ATZEKOZ AURRERA. Maria Zapata Hidalgo. Antropologoa

«Ahultasuna onartzea ere suspertzeko indar bat da»

Depresiotik suspertu diren eta prozesu horretan daudenen gertuan dabil Zapata, ikertzeko zer leku daukaten generoak eta gorputzak. Ezinbestekotzat jo du gorputzera itzultzea.

IÑIGO URIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Depresiotik suspertzea ikuspegi antropologiko eta feministatik aztertzen dihardu Maria Zapata Hidalgok (Badajoz, Espainia, 1983). Emakumeen Osasunaren Nazioarteko Egunean, Depresiotik suspertzea: generoa, gorputza eta aldaketa-gaitasuna hitzaldia eman du, Emakundek gonbidatuta.

Zer dakar depresioa ikuspuntu antropologiko feminista batetik begiratzeak?

Dimentsio soziokultural guztia kontuan hartzea. Depresioa ikuspuntu fisiologiko batetik aztertu ohi da, baina askoz konplexuagoa da. Bitartekaritza egiten duten faktore asko daude; soziokulturalak, uneko gertakizun bati lotutakoak eta baita pertsonalagoak direnak ere, ikasketaren araberakoa dena kontu genetiko bat bainoago. Gauza asko elkartzean bizi-krisia iristen da; ordura arteko tresnak ez dira aski aurre egiteko, eta krak; nekea dator, eta, batzuetan, depresioa.

Nola gurutzatzen du depresioa genero eraikuntzak?

Hamaika modutan. Depresioa hasieratik emakumeen gaixotasuntzat hartu izan da, fenomenologia oso lotuta dagoelako emakume izate hegemonikoarekin: negarra, plazeraren galera... Askoz gehiago dira diagnostikatutako emakumeak, eta askotariko genero indarkeriak eragin zuzena du; ez da berdina gizon ala emakume pobre izan, edo adineko emakume ala gizon. Transexualitatearen eta amatasunaren gaiek ere asko pisatzen dute.

Depresiotik suspertzen ari denaren bizipenak lantzen dituzu.

Bai, eta garrantzitsua da esatea posible dela suspertzea, zeren oraindik bada kronikoa dela dioenik. Suspertzea ezin da orokortu, baina; batentzat gauza bat izan daiteke, eta beste batentzat oso bestelakoa.

Gainditzeko estrategietan, gorputzaren ahalaren aldekoa zara.

Bai. Ohikoenak psikofarmakologia eta laguntza psikologikoa dira, baina gorputz-praktikak funtsezkoak dira, nik uste; kirola egitea, etxeko lanak egitea, dutxatzea, janztea, terapiara joatea, lanera joatea... Gorputzarekiko aldentze bat dago depresioan, eta gorputzera itzultzeak laguntzen du aurre egiten.

Beti inguruarekin harremanean?

Depresio batetik inoiz ez zara bakarrik suspertzen. Ingurua ezinbestekoa da; besarkada bat, planetara laguntzea, terapia ordaintzen laguntzea... Prozesua motela da, eta hala hartu behar da; gaur ez badu paseatzera atera nahi, ez da ezer gertatzen; bihar berriz saiatu, ea orduan nahi duen. Hor egon.

Gainditzeak ahalduntzen du?

Batzuetan, baina ez da mitifikatu behar. Autozaintza gehiago dagoen bizimodu bat hartzen da, hori bai. Suspertzea aldaketa handiak egiteko indarrarekin lotzen dugu, baina ahultasuna onartzea ere suspertzeko indar bat da. Edozeri aurre egin diezaiokegula esan baino, zaurgarriak garela onartzea da, eta hortik bizi garela. Feminismoak ematen ditu zenbait gako osasuna hortik pentsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.