ATZEKOZ AURRERA. Durk Gorter. Soziologoa eta ikerlaria

«Denon inplikazio handiagoa behar du frisierak»

Hizkuntza gutxituekin harreman zuzena du Durk Gorterrek, frisierarekin bereziki. Politika ahulengatik eta transmisio faltagatik, galbidean da Europa ipar-mendebaldeko hizkuntza hori.

BERRIA.
Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Durk Gorterren (Ljouwert, Frisia, 1952) ama hizkuntza frisiera da. Hizkuntza gutxitua da, nederlanderak eta alemanak itzalean uzten baitute. Hizkuntzaren egoeraazalduko du, gaur, Gasteizko Hitz Adina Mintzo zikloan (19:00).

Nolakoa da frisieraren egoera?

Frisiera hiru gunetan hitz egiten da, eta toki bakoitzeko egoera desberdina da. Frisia eskualdean, esaterako, egoera ez da onena, baina okerrago ere egon zitekeen. Baina egoera geroz eta larriagoa da, eta galbidean dago frisiera. Ez dago hizkuntza politika indartsurik, eta belaunaldien arteko transmisioa galtzen ari da.

Zer dela eta?

Jarrera kontua da. Urte luzeetan, frisiera gutxietsi egin da, eta, egun, jendeak ez dio balio handirik ematen: guraso askok uste dute ez dela garrantzitsua frisiera irakastea euren haurrei, hobe dela ingelesa erakustea; beste askorentzat, soilik eskola eremura mugatzen den hizkuntza da, eta, nahiz eta jakin, egunerokoan ez dute erabiltzen. Politikariek hitz politak dituzte hizkuntzarentzat, baina ez dute frisiera indartzeko planik.

Frisierak nederlanderaren eta alemanaren moduko hizkuntza indartsuak ditu inguruan. Nola eragiten dio horrek?

Hiru hizkuntzak germanikoak dira, eta, beraz, antz handiak dituzte. Mendebaldeko frisierak nederlanderaren eragin oso gogorra du. Herbehereetan, ingelesak ere sekulako indarra hartu du azken urteetan, eta horrek tokia jan dio frisierari. Ekialdeko frisiera Alemanian hitz egiten da, eta alemanarekin diluitzen ari da. Gainera, hiztun gutxi ditu, beharbada mila ere ez dira izango, eta bakandurik dago. Oso egoera ahulean dago.

Frisierak hiru aldaera ditu, ezta?

Ekialdekoa, mendebaldekoa eta iparraldekoa. Seiehun bat mila hiztun izango gara, baina aldaeren arteko desberdintasunak oso nabarmenak dira. Mendebaldeko hiztun batek eta iparraldeko batek ez lukete elkar ulertuko. Ia-ia esan liteke hiru hizkuntza direla. Gainera, hitz egiten diren tokiak ez daude elkarrekin konektaturik. Iparraldeko frisiera Danimarka eta Alemania arteko mugan hitz egiten da; ekialdekoa, Alemaniako Saxonia Beherea eskualdean; eta mendebaldekoa, Herbehereetako Frisia eskualdean. Han du egoera onena frisierak.

Eta ez al dago egitasmorik hiru hizkuntzak bateratzeko?

Mendebaldeko frisierak badu hizkuntza estandar bat, eskualdeko dialekto desberdinak batzeko. Baina iparraldeko frisierak, esaterako, bederatzi dialekto ditu, eta ez dute estandarrik. Izan ere, denera hamar edo hamabi mila hiztun besterik ez da izango, eta horiek oso talde txikietan daude banaturik. Atomizatuta daude, eta indar gutxi dute.

Herbehereetan, frisiera ofiziala da. Nahikoa da hizkuntzak irautea bermatzeko?

Aitorpen sinboliko bat da. Ez dago benetako aitorpenik finantzaketa eta hezkuntza bermatzen duenik. Egia da nahitaezkoa dela lehen hezkuntzan frisiera irakastea, baina astean pare bat ordu soilik, eta hori ez da nahikoa hizkuntza bat ikasteko. Denon inplikazio handiagoa behar du frisierak.

Frisia eskualdearen independentziak eragin lezake inplikazio handiagoa?

Frisia eskualdean ia ez dago mugimendu independentistarik. Bakan batzuek aldarrikatzen dute, baina ez dago sarerik. Existitzen da Frisiako Alderdi Nazionalista, baina ez da haren helburuetako bat Herbehereetatik banatzea. Erabaki gehiago hartu ahal izateko autonomia handiagoa nahi dute, baina independentziarik ez. Frisiera hizkuntza babestu eta sustatzeko elkarteak ere badaude, baina ez dute indarrik.

Bereganatu nahi dituzten erabakien artean, badago hizkuntzarekin lotutakorik?

Nagusiki, eskualdeko ekonomia kontrolatzeko nahi dituzte bereganatu eskubideak, baina hizkuntza babesteko neurriak ere nahi dituzte. Nazionalistek hezkuntza eskumenak bereganatu nahi dituzte hezkuntza sistema egokitzeko eta frisiar hizkuntza eta kultura indartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.