Noiz sortua: 2018-04-18 00:30:00

ATZEKOZ AURRERA. Laida Begiristain Apaolatza. Maizpideko zuzendaria

«Herriak asko eman dio Maizpideri beti, eta nabaritzen da hori»

Begiristainek nabarmendu du euskararen erabilera bultzatzeko plan estrategikoak behar direla; instituzioen inplikazioa eskatu du, eta ohartarazi du elkarlana «behar-beharrezkoa» dela.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Unanue Irureta -

2018ko apirilak 18

Sei hilabete daramatza Laida Begiristain Apaolatzak (Ataun, Gipuzkoa, 1983) Maizpide barnetegiko zuzendari, Lazkaon (Gipuzkoa): barnetegiak 30 urte bete ditu, eta ospatzeko pronto daude. Gaur, mahai ingurua egingo dute Euskararen indarra eta balioa izenburupean: 19:00etan izango da, Marian Bidegainekin, Andoni Egañarekin eta Garbiñe Mendizabalekin.

Jarri duzue sagardoa freskatzen?

Bai! Hozten ari da jada [barreak].

30 urte ez dira alferrik pasatzen, ezta?

Ez dira pasatzen, ez: Maizpide munduko lehenengo barnetegia da! Hala ere, eraikina 1988an estreinatu bazuten ere, egia da aurretik aitzindari asko izan zirela Lazkaon: askoz lehenago hasi ziren euskalduntze eta alfabetatze mugimendua.

Zuzendaria zara orain, baina irakaslea izan zinen aurretik, ezta?

2015-2016ko ikasturtera arte aritu nintzen irakasle, eta 2016-2017koan zuzendaritza taldean sartu nintzen, didaktikari lanetan. Iazko irailean hartu nuen zuzendari postua, baina ordurako zuzendaritzan urtebete egina nuen, eta egiten hasia nengoen ikusten ez diren atzeko lan horiek. Horrek asko erraztu dit lana, zerotik ez hasten.

Zeintzuk dira ikusten ez diren lan horiek?

Ez du ematen, baina asko dira. Badirudi irakasleak baino ez direla behar, baina barnetegia izanik, postu gehiago ere badaude: idazkariak, sukaldariak, garbitzaileak, gauzaina... Zuzendaritzan denetik egitea tokatzen zaigu: 30 langileren bueltan gara, horrek esan nahi duen guztiarekin; barneko kontuez gain, bestelako erakundeekin harremanak egitea egokitzen zaigu.

Nahiko lan baduzu, beraz...

Nahiko lan, bai. Jarraitzen dut online-ko ikasle gutxi batzuekin, baina egia da faltan sumatzen dudala eskolak ematea. Zuzendaritzako hirurak irakasleak gara, eta ordezkoren bat behar denean beti gaude prest, baina gero konturatzen gara ezin dugula hain aise utzi beste lana, kudeaketa, hori ere egin beharrekoa da eta.

Barnetegia izanik, ikasleen eta irakasleen arteko harremanak estuak izango dira, ezta?

Askoz estuagoak. Azken batean, ikasleek barnetegian sei klase ordu dituzte egunero. Horrez gain, hainbat ekintza antolatzen ditugu beraiekin: hemen bizi dira, eta elkarrekin bizi gara denok. Familia moduko bat osatzen dugu.

Eskoletan eta herrian; barnetegiak euskara ikasteko bi modu eskaintzen dizkie ikasleei, ezta?

Bai. Lazkaon egon den euskalduntze mugimenduarekin, herria irekita dago, eta asko ematen dio euskaltegiari: Maizpidek herriari eman dion bezala, herriak Maizpideri asko eman dio beti, eta hori nabaritzen da: lazkaotarrak oso ohituta daude euskara ikasten ari direnei laguntzen. Saiatzen gara ekintzak beste elkarteekin batera antolatzen, herriaren eta Maizpideren arteko lotura mantentzeko eta indartzeko.

Hain zuzen, barnetegia Lazkaoren moduko herri batean egoteak ere lagunduko die ikasleei.

Dudarik gabe, Maizpideri balio handiagoa ematen dio Lazkaon kokatuta egoteak.

Zertan dira online ikastaroak?

Batetik, 2005 inguruan hasi zen Euskara Munduan taldea: orain, Hego Amerikako ikasleak ditugu, baina Ipar Amerikakoak ere izan ditugu. Horrez gain, baditugu online ikasten duten Euskal Herriko ikasleak; baita Espainiakoak ere, edo Euskal Herrikoak, baina atzerrian bizi direnak... Banakako ikasleak 40 bat dira, eta Euskara Munduan taldekoak, 30 bat.

Nola egiten dituzue klase horiek?

Programa bat daukagu Moodle plataforman, eta maila guztietako ikastaroak dauzkagu hor, A1-etik C2-ra arte. Ikasleek, noski, mezu elektroniko bidez argi ditzakete zalantzak, eta, horrez gain, tutoretzak egiten ditugu: urrun bizi direnekin Skypez, baina Goierri inguruan bizi direnak etorri egiten dira.

Zer erronka ditu Maizpidek aurrera begira?

Daukagun erronketako bat langileena da: jende asko Maizpide sortu zenetik dago lanean, eta gutxi gelditzen zaie erretiroa hartzeko. Beraz, urte gutxian belaunaldi aldaketa bat egongo da. Bestetik, hainbatetan entzun dugu ezagutza igo egin dela, baina erabileran lan asko dago egiteko oraindik. Aurten, Euskaraldia egingo da, eta halakoak garrantzitsuak dira, baina jarraipena eta guztion inplikazioa eskatzen ditu. Guk gure partea egin dezakegu, baina euskarak plan estrategikoak behar ditu, eta beharrezkoa da erakundeak, instituzioak eta administrazioak inplikatzea: elkarlana behar-beharrezkoa da. Herriarekin duen lotura hori mantentzea eta indartzea da hirugarrena, bai herriarekin, baita beste erakunde batzuekin ere.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Murgak egoera hauskorraz ohartarazi du, 15 kutsatu gehiagoren berri emanda

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Maialen Unanue Irureta

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna