ATZEKOZ AURRERA. Kerri Lesh. Ikerlaria

«Etiketetan euskara asko erabiltzen dute ekoizle txikiek»

Zenbait produkturen etiketetako hizkuntzen hautua eta funtzioa ikertzen ari da Lesh. Identitatearekin lotuta dauden produktuetan, esaterako, euskara gehiago erabiltzen dela dio.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Urtarrilaz geroztik dago Euskal Herrian Kerri Lesh (Kansas, AEB, 1981). Euskaraz ikasten ari da, baina doktoretza tesia egiteko etorri zen Euskal Herrira. Edarien etiketetan hizkuntza gutxituak nola erabiltzen diren ikertzen ari da, eta, Euskal Herriko kasuan, euskararen presentzia aztertzen ari da.

Nolatan hasi zinen etiketei buruzko ikerketa egiten?

Nevadako euskal gaien institutuan irakasle naiz, eta badaukat obsesio txiki bat txakolinarekin: asko gustatzen zait. Soziolinguistika arloan lan egiten dut, eta esan zidaten ea zergatik ez nituen bi arloak lotzen. Europa iparraldean badago talde bat hizkuntza gutxituak eta etiketak ikertzen dituena, eta hortik hasi nintzen ikerketa egiten. Txakolinarekin hasi nintzen, eta Arabako Errioxako ardoarekin jarraitu nuen. Azkenean, esneen etiketekin eta etxeko garagardoekin jarraitu nuen.

Eta zein ondorio atera duzu?

Marketin ikuspegitik zerbait berezia da, hemen ingelesa asko erabiltzen delako, baina baita euskara ere.

Eta gaztelera?

Asko dago euskaraz. Egia da garagardo marka handiek gaztelera erabiltzen dutela oro har, baina ekoizle txikiek euskara asko erabiltzen dute etiketetan. Txakolina edo beste produktu asko identitatearekin lotuta daude, eta, etxeko produktua denean, euskara asko erabiltzen da. Baina kanpora joaten direnean sustapen hori nola aldatzen den ikusi nahi dut. Ingelesa erabiltzen da kanpora joateko, baina aukera bat ere bada zure hizkuntza erabiltzeko. Esaterako, txakolin botila bat bertso eta guzti salduko dute AEBetan. Eta hori interesgarria da.

Baina etiketa batek informatu ere egin beharko du, ala?

Bai, baina ez hainbeste. AEBetan asko interesatzen zaie produktua nongoa den dioen mapa bat egotea.

Alegia, etiketetan erabiltzen den hizkuntza berezitasun gisa erabiltzen dela gehiago?

Akaso bai. Esnearekin, adibidez, lotura sentimental bat dago. Sagardoaren inguruko kongresu batean egon naiz, eta han asko hitz egiten zuten identitateari buruz. Ekoizle askok ez dute hori galdu nahi, eta, horretarako, hizkuntza erabiltzen dute. Laguntzen du bereizteko.

Etiketetako informazioa oro har irakurtzen ez den irudipena badago. Horrela da?

Nik uste dut irakurtzen dela. Jendeak ez du nahi maila industrializatu batean ekoitzitako produkturik; zerbait ezberdina nahi du. Badaude hitz erakargarri batzuk euskaraz, eta nik uste dut hori badela sustatzeko modu bat.

Edarien etiketetako hizkuntza hautua aztertu duzu. Ardo eta txakolin asko probatu behar izan duzu orduan?

Bai, asko. Nik uste dut ondo aukeratu dudala gaia [barreak]. Zenbait sagardotegi eta txakolindegitara joan naiz bertako ekoizpenak aztertzera, eta baita kontsumitzaileengana ere. Esaterako, Bilboko txokoetan egin ditut elkarrizketak, eta bertan Errioxako ardoa nahi dute. Produktu batzuk nondik datozen ardura die, baina ardoa Errioxakoa eskatzen dute, eta ez Arabako Errioxakoa. Bereizketa bat ikusi dut hor.

Zein produktutan erabiltzen da euskara gehiago?

Esnean, eta, gero, sagardoan. Eta hori interesgarria da, kanpora esportatu nahi denean zein hizkuntza erabiltzen den, eta horietan euskara asko dago. Egia da zaila dela etiketa ezberdinak egin eta bakoitzak bere helmuga izatea.

Eremu geografikoak eragiten du?

Bai, uste dut Iparraldean ikurrin asko daudela, eta folklorikoagoa dela. Baina ezberdintasun hori ikertu beharrekoa da, jendeak zer kontsumitzen duen eta hizkuntza hori nola bizi duen. Eta ikusi behar da zer alde dagoen Hego eta Ipar Euskal Herriko marketinean, iruditzen baitzait hizkuntza bizitzeko modu ezberdina dagoela. Nik, esaterako, beste modu batean ikusten dut orain hizkuntza gutxituan bizi den jendea. Lehen ez nuen ikuspegi hori, eta ikuspegi antropologiko batetik garrantzitsua iruditzen zait ikustea jende askori zer frustrazio eragiten dizkion batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.