ATZEKOZ AURRERA. Jaime Izquierdo Vallina. Idazlea

«Haserrea da dagoen indar eraldatzailerik handiena»

Izquierdok proposatzen du arazoei aurre egiteko eta aukera berriak sortzeko baliatzea haserrealdi batek dakarren energia; bestela, odol txarra egitea baino ez da dakar, haren iritziz.

JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Geologoa eta funtzionario publikoa da Jaime Izquierdo Vallina (Infiesto, Espainia, 1958). Administrazioaren gaurko funtzionamenduaz kritiko, loa kentzeraino hartu zion haserrealdi batek haserreaz beraz teorizatzera eraman du; «esperientzian oinarrituta, ez inolako ikerketa akademikotan». La gestión creativa del cabreo (Haserrearen sormen-kudeaketa) liburua plazaratu du, haserrearen sormenerako potentzialitateaz gogoeta eragiteko.

Haserreak eta haserreak daude...

Haserreak bizitza konplikatzen badizu, gainetik kendu behar duzu. Edonola, inoiz-inoiz ez da planteatu behar mendeku terminoetan.

Haserre indibidualaz ala kolektiboaz ari zara?

2011ko udaberrian, M-15 mugimenduaren berotan, inori ez zitzaion okurritu protesta giro hura gizartea hobetzeko proposamen bat bihur zitekeela. Aldaketa mugimenduek ondo funtzionatzen dute energia hori kanalizatzea eta positibo egitea lortzen dutenean. Frantziako Iraultza da adibiderik garbiena. Haserrea oso energia ona da gauzak konpontzeko, baina ez baduzu ondo neurtzen eta ez bazara ohartzen duen potentziaz, energia guztiz suntsitzailea da.

Stephane Hesselen Haserretu zaitezte! (Indignez-vous!, 2010) aipatzen duzu hitzaurrean. Zein lotura egiten duzu?

Hesselen eta dalai-lamaren arteko konbinazio bat da nire proposamena; ez utzi haserrealdiak zure ekintza gidatu dezan, baina, bai, haserretu zaitez.

Zerk haserretzen du gehien gaurko gizartea, zure ustetan?

Adinarekin aldatzen da. Haurtzaroan denak haserrearazten zaitu. Uste duzu mundu guztia dagoela zuk deskubritzeko; liluragarria da dena, dena probatu nahi duzu. Baina beti dago norbait zangotraba jartzen dizuna. Eta zangotraba jartzen dizu ikusteko munduak mugak dituela. Handituz joan ahala, hautatu egiten da haserrearazten zaituen hori. Bizitzako azken urteetan, lasai egon nahi duzunean, lasai ez uzteak haserrearazten zaitu. Asko interesatzen zait jende heldua haserretzea eta kalera ateratzea; horrek esan nahi du espiritu gazteari eusten diozula, nolabait. Adinarekin haserrearen ekonomia bat dago.

Nola eragiten du haserreak gizarteko harremanetan?

Bi jende mota gurutzatzen da hor: argienek badakite energia ezkor bat dela eta kontrolatu behar dutela; eta badira oso traketsak direnak haserrea kudeatzen. Den-denarekin haserretzen diren horiek bizi-kalitate benetan txarra dute.

Haserrea sortzeko baliatu behar dela diozunean, sormen kulturalaz ari zara ezinbestez?

Ez derrigor. Sortzearen graduak asko dira: Galileorena da sortzearen maila gorena, sormen zientifikoa. Baina sortzea zerbait egitea da. Izan daiteke margotzea, baina izan daiteke etxea txukuntzea, irakurle batek esan zidan moduan.

Eta nola neurtzen da energia hori?

Egia esan, ez dakit esaten. Baina behar dena da ez uztea haserrea gehiegi hozten, eta energiaren parte bat gordetzea zerbait egiteko, sortzeko.

Espeziearen iraupena haserrea kudeatzeko moduaren araberakoa izango dela diozu.

Gizateriaren aurrerapauso handienak haserrealdietatik eratorri dira. Jenioak jenio dira haserretu eta horrekin zerbait egiten asmatu zutelako. Giza espeziea haserre gradu oso handiak sortzen ari da, eta energia hori arazoak gainditzeko erabilita soilik egingo dugu aurrera. Poza eta maitasuna oso ondo daude, baina haserrea da dagoen indar eraldatzailerik handiena.

«Haserrearen pedagogia» baten beharra antzematen duzu.

Bai, gutxienez, aipatu dadila. Besterik litzateke emozio negatiboak kudeatzeko hezi izan bagintuzten. Pozak ez du heziketarik behar, gozatzen delako. Baina haserreak, bai.

Juan Jose Ibarretxerekin eta Jakoba Errekondorekin aurkeztu duzu liburua Euskal Herrian. Nolatan?

Lagunak ditut. Planarekin, ondo ernegatu zuten Ibarretxe eta berak ere ernegatu zituen. Eta Errekondo herritarren haserrea instituzioei aurre egiteko baliatzeaz aritu zen. Haserrearen kudeatzaile oso onak dira biak. Dibertigarria izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.