ATZEKOZ AURRERA. Rafael Gonzales 'Tufawon'. Rap abeslaria

«Kanpalekuan jazotzen ari zena erakutsi nahi genuen, bira batekin»

Musika alboratuta izan du hilabetez Gonzalesek, Dakota Accesseko (AEB) oliobidearen aurkako protesten harira. Euskal Herrian da egunotan, bere esperientziaren berri ematen, hitzez eta kantuz.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Dakota Access izeneko oliobidea eraikitzeko proiektuak Ipar Dakotako (AEB) Standing Rock siux erreserban haserrea eragin zuen iaz, eta hilabeteetako protestak eta kanpaldiak ondotik. Rafael Gonzales Tufawon (Minneapolis, AEB, 1985) rap kantariak lehen lerroan ezagutu izan zituen. Siuxen barruko Dakota tribuan ditu sustraiak Gonzalesek. Euskal Herrian da egunotan, protestetan izandako beste ekintzaile talde batekin batera. Donostiako Guardetxean izango dira gaur, 19:30ean. Hitzaldia izango da lehenik, eta, ondoren, hip hop saioa.

Zertan da, gaur egun, Dakota Access oliobidea?

Oliobidea eraikita eta erabilgarri dago. Otsailean hustu zuten protesta kanpamentua, eta, ekainaren 1az geroztik, petrolioa garraiatzen ari dira oliobidearen bidez, Bakkeneko [Ipar Dakota, AEB] petrolio putzuetatik Illinoiseko estaturaino.

Zertan eragingo dio oliobideak siux tribuari?

Standing Rockeko siuxen erreserban Dakotak, Lakotak eta Nakotak gaude. Ocheti Sakowin ingurunea da gurea, eta lur horiek bertako tribuenak dira. Hala dago jasota konstituzioan ere. Oliobideko isuriek Missouri ibaia kutsatuko lukete; hau da, Standing Rockeko erreserbako 8.000 biztanle baino gehiagoren ura. Ez horiena bakarrik, baita inguruetako milioika pertsonak edaten duten ura ere. Ura bakarrik ez; Missouri ibaiaren inguruko ekosistemari ere kalte egingo lioke.

Ingurumenari egiten dion kalteagatik edo siux tribuari egiten dionarengatik egin duzu bat oliobidearen aurkako borrokarekin?

Biengatik. Arrazoi asko daude kontra egiteko. Ez dugu bat egiten oliobideak sustatzen duen bizi ereduarekin. Bestalde, tribu indigenekin auzi bat ere bada: beren lurrak defendatzeko eskubidea dute. Hasiera batean, oliobidea Bismarck [Ipar Dakota] hirian egiteko asmoa zegoen, baina bertako biztanleak kexu agertu zirenean atzera bota zuten. Kexatu ziren haiek ez ziren indigenak, eta ez zitzaien asko kostatu proiektua gelditzea. Standing Rocken, aldiz, erresistentzia handia izan bada ere, errepresioa gogortu eta, pixkanaka, indigenen lurretan eraiki dute. Ilegalki eraiki, gainera; AEBetako Konstituzioa urratzen du proiektuak.

Zergatik da konstituzioaren aurkakoa?

Indigenek lurren gaineko hainbat eskubide onartuak dituzte, itun bidez. Itun horiek lurren eskubideen inguruko edozein legeren gainetik daude. Ipar Dakotako Gobernuak eta Dakota Access proiektuaren atzean dauden enpresek ez dituzte errespetatu indigenen lurrak babesteko orain dela urte asko sinatutako itunak.

Arazoa piztu zenean, zure ibilbide musikala alboratu eta protestetan buru-belarri jarri zinen. Ez zenuen posible ikusten bi gauzak batera egitea?

Ezeren gainetik, musikaria naiz, eta horixe dut gustuko, baina, momentu hartan, musika albo batera utzi, eta oliobidearen auzian jarri nituen indarrak. Hainbat hip hop musikari geunden kanpalekuan, eta, abenduan, kanpalekua husteko agindu zutenean, elkartu eta bira bat egitea erabaki genuen Wake Up The World Tour izenarekin. Kontzertuak eman, gure esperientziaren berri eman eta eztabaidarako espazioak sortu nahi genituen.

Zergatik orduan, eta ez lehenago?

Jendeak kanpalekua utzi zuenean, hedabideek ere utzi egin zuten. Mediatikoki isildu egin gintuzten, eta bertan gertatzen ari zena zabaltzeko modurik ez genuen. Gure birarekin, jazotzen ari zenaren berri eman nahi genuen.

Kanpalekuan bizitakoa zure musikara eramango duzu?

Oliobidea geratzeko indar handia jarri dut, eta horrek hausnarketarako bide eman dit. Nire musika erresistentziarako musikatzat jotzen dut. Hala ere, ez da nire asmoa herri mugimenduak nire ibilbide musikala bultzatzeko aprobetxatzea. Gogoz nago hausnarketa horiek nire abestietara eramateko. Badira tribu indigenen mugimenduak beren onura propiorako erabili nahi dituzten artistak. Nik ez dut nahi halakorik; oso ikuspuntu oportunista litzateke.

Zure musika ibilbidea eta aktibismo soziala elkar loturik doaz, beraz.

Beharrezkoa da niretzat biak lotzea. Europan zehar egiten ari garen bira honekin eta aurrez egin ditugunekin, lortu dut bi gauzen arteko elkargunea topatzea, eta aktibismoa eta musika gauza bakar moduan ulertzea. Horrek asko pozten nau. Lehen, asko bereizten bainituen. Niretzat hain garrantzitsuak diren bi gauza horien arteko zubia topatu nahi nuen, eta orain konturatu naiz lortu dudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.