ATZEKOZ AURRERA. Amina Sboui. Tunisiako LGTBI ekintzailea

«Ezin ditugu gazte gehiago galdu lege eta tradizio ergelen erruz»

Sbouik dio Tunisian LGTBI mugimenduak lan handia duela egiteko. Mendebaldearen presioa ezinbestekotzat jo du, baina Tunisiako mugimenduak babesteko, ez jokabide ereduak inposatzeko.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Tunisiako hainbat erakunde feministatan eta LGTBI eskubideen aldekotan parte hartu du Amina Sbouik (Gafsa, Tunisia, 1994). Femen erakundean zegoenean egin zen ezagun. Hala ere, erakunde hori utzi zuen, elkartea «islamaren aurkakoa» zela salatu ostean. 2013an espetxeratu zuten pintaketa batengatik, eta, hilabete batzuk preso egon ostean, Parisera joatea erabaki zuen. 2016an itzuli zen Tunisiara. Orain, Bilbon dago, Zinegoak zikloak gonbidatuta.

Zein da LGTBI komunitatearen egoera Tunisian?

Konplikatua da. Beste herrialde batzuetan baino hobeto gaude, baina arazoak ere baditugu. Homosexualitatea legez kanpokoa da, eta kartzelatua izan zaitezke. Horrez gain, gizartean bazterkeria handia dago, bereziki familien barruan. Lan handia egin egiten ari gara egoera irauli ahal izateko. Espero dut bazterkeria eta jazarpen judiziala laster bukatzea. Ezin ditugu galdu gazte gehiago lege eta tradizio ergelen erruz.

2014ko konstituzioarekin hobetu da egoera?

Emakumeen egoerak hoberantz egin du. Hainbat adibide daude: Orain gutxi, gobernuak onartu du emakume tunisiarrak gizonez-musulmanekin ezkontzea. Emakumearen aurkako biolentzia baimentzen zuten hogeita bost lege ere kendu dituzte. LGTBI komunitatearen eskubideei dagokienez, okerrera egin du egoerak.

Zergatik egin du okerrera?

Okerrera egin du eztabaida erdigunera eramatea lortu dugulako, eta horrek politikari, erlijioso eta gizarteko zenbait sektoreren haserrea eragin duelako.

Nola egin aurre jazarpenari?

Bakoitzak bere moduak ditu. Egun, lau elkarte ari dira LGTBI komunitatearen eskubideen alde lanean, eta bakoitzak bere bidea hartu du.

Facebooken biluzik agertu zinen. Biluzteak lortu du ezer aldatzea?

Argazkiaren aurretik, inork ez zuen hitz egiten Tunisiako feminismoaz. Ostean, Mendebaldeko hedabide guztietan agertu zen, eta hori gertatzen denean, tokiko gobernuek ezin dute beste alde batera begiratu. Diru laguntzak Mendebaldetik jasotzen dituzte, beraz, ezin dute eskubiderik urratu begira dituztenean. Argazkia hedabideetara heltzeak lagundu zuen.

Mendebaldearen presioa ezinbestekoa da?

Tokiko gobernuak zerbait gaizki egiten ari direnean, eta Mendebaldeak gelditzeko esaten dienean, men egitea beste aukerarik ez dute.

Mendebaldetik abiatutako kanpainetan, ordea, ezjakintasuna eta islamaren aurkako jarrerak nagusitzen dira, sarritan.

Mendebaldeko ekintzaile ugarik uste dute beren herrialdetan garaipenak lortu dituztelako ahalmena dutela guri erakusteko nola jokatu behar dugun. Nagusitasun jarrera horrek arrazakeria ezkutatzen du. Arazoa ez da erlijiosoa, kulturala baizik. Beti diot feminismoak eta LGTBI mugimenduak etsai bera dutela: gizarte patriarkala. Mendekotasun harreman hori Europan ere badago, baina, islama erabiltzen dute aitzakia gisa, beren burua islatuta ez ikusteko.

Ezin da ezarri, beraz, Europako ikuspegi bera.

Ez, baldintzak ezberdinak direlako. Europan homosexualak zigortzen zituzten garaiko baldintzak eta Tunisiako egungoak ez dira berdinak. Mendebaldeko mugimenduak inspirazio iturri izan daitezke, baina inoiz ez jarraibide. Mendebaldeko ekintzaileek babestu egin behar gaituzte, ez agindu zer egin behar dugun.

Erbestean zinela nabaritu zenuen nagusikeria hori?

Frantzian nintzela, sarritan etortzen zitzaizkidan irakasgaiak ematera. Barkatu, baina ez duzue ezagutzen nire herrialdea, ez zarete han izan eta ez dakizue nola funtzionatzen duen gizarteak. Are gehiago, ni naiz arriskatzen dena. Zerbait oker ateratzen bada, ni joango naiz kartzelara, ez zu.

Horregatik itzuli zinen Tunisiara?

Inor ez doa borondatez erbestera.Kartzelan egon ostean, ikasketak bukatzeko aukera bakarra Frantziara joatea zen. Behin ikasketak bukatuta, itzultzea erabaki nuen. LGTBI mugimendua orduan hasi zen indarra hartzen, eta parte izan nahi nuen. Mehatxatuta nago bai, baina, normala da. Horrelakoetan parte hartu ostean, ezin nuen espero bizitza normala izatea.

Gobernua ere aurka duzu.

Ia hilero salaketaren bat jasotzen dut. Hala ere, ez nago arduratuta. Mendebaldeko hedabideetan agertu naiz, beraz, nolabait babestuta nago. Beste ekintzaile batzuen egoera larriagoa da: torturak, jipoiak, hilketak... Zurien pribilegioa dudala esan dezaket. Horregatik, lortu dudan babesa baliatu behar dut hasitakoa bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.