ATZEKOZ AURRERA. Carlos Arrola Mares. Surflaria eta artista

«Itsasoko zaborraren %80 lurretik dator»

Euskal Herriko kostan zaborra jaso, eta 'Itsasbehera' erakusketa eta dokumental bat osatu ditu Arrolak, itsasoa jaisten denean agerian geratzen den zabor ugariaz ohartarazteko.

Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Itsasoa maite du Carlos Arrola Maresek (Bilbo, 1982), eta haserretu egiten du kostan pilatzen den zaborrak. Lau urteko lanaren ostean, Itsasbehera erakusketa jarri du Donostian, Kristinaeneko Ingurumen Baliabideen Etxean. Horrez gain, dokumental motz bat osatu du Cesare Maglionirekin batera: Hondar 2050. Gure hondakina, gure arazoa. Tabakalerako Nana Shibui diseinatzaile taldeak egin ditu komisario lanak.

Zaborra paketetan bildu, eta Eusko Label marka jarri diozu; jatorri izen propioa du hemen sortutako zaborrak ere?

Bai; Surfrider fundazioak AEBetan egindako kanpaina bati jarraikiz egin ditut pakete horiek, Euskal Herrira ekarrita mundu mailako arazoa dena.

Euskal Herriko kostako hainbat hondartza ageri dira dokumentalean, baita Gaztelugatxe ere: Game of Thrones-ek ez bezalako ikuspuntu bat erakutsi duzue.

Leku turistikoa izanda eta munduan ezaguna, Cesarek [Maglionik] hara joateko gogoa zuen. Esaten zuen urrutitik ateratako argazkiak oso politak direla, baina gerturatu egin nahi zuela, ea zer zegoen: iritsi, eta, espero bezala, zaborra topatu genuen.

2050. urtea darama izenean dokumentalak, eta hor aipatzen da, hain zuzen, joera aldatzen ez bada urte horretarako plastiko tona gehiago izango direla itsasoan arrainak baino.

Hitz joko moduko bat egin nahi genuen. Gure asmoa da errealitatea begien aurrean jartzea hori horrela gerta ez dadin eta jendeak kontzientzia har dezan.

Zaborra itsasora nola heltzen den pentsarazi nahi duzue: nola eragotz daiteke?

Ibaiak garbituz eta jendeari kontzientzia harraraziz. Itsasoko zaborraren %80 lurretik dator, gezurra dirudien arren. Surfriderrek hala esan zuen egindako kanpaina batean: «Lurrera botatzen baduzu, itsasora ari zara botatzen». Ez du balio esateak arrantzaleek botatzen dutenik zabor hori.

Karma kontua dirudi: gizakiak botatako zaborra jan dezakete arrainek, eta, ondoren, gizakiak jango ditu arrain horiek.

Arazoa latza da. Plastikoa elikadura katean sartu da: arrainek metabolizatu egin dute, eta guk, arrain horiek jaten ditugunean, plastikoa ere jaten dugu. Gauza bera gertatzen da atunekin eta metal astunekin. Espezieen mutazioak eta bestelako arazoak sortzen ari dira itsasoko kutsadura hori dela eta.

Jostailuak, metxeroak, zigarrokinak, plastikozko botilak... Ez luke oso zaila izan behar halakoak itsasora iristea eragoztea.

Hala da. Oso dibertigarria da hondartzara joatea, baina ez dezagun ezer ahaztu han. Natura zaintzea ona da denontzat.

Besteak beste, ez birziklatzeak zein arazo sortzen dituen erakusten du erakusketak, baina, hain justu, birziklatzen ez dutenei gutxi axolako zaie itsasoan zer gertatzen den.

Oso zaila da aldatzea eta egiten dugun guztiarekin koherentea izatea bizitzan: denok egiten ditugu gauzak gaizki, eta inor ez da perfektua. Bisitariek beste ikuspuntu bat izan dezaten nahi dut; hondartzara joaten direnean, kontura daitezela non amai dezakeen sortzen duten zaborrak.

Zuk zeuk noiz hartu zenuen kontzientzia?

Inoiz ez naiz izan natura suntsitzearen aldekoa, baina kontzientzia duela lauzpabost urte hartu nuen. Amorru handia ematen didate birziklatze enpresek: dena dago politizatuta eta dena da dirua. Baina hori alde batera utzita, orduan hasi nintzen zabor bilketetan parte hartzen; gero, neroni hasi nintzen halakoak antolatzen edo maila pertsonalean bestelako ohitura batzuk hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.