ATZEKOZ AURRERA. Boris Charmatz. Koreografoa

«Keinu oro bakarra da, eta egia eta gezurra da era berean»

Keinu bat egin, eta, beste bat egiterako, desagertu egiten da aurrekoa. Charmatzek 10.000 keinutan oinarritutako ikuskizun bat sortu du, horren inguruan egindako hausnarketekin.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Keinuekin dantza egin du Boris Charmatz koreografoak (Chambery, Frantzia, 1974). Zehatzago, behin ere errepikatu gabe, 10.000 keinurekin osatu du 10.000 gestes ikuskizuna. Asteburuan Arriaga antzokian eskaini zuten keinuen bidez sortutako dantza emanaldia, taula gainean hemeretzi dantzari zeudela.

Koreografia bat sortu duzu keinuetan oinarrituta. Nola lortu duzue?

Esperimentu bat izan da, eta ez nekien nola egin nezakeen. 10.000 keinu ezin ditut nik bakarrik egin; beraz, dantzariei esan nien egin zitzatela gauza txiki batzuk, eta bakoitzak ekarpen ezberdinak egin ditu. Gero, bereizten genituen politikoak edo emozioei lotutakoak, eta horrela sortu dugu emanaldia. Egunero, gainera, beste keinu bat gehitzen diogu. Prozesu oso aktiboa da.

Eta nola lortu duzue bat bera ere ez errepikatzea?

Baietz esateko hainbat modu daude. Baietz apal bat izan daiteke, edo oso beroa. Emanaldia keinuen ekaitz bat dela esan daiteke, kaos bat, azken batean. Ez ditut denak ezagutzen, baina saiatzen gara horiek ez errepikatzen.

10.000 keinu egin ditzakegu?

Baita gehiago ere! Segundo batean bat baino gehiago egin ditzakezu, eta emanaldiaren ordu erdian iristen gara kopuru horretara. Hasieran kontatzen genuen keinu bakoitza, baina edozein aurpegi aldaketa eginda, beste zerbait adierazten duzu.

Beraz, zergatik 10.000?

Labur geratzeko. Hasieran kontatzen genituen, eta bagenekien zenbat egiten genituen. Baina keinu batzuk parean dugun ikusleen arabera egiten dira, eta hori inprobisazioa bada. Beraz, kontatzeari utzi genion.

Egunerokotasunaren parte dira keinuak, baina era berean une oro desagertzen dira. Antzezlanak iraupen labur hori azaleratu nahi du?

Keinuen bilduma bat egin dugu, eta erakusketa baten gisa erakutsi. Batzuetan, erregistratu egiten dira, eta, besteetan, desagertu egiten dira. Ideia hori gustatzen zait, gauza asko gertatzen direlako. Trenean zoazenean bezala, gauza asko ikusten dituzu, baina igarotzen dira. Onartzen duzu gauza bat egin eta galtzen ahal dela, baina, era berean, memoriaren boterea daukazu, eta, akaso, gauzaren bat gogoratuko duzu, baina beste batzuk, ez.

Keinuak, desagertu, eta berriz errepikatzen dira, ordea. Hori desagertzea da?

Dantza hori ere bada. Ez zait iruditzen dantza hain efimeroa denik, urte bat barru 18 urterekin egin zenuen emanaldi bat errepikatu ahal duzulako. Hala ere, dantza beti da efimeroa, baina erregistra dezakezu. Hori pertzepzio bat dela esango nuke, behin egin ostean amaitu egiten delako. Keinu oro bakarra da, eta egia eta gezurra da era berean, egun bakoitzean ezberdina baita. Dantza efimeroa dela, baina, kasu honetan, mugimendua da efimeroa. Eta horrek interes berezia sortzen dit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.