ATZEKOZ AURRERA. Ramon Eguren eta Roberto Gil. Igerilariak

«Askorentzat, esperantza eta autoestimua gara»

Vicente Ferrer GKEak 19.000 euro behar ditu. Brazadas Solidariaseko igerilariek lagunduko diete dirua biltzen, alor soziala eta solidarioa gehiago zaintzen baitute lehiakortasuna baino.

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Gasteizek ez du itsasorik, baina igerilari finak ditu. Horietako bi dira Ramon Eguren (Gasteiz, 1968) eta Roberto Gil (Gasteiz, 1957). Gibraltarko itsasartea igerian gurutzatuko dute urrian, Luis Usatorreren eta Mikel Etxaberen konpainian, Indiako landa eremuko Anantapur hirian edateko ura izan dezaten.

Nola lagunduko diete Gasteizko lau mutilek Gibraltarko itsasartean igeri Indiako biztanleei?

ROBERTO GIL: Vicente Ferrer gobernuz kanpoko erakundeak aspalditik egiten du lan Indiako landa eremuko biztanleei laguntzen. Haiekin lotuta dago Brazadas Solidarias izeneko elkarte bat. Igeriketari lotutako ekitaldi ugari antolatzen ditu, guztiak helburu solidario batekin. Oraingoan, Gibraltarko itsasartea gurutzatuko dugu, Vicente Ferrer erakundeak Anantapur hirian ur edangarria izateko instalazioak eraikitzeko dirua biltzeko.

Zer da Brazadas Solidarias?

RAMON EGUREN: Irabazi asmorik gabeko erakunde solidario bat da. Christian Jongeneel igerilariak sortu zuen, igeriketari lotutako ekintzen bidez Vicente Ferrer GKEaren proiektuak ezagutarazi eta finantzatzen laguntzeko. Elkarteak ez du mentalitate lehiakorrik, gehiago zaintzen baita alor sozial eta solidarioa.

Beraz, ez da lehen aldia Brazadas Solidarias erakundeak ekintza altruistak antolatzen dituena.

R.G.: Ez, aurretik egin izan ditu halako erronkak. Adibidez, Jongeneelek Manhattan uharteari bi itzuli eman zizkion Indiako hiesdunei laguntzeko.

R.E.: Igandean, Mendizorrotzako igerilekuan, errelebo lasterketa bat antolatu genuen. 3.700 euro bildu genituen, eta 400 kilo jaki, Arabako Elikagaien Bankurako. Baina guri dagokigunez, lehendabiziko aldia izango da horren ekintza luzean parte hartzen duguna.

Nondik datorkizue besteei laguntzeko borondatea?

R.E.: Ingurukoek itsasten dizute. Oso giro lagunkoia sortzen da Brazadas Solidariasen topaketetan, eta harrapatuta gelditzen zara. Geroz eta lagun gehiagok osatzen dugu Arabako talde hori.

R.G.: Asko eskertzen diegu lagundu digutenei. Jendea oso eskuzabala izan da gurekin, eta denak egon dira laguntzeko prest. Harritu egin gaitu, onerako.

Kirola tresna egokia da balio solidarioak zabaltzeko?

R.E.: Noski. Brazadas Solidariasek antolatzen dituen topaketetan ez dagoenez lehiakortasunik, giro lagunkoiago bat egoten da. Asko gogobetetzen zaitu, eta irabaztean baino hobeto sentiarazten zaitu.

Uretan zaudetenean, bakarrik sentitzen zarete?

R.G.: Ez. Mugimenduak errepikatuak izanik eta arnasa erritmoan hartuta, zen egoeran sartzen zara. Baina badakigu jende asko dugula atzetik, eta jende askorentzat esperantza eta autoestimua garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.