ATZEKOZ AURRERA. Eleonore Fourniau. Musikaria

«Herri kurdua abandonatu egin dute Europako herrialdeek»

Herri kurduaren egoerarekin nahiko ezkor dago Fourniau. Hala ere, haien erresistentziarako eta garaipenerako indarrean sinisten du.

Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

Unibertsitatea atzean utzi, eta Istanbulera jo zuen Eleonore Fourniauk (Paris, 1987), musika ikasketetan sakontzeko asmoz. Hasieran, Anatoliako musika estiloek erakarri zuten, eta egun, bere kantutegia osatzen dute kurduera, turkiera, zaza eta yezidi hizkuntzetako hainbat kantuk. Euskal Herrian izan da, Newroz kurduen Urteberri eguna ospatzen. Afrinera (Mendebaldeko Kurdistan) laguntza humanitarioa bidaltzeko kontzertu bat eman zuen Bilboko Kafe Antzokian.

Zergatik erabaki zenuen Frantzia utzi eta Turkiara joatea musika ikasteko?

Historiako ikasketak bukatu eta gero, atzerrira joateko urte sabatiko bat hartzea pentsatu nuen. Istanbul aukeratu nuen, hiri horrek amets eginarazten didalako. 2010ean joan nintzen; hasieran, turkiera eta Anatoliako musika ikasi nituen, haren aniztasun linguistikoa eta kulturala barne.

Zerk erakarri zaitu Anatoliako musikatik?

Hasieran, sazaren doinuak, gizonen ahots sarkorrak eta melisma harrigarriak.

Desberdintasun handiak daude Mendebaldeko musikaren eta Anatoliakoaren artean?

Anatolian musika jotzeko bat-batekotasun handiagoa dago. Ondare kolektiboa da, bizirik dagoena eta oso presente. Beraz, errazagoa da bat-batekotasun hori. Europan, askotan, ezagutzen ez ditudan musikariekin jo behar dut, eta haiekin Anatoliako musika jotzen dudanean, dena karratuagoa da.

Anatoliako kultura desberdinak hobeto ezagutzen lagundu dizu musikak?

Bai, noski. Musika, bizitza eta politika erabat lotuta daude, batez ere, herri kurduaz ari garenean. Abestiak bizitzaren aspektu guztietara lotuta daude, eta abestiei esker, kurduen historia, kultura, ohiturak eta hizkuntza hobeto ezagutu ditut.

Kultura kurdua erabat lotua dago egoera politikora?

Kurduen egoera politikoa haien kulturan islatzen da, zalantzarik gabe. Abesti askok aipatzen dute haien iraganeko eta gaur egungo errepresioa eta erresistentzia. Haien borrokan, musika, poesia eta abar tresna garrantzitsuak dira.

Herri kurduarekin duzun harremana lotua dago borroka politikora?

Nire harremana herri kurduarekin eta kurdueraz kantatzea ez daude erabat lotua alderdi politiko bati. Baina, egia da kurdueraz kantatzea erabakitzen den momentutik hainbat balio defendatzen direla: demokraziarena, erresistentziarena... Kurdueraz, kurduentzat eta kurduekin kantatzea alde bat aukeratzea da.

Turkian kurduen kultura oso zapaldua dago. Zaila egin zaizu musika kurdua ikastea?

2010ean, aurreko garaiekin konparatuta, garai lasaiagoa zen kurduentzat. Beraz, kultura eta musika ikastea nahiko eskuragarri zen, nahiz eta instituzio ofizialetan ez den irakasten. Baina ikastea lortu nuen. Hala ere, artista moduan, zaila da musika hori jotzea. Aretoetara ez dituzte artista kurduak eramaten.

Nola ikusten duzu oraingo egoera?

Nahiko ezkorra naiz. Europako herrialdeek herri kurdua abandonatu egin dute, nahiz eta Daexen kontrako nazioarteko barrera bakarra izan. Ez dut ezer espero Mendebaldeko potentzietatik. Hala ere, herri kurduaren antolatzeko, erresistentziarako eta garaipenerako gaitasunean sinisten dut.

Kurduerak baditu aldaerak dialektoari eta alfabetoari dagokienez. Horrek musika sortzerakoan zailagoa egiten du?

Kurdueraren sakabanaketak eta instituzionalizatuta ez izateak zailtzen dute komunikazioa, hitz egiteko moduak asko aldatzen direlako hiri batetik bestera. Musikari dagokionez, Bakurreko [Kurdistan iparraldea, Turkiako kurduen lurraldea] egungo lurraldean zentratzen naiz, aski zabala eta askotarikoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.