ATZEKOZ AURRERA. Alvaro Neil. Biciclown proiektuaren sortzailea

«Neure bidea topatu, eta beste pertsona bat bihurtu nintzen kasik»

Munduari bira ematea erabaki zuenetik, Neilek egunean egunekoa bizi du, datorrena datorrela onartzeko asmoz. Haren ustez, «zertarako bizi?» da nork bere buruari egin beharreko galdera.

JON URBE / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Hamahiru urtean, Alvaro Neilek (Oviedo, Espainia, 1967) munduari bira eman dio bizikleta gainean. Bizitzaren zentzua izeneko solasaldiak ematen ditu han eta hemen, Biciclown proiektua medio, eta Donostian izan zen lehengo astean. Abokatua da ikasketaz, notarioen bulego batean lan egiten zuen, dena bertan behera uztea erabaki zuen arte.

Bidaiatik etorri berritan, autokarabana bat erosi eta bidaiatzen jarraituko zenuela esan zenuen; erosi, erosi duzu.

Bai, baina autokarabana erosi nahi nuen, batik bat, bertan bizitzeko, ez bidaian jarraitzeko. Ez daukat etxerik, gurasoak hilda daude, eta, beraz, non biziko nintzen? Autokarabana eta akordeoia erosi nahi nituen, eta biak lortu ditut.

Zer moduz itzulera?

Jendeak askotan esan izan dit: «Ikusiko duzu lur hartzen duzunean! Ikusiko duzu zelako kolpea hartuko duzun!». Eta ez dute arrazoirik, nire bizitza ez baita aldatu: nomada izaten jarraitzen dut: lehen, bi gurpilen gainean, eta, orain, lauren gainean. Nire bizitza irekia da oraindik, eta halakoxea izan da bidaia; beraz, ez da ezer aldatu.

Ez zuten usteko eurena bezalakoa ez zen bide bat hartuko zenuenik.

Munduari bira ematera joan nintzenean, estralurtar bihurtu nintzen. Joan nintzenean, jendeak, gutxi asko, elkar begiratzen zuen kalean: orain, pantaila bati segika doaz. Niretzako hau mundu diferente bat da, eta lurtar horiek ulertzen saiatzen ari naiz. Solasaldietan beti dago norbait esaten didana miresten nauela: uste dut askok nahiko zuketela ezkerretara jo gehienek eskuinera hartu zuten bidegurutze horretan, nik bezala.

Zergatik utzi dena bertan behera?

Ez dago arrazoi bakar bat, eta ez dakit zein izan zen erabakigarria. Nire bizitzan gertatutako hainbat gauzarengatik nago gaur hemen; ezingo nuke bat edo beste soilik aipatu.

Hala, abokatu izatetik clown eta bidaiari izatera.

Lehenago ere aritzen nintzen clown gisa: ez zen nire ogibidea, baina gustatzen zitzaidan. Bizikleta, berriz, garraiobide inteligenteena iruditzen zait; beharbada, bizikleta hartzea izan da egin dudan gauzarik inteligenteena. Bizikleta sinplea da, baina gauza asko eman dizkit: jende asko ezagutu dut, eta osasuntsu egotea ahalbidetu dit. Gurasoek mediku izan gaitezen nahi dute, baina nork bere bidea topatzen du: nik, neurea topatu, eta beste pertsona bat bihurtu nintzen kasik.

Zenbat bizikleta txikitu dituzu?

Bada, hiru. Orain daukadana laugarrena da: Alemaniatik ekarri dut, eta Utopia izena du. Aurrekoak Karma izena zuen, eta haren gauza batzuk berrerabili ditut Utopia-n. Nortasun handikoa zen Karma. Zortzi urte iraun zuen; hiru aldiz hautsi zitzaion koadroa, eta azkenean amore eman behar izan nuen.

Pena pixka bat emango zizun.

Bueno, bidaian lotura horietatik askatzen ikasten duzu, baita etxeko ateak irekitzen dizun jendearekiko ere. Inolako oroigarririk ez erosten ere ikasten duzu, ezin dituzulako bizikletan garraiatu.

Lau garuneko malaria gainditu zenituen Afrikan...

Europarrek baino ehun aldiz gehiago lagundu naute afrikarrek. Herrialde guztietan topatu dut abegi on pixka bat, baina Afrikan abegi on asko aurkitu dut leku guztietan: hori da aldea.

Bizitzaren zentzua izena dute zure solasaldiek: ez dira hitz potoloak?

Noski. Pablo D'Ors idazle eta filosofoak esaten zuen txarrena ez dela hiltzea, baizik eta bizi izan gabe hiltzea. Nik beste zerbait erantsiko nioke: «Zertarako bizi garen jakin gabe». Lan egitea zerbait lortzeko baliabide bat baino ez da: baina zein da helburu hori? Batzuk ez dira sekula konturatzen, eta hilabete bukaeran kobratzearekin konformatzen dira. Niretzako bizitzaren zentzua orainean bizitzea da.

Inoiz lan egingo duzu berriz abokatu gisa?

Ez dut ezer baztertzen, baina zail samar ikusten dut. Saiatzen naiz diru sarrerak lortzen nire liburuen bidez, solasaldien bidez, nire webguneko ordainpeko harpidetzen bidez... Hilabetean 300 eurorekin bizi naiz: horixe da sortzen dudana, eta ez dut gehiago behar. Ez dut erretiroan pentsatzen, bihar bertan istripu bat izan dezakedalako: ongi dago etorkizunean pentsatzea, oraina baldintzatzen ez zaituen bitartean.

Hamahiru urte pasatu dituzu munduari bira ematen. Gauza bakar batekin gelditu beharko bazenu, zerekin litzateke?

Zailena erabakia hartzea izan zen, eta hartu nezakeen onena izan zen, senari jarraituta hartu nuelako; senak ez du hutsik egiten. Ez dut esango beldurrik izan ez nuenik, baina beldurra desagertu egiten da aurrez aurre begiratzen diozunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.