ATZEKOZ AURRERA. Mirjam Vellinga. Frisieraren bultzatzailea

«Frisiarrontzat erronka, sormena eta inspirazioa da bertsolaritza»

Frisiera biziberritzeko, Vellingak eta beste sortzaile batzuek bertsotan jardungo dute, etzi, Leeuwardenen; «gazteak frisierarekin jolastuko dira». Kultur hiriburutzaren ekitaldietako bat da.

Kerman Garralda Zubimendi.
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Frisiako hiriburua da Leeuwarden, eta, aurten, Europako Kultur Hiriburua da. Frisiera eta bertako beste hizkuntza txikiak hauspotzeko baliatu nahi dute kultur hiriburutza, eta horretarako prestatu dute Lan fan Taal Hizkuntzen Etxea espazioa. Han entzungo dira frisierazko bertsoak lehendabizikoz, etzi: bartelfersen-ak. Mirjam Vellinga (Grou, Frisia, 1972) izango da lehen bertsolarietako bat.

Bartelje deitu diozue bertsoak abesteko arteari. Nondik sortu da proiektua?

Frisiera biziberritzeko bidean, lotura zuzena dugu euskararekin eta Euskal Herriarekin; adibidez, Frisiako ordezkaritza bat egon zen bertso txapelketako finalean. Harrituta gelditu ginen Bilbon elkartu zen jendetza ikusita. Proiektua Frisiara eramatea erabaki genuen, inspiratu eta kilikatzeko poetak, abeslariak eta hizkuntza ardatz hartuta zerbait berritzailea egin nahi duen oro. Frisiako gizarteari erakutsi nahi diogu hizkuntza bat ez dela soilik komunikatzeko, eta sortzaileak ere izan gaitezkeela berarekin. Bertsolaritza berria da Frisian, baina Euskal Herrian ikusi da oso arrakastatsua izan daitekeela. Zorte apur batekin, jende gazteak frisiera erabiliko du, eta berarekin jolastuko da.

Zergatik bertsoak?

Bertsolaritza erronka, sormena eta inspirazioa da frisiarrontzat. Bertsoek frisieraren aukeren inguruan gogoeta egitera eramaten gaituzte. Gainera, harreman bereziak era daitezke sortze prozesuan, eta frisiera eta Frisiako beste hizkuntza gutxitu batzuk hauspotu. Lehen erreakzioak onak izan dira. Jendeak bere burua probatu nahi du. Frisiera oso hizkuntza melodikoa da, abesteko egokia.

Erraza izan da bertsotan ikastea?

Ez dago inprobisatzeko ohiturarik, eta horregatik dugu horrenbesteko interesa bertsolaritzarekin. Pentsa, izena ere sortu egin behar izan dugu: Bartelje deitu diogu bertsoak abesteko arteari. Frisierazko izenak euskararekin lotura bat izatea nahi genuen. Gainera, ingelesezko battle guda eta frisierazko boartsje jolastu hitzekin nahastu dugu; lehen urratsetan gaude. Argi dugu ez dela erraza izango, baina erronka ederra da.

Frisiak eta Euskal Herriak badute antzekotasunik?

Daukagun antzekotasunik handiena da hizkuntza gutxitu batean hitz egiten dugula, eta horrek askoz gehiago lotzen zaitu norberaren identitatearekin. Euskara, frisiera eta bestelako hizkuntza gutxituen hiztunek enpatia handia izaten dute elkarren artean. Bi aldeek antzeko izaera dugu, eta, kostaldeko herriak garenez, aspalditik dugu lotura.

Hizkuntza txikiak elkar laguntzea ezinbestekoa da bizirik irauteko?

Irmoki sinisten dugu horretan. Laguntzeko eta inspiratzeko oso garrantzitsua da elkarrekin lan egitea. Elkarrekin jarduten bagara, presio gehiago egin dezakegu, indartsuagoak garelako. Gainera, sinetsita gaude hizkuntza hegemonikoetako hiztunek guregandik ikas dezaketela, adibidez, beste kulturak eta hizkuntzak errespetatzen. Hizkuntza aniztasuna da etorkizuneko bidea.

Zer ikasi duzue Euskal Herritik?

Hizkuntzarekin duzuen espiritua, pasioa eta konpromisoa, eta erabiltzeak duen garrantziaren kontzientzia. Frisiako jendea apur bat axolagabea da bertako hizkuntzarekin.

Eta alderantziz. Zer duzue irakasteko?

Ez dizuegu leziorik eman nahi! Baina Bartelje-k espero dugun bidea egiten badu, oso gauza garrantzitsua esan nahiko du: hizkuntzen arteko desberdintasunez gaindi, hizkuntza gutxituak biziberritzeko egitasmoak baliagarriak direla. Baliteke etorkizunean gure egitasmoren batek euskara indartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.