ATZEKOZ AURRERA. Laura Wollny. Desobedientzia ekintzailea

«Pozgarria da Europako jendeak gure ideiak aztertzea eta hartzea»

Alemaniako ikatz meatzeak itxi nahi dituen Ende Gelande taldeko kide da Laura Wollny ekintzaile alemaniarra. Zubietako errauste plantaren aurkako desobedientzia martxan parte hartu du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Hamar urte daramatza Laura Wollnyk (Essen, Alemania, 1987) desobedientzia borroketan parte hartzen. Die Linke alderdian hasi zen politika mundura hurbiltzen, baina bilera luzeez eta hitz egiteaz aspertuta, ekintza zuzenera jo zuen. Egun, Ende Gelande (Mugako eremua) talde ez-biolentoan dihardu. Euskal Herriko hainbat txokotan aritu da borroka ez-obedienteari buruz.

Hainbat hitzaldi eman dituzu Euskal Herrian. Zure esperientziak balioko al die euskal mugimenduei?

Ni Renaniako [Alemania] meatzeen aurkako borroketan nago murgilduta, eta nire esperientzia kontatu dut. Beste hainbat talde ere badabil borrokan Alemanian, bakoitza bere erara, eta esperientzia horren berri ere eman dut. Azaldu diet etorritakoei zer diren talde horiek, zer egiten duten, zein den haien taktika, eta nola lan egiten dugun batera.

Getxon, Gasteizen eta Iruñean eman dituzu hitzaldiak. Kasualitatea al da borrokak piztuta dauden tokietan egon izana?

Bai, bai. Nik ez nekien oso ondo zein zen toki horietako egoera. Ende Gelandekoek kontaktua daukagu Gasteizko taldeekin, eta haiek jarri gaituzte harremanetan besteekin. Baina bidaia hau oso aberasgarria da niretzat ere.

Balio al dizute Euskal Herriko borrokek zerbait ikasteko?

Asko nabil ikasten hainbat borrokari buruz, baina baita borroka egiteko hainbat moduri buruz ere. Niretzako ikusgarria da zenbat borroka dauden piztuta Euskal Herrian.

Nolatan bukatu duzu Euskal Herrian hitzaldiak ematen?

Bueno, nire asmoa oporretara joatea zen. Kasualitatez nago Euskal Herrian eta ez Italian.

Kasualitateekin jarraituta, joan den larunbateko Zubietako errauste plantaren aurkako ekintzan parte hartu zenuen. Ekintza ez al da Ende Gelandek egiten dituenen oso antzekoa?

Bai, bai, baina ez da kasualitatea izan. Esan zidaten gure ekintzen bideoak ikusi zituztela eta liluratuta gelditu zirela. Antzeko zerbait egin nahi zuten. Moldatu egin zuten errauste plantaren aurkako euren borrokarako.

Parte hartu al zenuen ekintza prestatzen?

Ez. Larunbatean joan nintzen Zubietara, eta sorpresa bat izan zen egin zutena. Ez daukat inongo loturarik ekintzarekin.

Beraz, zuen ekintzak nolabait eredu bilakatzen dabiltza?

Pozgarria da Europako jendeak gure ideiak aztertzea eta hartzea. Energia asko ematen dizu jendeak egiten duguna babesteak.

Ofizialki, errauste plantaren obrak hasita daude, baina oraingoz ez dago makinarik han. Espero zenutena al zen?

Pausoz pauso joan behar da. Tokira sartu ginen, eta ez zegoen makinarik, baina aukera gehiago egongo dira obrak hasitakoan. Bertako kideek jakingo dute zein den hurrengo urratsa.

Ende Gelandek bide ez-biolento eta desobeditzaileen bidez Alemaniako ikatz meatzeak itxi nahi ditu. Jakinarazia duzue abuztuan ikatza zentral elektrikoetara iristea geldituko duzuela. Hori ez al da Alemaniako estatuari aldez aurretik esatea zein asmo duzuen?

Bai, hori da plana. Lehenengo eta behin, ekintzan parte hartuko dutenek zer egingo dugun jakitea nahi dugu. Bestetik, eztabaida sortu nahi dugu gizartean gaiari buruz. Espero dugu ekintza egitean jendeak esatea: «Egin behar duten zerbait da helburu klimatikoak lortzeko».

Baina, ez al zabiltzate Poliziari abantaila ematen?

Bai, noski. Baina, beti egiten dugu hori. Jendearentzako erakargarria bada, jende gehiago etorriko da. Gainera, meategien eremua horren handia da, ezin izango dituzte babestu meatze eta zentral elektriko guztiak. Polizia batek pertsona bat edo bi gelditu ditzake asko jota.

Azaroan, klimari buruzko goi bilera egingo da Bonnen, Alemanian. Horren gertu izanda, eragiten saiatuko al zarete?

Fijiko Errepublikak parte hartuko du goi bileran. Ozeano Barean daude Fijiko irlak, eta klima aldaketak jarraitzen badu, urak hartuko ditu. Gure ekintzen bidez erakutsiko diegu gauzak nola aldatu ditzaketen. Klima aldaketa aldatzeko garrantzitsuagoa da ikatz meatzeak ixtea goi bileran hizketan aritzea baino. Bestela, azkenean Alemaniako Gobernuak ez du ezer egingo.

Zuen ereduari jarraitu beharko al luke Alemaniako Gobernuak? Hots, hitz egitetik ekintza zuzenetara pasatzea?

Hori da. Minak eta zentral elektrikoak itxi ditzakete.

Angela Merkel gonbidatu beharko duzue zuen saioren batera.

Akaso bai, baina nik uste dut badakiela zeintzuk diren klima aldaketaren arrazoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.