ATZEKOZ AURRERA. Juan Diego Valera. Argazkilaria

«Gure gauzak egiteko, editore izatera jolasten garen hiru lagun gara»

Ca l'Isidret argitaletxe independentea sortu eta han lan egiteak argazkilaritza ulertzeko modua aldatu dio Valerari. Kliskatu aurretik, ideia bat garatzen denbora gehiago pasatzen du orain.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Juan Diego Valeraren (Cordoba, Argentina, 1976) lana ez da «argazkilaritzaren kanon komertzialetan sartzen». Hala dio egileak. Argazkilaritza ulertzeko modu bera duten beste bi lagunekin, Ca l'Isidret argitaletxe independentea dauka martxan. Donostian izan zen joan den larunbatean, San Telmo museoan, Argazki-liburuen Nazioarteko Egunaren harira.

Ez da bitxia argazki-liburuek nazioarteko egun bat izatea?

Ni ere harritu ninduen, asko. Galeria batean nengoela esan zidaten: «Gaur Argazki-liburuen Nazioarteko Eguna da». Barkatu? Ideiarik ere ez, baina bueno...

Sarean dena aurki daitekeen garaiotan, arrakastarik badute?

Ekoizpenak gaina hartu dio eskaerari. Boom bat egon da, moda bat, eta kantitateak gaina hartu dio kalitateari. Oso ezberdina da gu hasi ginenetik; lehen, oso konplikatua zen argazki-liburuena aurrera ateratzea, eta jendea ez zen animatzen; gero, kolpean, leherketa bat egon zen. Gure garaian ezinezkoa zenez baliabide faltagatik, baizik eta argitaletxeen filosofiagatik eta abar.

Hori aldatzeko sortu zenutenCa l'Isidret?

Modu naturalean sortu genuen; elkar ezagutzen genuen hiru argazkilari ginen [Aleix Plademunt, Roger Guaus eta Valera]. Argentinara nindoala familia bisitatzera, nirekin joateko esan nien, eta lan bat egin genuen, 2010ean: Movimientos de Suelo. Baina huts eginiko proiektu bat izan zen. Orduan esan genuen: «Zergatik ez erakutsi huts egin duen ekintza bat?» Hortik aurrera, Ca l'Isidreten elkartzen hasi ginen, Rogerren etxean, Penedesen [Herrialde Katalanak].

Editore roletik ezberdin ikusten da argazkilaritza?

Ez gara editoreak: gure gauzak egiteko, editore izatera jolasten garen hiru lagun gara. Argazkilari gisa ditugun balioak guztiaren aurretik jartzen ditugu. Pertsonalki, taldean lan egiteak guztiz aldatu du argazkilaritza ulertzeko nire modua.

Kaotikotzat duzu zeure burua. Nolatan barneratu zinen mundu honetan?

Arte Ederrak ikasi nituen, eta pintura eta marrazketa alde batera utzi nituen argazkilaritzarekin geratzeko. Kostatzen zaizkidan gauzekin ez naiz konstantea, eta argazkilaritzak lortzen zuen denbora gutxian nik nahi nituen emaitzak izatea. Azkenaldian, argazkiak ateratzen ari naiz hunkitzen nauenari; nire bizi erritmoa adierazten da nire lanean. Orain, beste ezinegon batzuk ditut.

Zeintzuk?

Orain arte beti egin izan dut eta gero pentsatu; orain, denbora gehiago ematen dut ideia bat garatzen, eta, gero, gauzatu egiten dut.

Zergatik aldaketa hori?

Heldu egitearen ondorioz, nik uste. Bakoitzaren bizi erritmoak forma ezberdinak hartzen ditu haziz joan ahala. Batzuetan zarata handiagoa dago, eta beste batzuetan isiltasuna bilatzen duzu irudian.

Diente de chucho (Txakurraren hortza) lanerako, 28 egun eman zenituen Guatemalan, argazkiekiko etengabeko obsesioan. Benetan ondo pasatu zenuen?

Oso bortitza izan zen. Deitu ninduten esanez aukeratua izan nintzela Iberoamerikara joateko lan bat egitera. Guatemala ederra da, baina, era berean, barne gerra oso indartsu bat dago. Han, gizon batek ni nengoen tokia zaintzen zuen, eta asko agobiatu nintzen. Esan nien: «Nahikoa da, bakarrik utzi, lan egin nahi dut eta». Sentitu nuen pixka bat galduta nengoela, eta maila ez ematearen beldurraren aurrean, argazkiak ateratzen aritu nintzen masiboki, etenik gabe.

Momentu txar batetik atera daiteke argazkirik onena?

Niri kostatzen zait denbora jakin batean zerbaitetan kontzentratzea, eta argazkilaritzak eman dit nire bizitzan ordena hori. Guatemalan bizi izan nuen intentsitate horretan, indarra atera nuen ikusten nuen guztia irensteko, eta ez dakit nire onena zen, baina pentsatzen dut zerbait positiboa atera ahal izan nuela, bai.

Zuri-beltza ala kolorea?

Daltonikoa naizenez, nire obra zuri-beltzean eta koloretan kliskatzen dut. Beti nahi izan dut dena bete, eta bi kamerarekin noa. Dena pelikulan egina dago, ez digitalean, patrikako kamera txikiekin. Orain, digitalera pasatu naiz, diruagatik, eta nik ere ordena bat izateko.

Zure lana ausarta eta probokatzailea dela esan izan dute. Mugarik jartzen diozu zeure buruari?

Aurreiritziak daude irudia tratatzeko modu bakarra duen jendearen partetik, baina espresio bideak libre utzi behar dira. Nire mugak lanak eskatzen dituen gauzekin lotuta daude; adibidez, Diente de chucho lanean eskatu behar izan nituen irudi eskubideak. Batek denborarekin esan zidan: «Ezkondu naiz, eta senarrak ez du nahi argazki horiek egotea hor zintzilik». Biluzi bat zen, besterik ez, hondartzara topless egitera joatea bezala...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.