ATZEKOZ AURRERA. Beatriz Fernandez. Sintaxilaria

«Hizkuntza aztertzeak desafioak sortzen dizkio norberari»

«Hizkuntzetan zaletzeko abagunea» eman nahi die gazteei Fernandezek, euskarari eta oro har hizkuntzari buruz argitaratu duen lanean. Kateatu daitezen, «ondo jositako amaraun bat» osatu du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2017ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Jon semearengan pentsatuta, hizkuntzaren inguruko gogoeta bat egin du Beatriz Fernandez sintaxilari eta EHUko Hizkuntzalaritza irakasleak (Portugalete, Bizkaia, 1964). Euskara eta hizkuntzari buruz, hizketan semearekin argitaratu berri du, Erein argitaletxearekin. Antton Olariaga izan du irudigile.

Surflari bat Lego pieza baten gainean dabil, liburuaren azalean. Zer ikusi du horrek hizkuntzarekin?

Etxeko gaztea, semea, surflaria da, surfzale porrokatua; eta liburuan, surfaz ere hitz egiten dut tarteka. Legozalea ere bada. Esango nuke hor hizkuntza Lego bat dela, metaforikoki, behintzat. Sorkuntza prozesua Anttonek esplikatuko liguke hobeto, baina hori da muinean.

Ikasle trebeenek zientziak aukeratzen omen dituzte, eta gainerakoek, letrak. Uste hori ez da oraindik gainditu?

Ikasle trebeenak zientzien adarrean daudela nahiko uste zabaldua da. Ni letretakoa izan nintzen; egia esan, ez geneukan fama onik, eta, ikusten dudanez, orain ere ez daukagu. Hizkuntza aztertzeari alferrikako deritzote batzuek, eta beste batzuek, aspergarri. Batxilergoa beharbada ez da garai onena esperimentaziorako, gure ikasleek selektibitatea edo baxoa dutelako gero, baina egin behar da. Irakasleek ere badaukate nahikoa bere ikasleak portu onera eramateko ahalegin horretan.

Hizkuntza aztertzea miresgarria da zuretzat: berriak sortzen dira, nahasturak edo pidginak egin, hizkuntzak galdu... Zer da gehien erakartzen zaituena?

Ni sintaxilaria naiz, eta egia da sintaxia ez dela gustu guztietarako. Sintaxian ere zaletu ditzakezu gazteak, baina badaude beste hainbat alderdi zoragarri: haurrak nola jabetzen diren hizkuntzaz, zer gertatzen den haien garunean; edo, adibidez, hizkuntzaren sorreraz, tximinoek hitz egin dezaketen edo ez, eta ezin badute hitz egin, zergatik... Pidginarena ere zoragarria da; dokumentatutako kasuak dira. Hizkuntzarekin zenbat gai jorratu daitezkeen... Etxeko gaztea ez da hizkuntzalaria izango, ziur nago; gazte asko ere ez, baina gutxienez beharbada estima handiagoa izango diote hizkuntzak aztertzeari, orain arteko irakaskuntza sistemak eskaini diena baino. Hizkuntza aztertzeak desafioak sortzen dizkio norberari.

Liburuan azaldu duzu hizkuntzek eraikinetik asko dutela, eta haien diseinua eta ederra irakatsiko zenizkiela gazteei. Nola?

Arkitekto batek berak sortzen ditu diseinuak, baina hizkuntzalariok ezin dugu hizkuntzaren diseinua sortu. Guk egin behar duguna da diseinu hori zein den igarri, eta horren zailtasunak aztertu. Gramatikak Lego hori eraikitzeko jarraibideak eskaintzen dizkigu.

Gazteei idatzi diezu, zuzenean haiei hitz eginez. Nola egin duzu haiek katea daitezen?

Abiapuntua semea da, noski, eta semearen gustuak, gazte askorenak direnak. Rockzale amorratua da, eta rocka entzun eta entzun jardun nuen urte oso batean, aukeratzeko ea zer kantu eta zein banda aukeratuko nuen! Nik esango nuke haiengana hurbiltzeko modu bat dela haiei entzutea, zer gustatzen zaien. Horietatik abiatzea izan dut estrategia, ez dezaten liburua alde batera utz. Batez ere adin honetako [18 urte] gazteen kasuan, beharrezkoa da. Badaude literatura erreferentziak, zinema, arkitektura, boxeoa... Ondo jositako amarauna da, eskapa ez daitezen.

Semeak irakurri al du?

Bai. Asko gustatu zaizkio, esango nuke nik, bere amaren testuak baino gehiago, Anttonen irudiak. Beste pare bat gazte ere badira irakurri dutenak, eta adinagokoek ere bai.

Diozunez, ez da gauza bera zure belaunaldikoek euskara batuarekin duten harremana eta egungo gazteek dutena. Zer aldatu da?

Unibertsitatean oso talde handiak ditut; Euskal Herri txiki bat da, denetariko sorterriak dituzten ikasleak batzen dira. Batzuk badira tokian tokiko hizkera dutenak; eta beste batzuek, beharbada, ez dute berezko hizkerarik. Hor ikusi dut, batez ere hizkera dutenen kasuan, ez nuke esango arbuioa, baina euskara batuarekin badute halako amodio-gorroto harreman arraro samar bat. Hizkerari eutsi nahia eta norberaren hizkeraren aldarrikapen hori hizkera nazionalaren kaltetan ikusten dut. Egia da badagoela belaunaldi aldaketa bat. Estandarra badaukagu, beharrezkoa dugu, baina horrek ez du esan nahi hizkerek ere euren lekua ezin dutenik izan. Kontua da hizkerak non agertu; gangsterrak batuan hitz egiten, bada, ez. Gero, beste kasu batzuetan ikusten dut euskaltzain bat daramatela bihotzean; hau da: «Hertsiki lotzen ez zaiona arautegiari, akabatu dezagun». Baina egia da gazteek beharbada ez daukatela euskara batua sortu zutenen beharra eta grina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.