ATZEKOZ AURRERA. Rebeca Madurga. Musikologoa

«Musika ikuspegi aberatsa du Iruñeak»

XIX. mendean Iruñeko musika panorama oso aberatsa eta askotarikoa dela agertu du berriki defendatu duen tesian. Musikarentzat garai ona izan zela dio, eta gaur egungo egoeran eragina izan duela.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Nafarroako kontserbatorioko irakaslea da Rebeca Madurga musikologo eta doktorea (Zaragoza, Espainia, 1981). Bere tesiari buruz solasean aritu da, XIX. mendeko Iruñeko musikaren panorama aberats eta askotarikoari buruz. Joaquin Maia musikari sonatua jaio zen etxearen alboan izan da hitzordua.

Zerk bultzatu zuen Iruñeko musikaren egoera 1833 eta 1876 bitartean?

Gerra arteko garaian oreka ekonomiko eta politikoa zegoen, eta Iruñean soldadu anitz zegoen. Haiek antzokira joaten ziren, musika gaualdiak egiten zituzten... Hori bada Iruñeko bereizgarri. Kontuan hartu behar dira burgesiaren hazkundea, hazkunde demografikoa eta garai hartako udal liberalek kultura eta musika proposamen berriak babestu izana. Musikaz kanpoko hainbat baldintza izan ziren, eta, ondorioz, elkarte, ekinbide eta musikari asko sortu ziren Iruñean.

Zer musika egiten zen?

Aretoetara burgesak joan ohi zirenez, hara ailegatzen zen batik bat Europan boladan zegoena. Aretoetan jotzen zuten musikari berek bandetan jotzen zutenez, errepertorio hori asko zabaldu zen.

Aisialdi aukerak ordura arte oso mugatuak ziren, sanferminak batik bat. Zergatik egin zuten musikaren alde?

Oraindik ez zen zinema edo telebista existitzen, eta kirol zaletasuna ez zegoen zabaldurik. Garai horretan boladan zegoen elkartzea eta elkarteak sortzea. Elkartzeko modu bat kulturala zen: orfeoiak, abesbatzak... Bestalde, Iruñeko militarren bandek hiriko bestetan eta udan ere jotzen zuten. Jendeak kaleko musika maite zuen.

Musikarekin batera, dantza ere boladan zegoen?

Dantzaldiak toki askotan egiten ziren. Polka, balsa, mazurka... Europako dantza anitz boladan jarri ziren, baina baita Espainiakoak ere: zapateado, jotak, flamenkoa, cachucha... Garrantzitsua da ere Iruñean Principal antzokia eraiki zela 1841ean. Hara joatea ekitaldi soziala zen, ez soilik kulturala.

Konpainia garrantzitsuak joan ziren antzoki horretara?

Europako konpainia lirikoak Madrilera joateko Iruñetik pasatzen ziren; beraz, konpainientzat toki garrantzitsu bihurtu zen. Espainiako konpainientzat Iparraldeko Bidearen barruan zegoen Iruñea. Estreinaldiak ere egin ziren, pentsa.

Musika heziketa da loraldi horren hanka bat, ezta?

Musikariak ordura arte katedralean hezten ziren, baina, 1850ean udal musika akademia sortu zen. Musika kultura zabaltzeko urrats bat izan zen. Kaperak sei mutiko hartzen zituen soilik. Akademiak haur gehiago, tartean neskak eta haur txiroak. Beraz, bi helburu zituen: soziala eta musikarien heziketa.

Orduan zabaldu zitzaizkien ateak neskei?

Ordura arte heziketa pribatua izan zezaketen soilik. Batzuek lan ibilbidea urratu zuten, Madrilen edo Parisen ikasi edo eskola pribatuak eman. Hala ere, musika akademian 1910era arte ez ziren irakasle sartu.

Musikariek hainbat lan izan behar zituzten. Musikarien prekaritatea betidanik izan da, beraz?

Baina prekaritatearena erlatiboa da. Garai horretan musikari asko musikatik bizi zen, eta hori alde positiboa da. Baina, lanbide aniztasunera jo behar izan zuten. Postu bakarra izanda, prekarioa zen, baina, Iruñeak aukera ematen zuen musikaz bizitzeko.

Gaur egun zailagoa da?

Agian bai, baina mitotik ere badu. Nik uste badirela musikaz bizitzeko hainbat aukera.

Iruñeko Orfeoia orduan sortu zen.

150 gizon ziren orduan. Joaquin Maiarekin ikasten zutenak langileak ziren, baina bazkideen artean denetarik zegoen, baita aristokratak ere. Harrigarria da ere langile bat, ordu luzeko jardunaren ondoren, toki batera joatea kantatzen ikasteko. Gaur egun ez dakit hori gertatuko litzatekeen.

Zer eragin izan zuen horrek gerora Iruñeko musikaren egoeran?

Orduan hasi zen Iruñeak udal banda propioa izateko ideia lantzen, nahiz eta ez zen horrelakorik izan 1919ra arte, Pamplonesarekin. Bestalde, garai hartako udal akademiak jarraitu zuen, eta, egun, goi mailako jazz kontserbatorioa dugu, musikologiarekin. Nik uste dut egun Iruñean duguna hortik heldu dela.

Gaur egun mantentzen da musika eskari hori gizartean?

Ni baikorra naiz, eta uste dut Iruñeak oraindik ere musika panorama aberatsa duela. Noski, badira hutsuneak ere; opera eta musika klasikoan iduri du ikusleak geroz eta zaharragoak direla.

Prezioaren aitzakiagatik, agian?

Horretaz asko eztabaidatzen dut. Operan butakarik onenak 60 euro balio dezake, baina zenbat balio du futboleko sarrerak? Denbora tarte bera da, baina opera batek atzean duen lana kristorena da. Gainera, doako eskaintza asko dago, adibidez civivoxetan edo elizetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.