frogatzen duen liburua idatzi du.
IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Iñaki Berastegi -

2017ko martxoak 31 - Iruñea

Matematika ikasketak feminismoarekin uztartu zituen Maria Pazosek (Cañamero, Espainia, 1953). 1976an, Emakumeak Askatzeko Frontean parte hartu zuen lehendabiziko ekintzaileetako bat izan zen, eta, 2007an, PPIINA Jaiotzagatik eta Adopzioagatik Baimen Berdin eta Besterenezinak Lortzearen Aldeko Plataforma sortu zuen beste ekintzaile batzuekin: amatasun eta aitatasun baimenak berdintzeko lege erreforma osatu dute. Esperientzia hori guztia baliatu du Iruñeko Katakrak liburu dendan atzo aurkeztu zuen Desiguales por Ley (Legez desberdinak) liburua idazteko.

Liburuaren izenburua hautatzeko orduan asmatu duzula diozu. Zergatik?

Azken finean, nik helarazi nahi nuena izenburuan ongi jaso dudalako. Legez, emakumeak eta gizonak desberdinak gara. Gobernuek esaten dute berdinak izan beharko genukeela, baina, errealitatean, ez da hori gertatzen. Gizartea berdintasunaren alde dago, baina legeek ez digute berdintasunaren bidea hartzen uzten; egungo politika publikoek ezberdintasuna bultzatzen dute.

Amatasun eta aitatasun baimenak parekatzeko lege erreforma bat aurkeztu duzue. Aurrerapauso handia izan daiteke?

Bai, ez da aldatu behar den gauza bakarra, baina bai. Hala ere, horrekin ez dugu berdintasuna lortuko, baina oso garrantzitsua da. Izan ere, familia ezberdintasunaren lehendabiziko eskola da. Hezkuntza familian hasten da, eta gero eskolan indartzen da. 3 urterekin, haurrek barneratuta dute generoa.

Gainera, emakumeek etxean gelditzeagatik pizgarriak jasotzen dituzte.

Baimen luzeagoez gain, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga bikotekidearekin batera egiteko aukera ematen zaie: gizonari zergak arintzen dizkiote emakumea etxean gelditzeagatik. Alargunen pentsioa ere ezin da ahaztu. Iruzur bat da, alargunen pentsioekin erretiroarekin baino askoz ere diru gutxiago jasotzen delako. Beste pizgarri gehiago ere badaude berdintasunaren aurka egiten dutenak.

Hortaz, pizgarri horiek dira emakumeak lan munduan sartzeko traba nagusiak?

Bai. Enpresariek badakite emakumeek baimen luzeagoak hartzen dituztela eta aukera hobeak dituztela etxean egoteko. Hortaz, gizonak sustatzen dituzte goi karguetarako.

Amatasuna indartzeko pizgarriek lan zehatz batzuetara bideratzen dute emakumea?

Segmentazio horizontala dago, bai. Emakumeak enplegu publikoan edo liberalagoak diren lanbideetan aritzen dira normalean, amatasunarekin bateragarriagoak direlako. Ingeniaritzan eta industrian sartzea zailagoa izaten da, eta baztertuak ere izaten dira.

Baimenak parekatzearekin batera, haurrak zaintzeko eskolak ezinbestekoak direla diozu. Zergatik da hain garrantzitsua?

Amatasun baimena amaitu ondorengo egunean, eskola bat behar da etxe guztietatik gertu. Hala, ama ez litzateke derrigortuta egongo denbora luzeagoz etxean egotera. Neurri horrekin, amatasun eta aitatasun baimenak parekatuta, eta lanaldiak 35 ordura murriztuta, berdintasunerako urratsak egingo lirateke.

Badago pizgarri horiek defendatzen dituen emakumeen multzoren bat?

Geroz eta txikiagoa den multzo bat geratzen da; azken hamar urteetan, asko aldatu da gauza. Politika publikoen funtsa pertsona guztiak eta bizitza osoan ekonomikoki independenteak izatea da. Hori ez du inork ukatzen. Gobernuek esan beharko lukete etxean geratzen direnak gero pobreziara edo dependentzia ekonomikora kondenatuta daudela.

Beraz, ekonomiak ezberdintasuna babesten duela esan daiteke?

Bai. Antzinako patriarkatuan, politika hertsagarriak ziren nagusi. Ezkontzean, lanetik botatzen zituzten emakumeak, lanbide asko debekatuta zeuzkaten emakumeek, eta ez zegoen dibortziorik, besteak beste. Orain, kode zibilak emakumeak eta gizonak berdinak direla jasotzen duenez, mendean hartzeko tresna indartsuena da ekonomia.

Ekonomikoki, berdintasuna errentagarriagoa dela nabarmendu duzu liburuan.

Bai, justua eta beharrezkoa izateaz gain, errentagarriagoa da. Berdintasuna gizarte eraginkor eta iraunkor baterako bidea da. Ezberdintasunak arazo ekonomiko ugari sortzen ditu. Emakumeen balio produktiboa alferrik galdu, eta, aldi berean, urpeko ekonomia indartzen ari gara. Alta, emakumeek kotizatu eta zergak ordainduko balituzte, administrazioak diru askoz ere gehiago jasoko luke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Egin kontu: ez daukat gonarik, ez mototsik, baina liburuzaina naiz»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Topikoen kontrako borrokaz eta liburutegien egiteko berriez ari da Juarez. Muskizko liburuzaina da, eta haien elkarteko burua. 30 urte bete ditu elkarteak berriki. 'Antolatzearen diziplina' liburua itzuli dute.
1 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Olibak jaso, olioa egiteko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Euskal Herrian ere badira olibondoak eta badago oliba olioa. Nekazariak eta dolareetako langileak buru-belarri dabiltza lanean azken asteetan, aurten jasotako uzta olio bihurtzen.
Netflix Euskaraz herri mugimenduaren agerraldia, Durangon, apirilaren 17an. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Atzerriko plataformek ez dute kuotarik bete beharko

Urtzi Urkizu

Espainiako ikus-entzunezkoen lege berria onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. ERCk zuzenketak aurkeztuko ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iñaki Berastegi

Informazio osagarria