ATZEKOZ AURRERA. Arantza Santesteban. Zinemagilea

«'Ama Lur' filmeko karga sinbolikotik libratu behar dugu oraindik»

Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukerten 'Ama Lur' filmak euskalduntasunaren ikuspegi estereotipatua eskaintzen duela uste du Santestebanek, eta ikuspegi horri aurre egin behar zaiola dio.

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Iruñeko Ikuspuntu jaialdian buru-belarri dabil azken egun hauetan Arantza Santesteban (Iruñea, 1979) zinemagilea. Euritan film laburra aurkeztu zuen asteartean Irati Gorostidirekin batera, eta Ama Lur dokumentalaren inguruko hitzaldia eskaini zuen atzo. Zintak 50 urte bete dituenean, bertako pertsonaien estereotipazioa eta maskulinitatearen gehiegizko presentzia aztertu zituen.

Zenbaterainokoa da Ama lur filmeko gizonen presentzia eta euskalduntasunaren estereotipazioa?

Nik ez dut ezer berririk aurkitu. 1968an Donostiako Zinemaldian aurkeztu zutenean, orduko egunkari batek ere aipatzen zuen zein emakume gutxi agertzen ziren pelikulan. Garai horretan, eta kontzientzia feminista beste puntu batean zegoenean.

Bere garaian mugarri bat izan zen, eta gaur egun oraindik erreferentzia ere bada...

Ikuspegi jaialdian 1968 osteko iraultzak izeneko sail bat dago, eta horietako ziklo batean esaten zen 1968ko karga gainetik kendu behar genuela. Zergatik jotzen dugu hainbeste aldiz Ama Lur-era? Ez gara libratu beharko akaso bere karga historikoaz? Nik uste dut neurri batean baietz. Ama Lur-en karga sinbolikotik libratu behar dugu oraindik, euskalduntasunaren errepresentazio horretatik. Oso mugatua, esentzialista, estereotipatua, eta karga heroiko handia duelako.

Zein zentzutan?

Gaur egun euskalduntasuna oraindik Ama Lur-en agertzen diren elementu askorekin lotzen dira: natura, landa eremua, folklorea, eta neurri handi batean gizonaren nagusitasunarekin. Beharrezkoa da berrikuspen kritiko bat egitea, aztertzeko, baita ere, nola iritsi garen paradigma kultural horretara.

Iruditeriaren sorkuntzan aita hil behar da?

Bai, hori da. Kaltetua egon ondoren, 2008an berrargitaratu zuten Ama Lur, eta horren harira emanaldi ezberdinak egin ziren. Eta horietan bazegoen halako tentazio moduko bat euskalduntasunaren lehen irudikapen eta sinbolo bezala hartzeko. 2008an. Badago begirada nostalgiko bat, eta etengabe dago bertara itzultzeko saiakera bat.

Zergatik izan daiteke?

Oso konplexua delako euskalduntasuna zer den eta zer ez azaltzea. Asko zaildu zaigu errepresentazio modu inklusiboak egitea, eta zailtasun horren aurrean iraganerako ariketa nostalgiko bat egiten da.

Euritan film laburra aurkeztu duzue Ikuspuntu jaialdian. Itxaro Borda 1985ean idatzi zuen ipuin baten aurrean jarri duzue, bere berrinterpretazioa egiteko. Harreman periferikoa berrikusteko. Zerbait aldatu da?

Bai. Itxaro Borda bezalako erreferentzia gehiago bazeuden ez direnak hain zentralak, eta ez ditugu gehiegi ezagutzen. Baina hegemonia kultural berri horren barruan gaitegi ezberdinak proposatzen zituzten, neurri handi batean fikziotik. 1985eko ipuin horretan Bordak euskal literaturako lehen eszena lesbikoa idatzi zuen. Egun, seguruaski erreferentzia gehiago daude, baina hortik gatoz, erreferentzia maskulino eta heterosexualetik. Arrakalak badaude, ordea, eta polita da hori aztertzea.

Periferikoak diren ahotsak indarra irabazten ari dira?

Elkarrekin bizi dira errelato ezberdinak. Erdigunea-periferia paradigma baino gehiago, hainbat errelato daude elkar bizitzen. Erdigune berri bat egituratzen ari da, baina esango nuke ez dagoela oso egituratuta.

Zer falta zaio?

Gauzak aurreko paradigma batzuen arabera ulertzen saiatzen gara, eta sormen ekoizpenak asko aldatu dira. Errealitate berri bat egituratzen ari da, ez dakit nora doan, baina ari da sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.