ATZEKOZ AURRERA. Belen Gache. Poeta eta idazlea

«Hitzek jabetza finkoa balute, eskizofrenikoa litzateke mundua»

Poesia digitalean aitzindaritzat dute Gache. Hasierako garaia «zoragarria» izan zen harentzat; hutsa zegoen esparru batean, probatuz ikasi du. Lengoaiak eta hitzek erakartzen dute.

BERRIA.
Maite Alustiza.
2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Zientzia, literatura eta artea elkartu ditu Mestizajes kongresuak, Donostian. Bihar arte, hainbat hizlari ariko dira; haien artean, Belen Gachepoeta eta idazlea (Buenos Aires, 1960). Literatura digitalaz hitz egingo du, gaur, 18:00etan, San Telmon.

Zer da poesia zuretzat?

Arma bat, gauzak nik nahi bezala esan ahal izateko. Albisteen eta finkatuta dauden gizarte diskurtsoen aldean, poesia lengoaiaz jabetzen da, eta harekin beste zerbait egin daiteke: distantzia kritiko batetik landu, egiturak apurtu...

Nola deskubritu zenuen?

Lengoaiarekin eta hitzekin, jendeak normalean erabiltzen duenetik ezberdina den zerbait egiteko beharra nuen. Nerabe nintzenetik izan dut behar hori. Nire etxea beti egon da liburuz beteta, hitzez inguratuta bizi nintzen, baina gehienbat behar horrek bultzatu ninduen.

1990eko hamarkadan, poesia digitalean hasi zinen; aitzindaritzat zauzkate. Nola sentitu zinen mundu ezezagun horretan?

Oso interesgarria izan zen. Ordenagailu bat zegoen nire etxean, Amiga 500 bat, eta han idazten hasi nintzen; hain justu, nire lehen nobela harekin idatzi nuen. Pentsa, garai hartan monitorea telebista zen. Niretzat jostailu berri bat zen; zoragarria zen hitzei mugimenduak, irudiak eta soinuak jarri ahal izatea. Urteen poderioz, estandarizatuz joan da, eta programak eginagoak datoz. Baina garai hartan hutsa zen dena; zure erara molda dezakezun buztina edukitzea bezala zen.

Esperimentatuz ikasi zenuen?

Bai, bai. Hainbeste motibatzen ninduen, ikasi egiten bainuen. Nik ideiak neuzkan, eta gauzatuz joaten nintzen. Egia da momentu jakin batetik aurrera dezente zailtzen zitzaizkidala gauzak; programa batzuk erabiltzen badakit, baina gauza konplexuagoetan sartzean, errealitate areagotuan adibidez, programatzaile baten beharra dut, aholkatzeko edo zuzenean programatzeko. Errealitate areagotuarena, esaterako, garai hartan pentsaezina zen. Magikoa izan zen.

1995ean, Fin del mundo net art ataria sortu zenuten. Zuzendarikide izan zinen hamar urtez. Zer egosi zen espazio horretan?

Oso aberasgarria izan zen, aitzindaria. Musika arloko jendea zegoen; bideoa zegoen, dantza, literatura... Zerotik hasi ginen, ez zegoen koderik, eta bakoitzak nahi zuen lekutik egiten zuen aurrera. Baina gauza digitalak, ez badituzu eguneratzen, lineatik doaz, eta existituko ez balira bezala da. Guk hasieratik genuen hori kontserbatzeko ideia, eta, denborarekin, gero eta baliotsuagoa da egin zenaren erregistro bat geratzea. Hainbeste aldatu dira gauzak... Oso zaila da ulertzea, batik bat jende gaztearentzat, nolakoa zen garai hori eta zein zoragarria zen parean aurkitzen zenuen guztia.

Poesiatik urrun dagoen jendea erakar dezake arte digitalak?

Ez nuke esango. Baliteke batzuk baietz, baina uste dut jendea iritsi behar den tokira iristen dela. Ezinezkoa da aurretik interesik ez baduzu horra heltzea. Egia da arte garaikidean zureganatu beharreko kode batzuk daudela, ez da kolpean begiratu eta ulertzen, baina horretara konektatuko zaituen zerbait izan behar duzu barruan.

Hitzak saldu eta erosteko Word Market da zure proiektuetako bat. Nolakoa litzateke mundua norbera bere hitzen jabe balitz?

Hitzek jabetza finkoa balute, eskizofrenikoa litzateke mundua. Hitzak beti dira libreak, hitzek eurek hitz egiten dute. John Cagek zioen bezala, bazen jendea disko bat erosten zuena eta pentsatzen zuena musika erosten zuela.

Radikal Karaoke gailuan diskurtsoak ematen jarri dituzu erabiltzaileak, politikariak balira bezala. Zuk diozun «gizarte zonbi» horri egindako kritika bat da?

Beti nago entzuten jendeak nola erabiltzen duen lengoaia, eta beti eman izan dit atentzioa, unibertsitatean eta politikariak entzutean, ezer esan gabe hitz egitearen arteak; hitz egin, errepikatu, argudio bat dutela diruditen gauzak entzun, eta bukatutakoan, esan: «Baina zer esan du? Ez du-eta ezer esan!».

Mestizajes kongresuak literatura eta zientzia batu ditu. Zer ekarpen egiten dio batak besteari?

Kongresua oso garrantzitsua da iritziak trukatzeko zientziatik, fisikatik eta matematikatik datorren jendearekin. Teoria literarioan interes handia dago kaosaren teoria berrien eta abarren inguruan, gero literaturako ikerketei aplikatzeko.

Literatura digitalaz hitz egitean, garrantzitsutzat duzu narratiba ez-linealaren agerpena. Zer garrantzi dauka literaturaren historian?

Erreferentziatzat hartuz gero literatura lineala, errealista eta kronologikoa, XX. mende erdialdean hasi ziren tramak mila modutara sortzen: autogogoetak, bidegurutzeak, labirintoak... Ez dira berriak; literaturaren historian halako asko egon dira, baina, gaur egun, teknologiak berriro ekarri du modua horietako asko praktikara eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.