ATZEKOZ AURRERA. Paola Damonti. Genero eta indarkeria matxistan aditua

«Gaur egungoa da galtzaile kontzeptua»

Maitasun harremanetako desorekak aipagai izan ditu Damontik, eta sistema neoliberalak horietan duen eragina. «Maitasunaren alorrean izan da aldaketa gutxien, desorekei dagokienez».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ikergai nagusia bikote barruko indarkeria badu ere, genero desorekak agertzen diren hainbat egoera ere aztertu ditu Paola Damontik (Milan, Italia, 1984). Ikerlaria da, genero eta indarkeria matxistan aditua. Joan den astean hitzaldia eman zuen Iruñeko IPES elkartean: Maitasun harremanak gizarte neoliberalean.

Ezberdinak dira maitasun harremanak gizarte neoliberaletan?

Gizarte neoliberalek eraikitzen dituzte garapen ekonomiko kapitalistari funtzionalak zaizkion subjektuak. Badira maitasun harremanak baldintzatzen dituzten bi alor nagusi: genero desberdintasuna eta genero estruktura konfiguratzeko modua. Genero estruktura horiek unibertsalak dira, ia toki guzietan daude, baina toki guzietan eta garai guzietan ez dira berdinak.

Nola eraikitzen dira subjektuak neoliberalismoan?

Estruktura honetako gizartea izugarri indibidualizaturik dago, norbanakoaren askatasuna goratzen da, arrakasta bilatzea bultzatzen da, eta porrota laidoztatzen da. Geroz eta norbanakoago gara. Lehen ere baginen norbanako, baina estruktura kolektiboek garrantzi handiagoa zuten: gremioak, gizarte klaseak... edo bizilagunen arteko loturak, edo Eliza bera ere.

Zer ondorio du bakartasunak?

Aske zara zure bizitza kudeatzeko,aukeratzeko, ahalik eta zoriontsuen izateko... ez bakarrik aske, hori egitera beharturik zaude. Beraz, gizarte honek gehiago ahalbidetzen du arrakasta, baina soilik gutxi batzuek lortzen dute. Gehienek porrot egiten dute, eta, porrot egiten baduzu, izorra zaitez, zure errua da. Horrek dakar erabat lehiakorra den jendea, bakarturik, aukera askearen mitoarekin. Baina ez dago erabateko askatasunik, badaude aukera horietan erabat eragiten duten estrukturak.

Eta arrakastarik lortu ezean?

Galtzaile bat zara. Galtzaile kontzeptua oraingoa da. Orain, haurrek tontoa esan beharrean, galtzaile esaten diote elkarri.

Eta maitasunak zer rol jokatzen du honetan guztian?

Maitasuna gizarte aitortzarako tresna bat da. Gizonekin alderaturik, emakumeak modu ezberdinean hurbiltzen dira harreman sentimentaletara, erakutsi baitiete besteentzat izan behar dutela. Bat, independente; bestea, menpeko; bat, eremu publikorako gai dena; bestea, eremu pribaturako. Hor dikotomia. Baina ez da hori bakarrik. Gizonek eta haiei lotutako balioek balio handiagoa dute estruktura honetan. Horrek desoreka sortzen du hasieratik. Maitasun harremanetan daude desorekarik handienak.

Zein dira desoreka horiek?

Emakumeek harreman horiek behar dituzte beren buruak osatzeko, eta, beraz, hasieratik desoreka bat dago. Gainera, bizipenak ere ezberdinak dira. Emakumeak modu askean hurbiltzen dira harremanetara, noski, baina besteak zaintzera beharturik ikusten dute beren burua. Kapitalismoan langileak lan ordaindua saltzean duen askatasun bera litzateke. Askeak ez diren estrukturek eragiten dute.

Zergatik onartzen dira desoreka horiek?

Gizartearen aitortza behar dugulako. Gizonek hainbat eremutan aurkitzen ahal dute aitortza hori, baina emakumeek lortzen dute batik bat bikote harreman afektiboen bidez. Alde batetik, zailagoa delako beste tokietan aurkitzea. Bestetik, toki horietan aitortza lortuz gero ere, eskatzen zaielako maitasunaren eremuan ere arrakasta lortzea.

Beraz, indibidualista da gizartea, baina bikotea behar da?

Bikote bat edo familia nuklear bat izan arren, indibidualistak gara oraindik ere, harreman horiek buruz burukoak direlako, ez sozialak. Testuinguru honetan, askoz ere gogorragoa da bikotekiderik ez izatea, ez baituzu beste sarerik.

Gizonei ez zaie hori eskatzen?

Gizonei ere hori gertatzen zaie, baina haiei eman zaizkien balioak dira independentzia, autonomia... Beraz, ez litzateke hain gogorra.

Nola aldatu daiteke egoera?

Sareak egiten saiatu beharko genuke. Mahai batek hanka bakarra badu, horrek huts eginez gero erori egiten da. Gizarte neoliberal edo matxistaren kontrako borroka ezinezkoa da norbanako bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.