Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Marina Salvidea eta Blanca Brenes. Gasteiz Gamusins taldearen sortzailea eta kapitaina

«'Quidditch'-a kirola da. Ez da Harry Potterren frikien kontu bat»

Euskal Herrian hazten ari den kirol bat da 'quidditch'-a. Hiru taldek lehen euskal kopa jokatu, eta Gasteiz Gamusinsek irabazi du.
Salvidea (ezkerrean) eta Brenes, Gamusins taldeko elastikoarekin.
Salvidea (ezkerrean) eta Brenes, Gamusins taldeko elastikoarekin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Kerman Garralda Zubimendi -

2018ko ekainak 6 - Gasteiz

J.K.Rowlingek Harry Potterren liburuetan asmatutako kirola da quidditch-a. Erratz gainean baloia uztai batzuetatik sartzean datza. Mundu guztiko hainbat gaztek errealitatera ekarri dute, errugbia, eskubaloia eta baloi errea uztartuz. Arautegiak dio taldeek mistoak izan behar dutela. Gazte horietako bi dira Marina Salvidea (Gasteiz, 1997) eta Blanca Brenes (Gasteiz, 1998).

Muggle-ek, magiarik ez dutenek, joka dezakete quidditch-ean?

MARINA SALVIDEA: Edonork joka dezake quidditch-ean. Pentsa, jokalari asko ez dira Harry Potterren zaleak. Gainera, ez dugu harekin lotzerik nahi. Jendeak uste du frikien kontu bat dela, eta ez gaituzte serio hartzen.

Quidditch-a kirola dela aldarrikatzen duzue, beraz.

BLANCA BRENES: Talde barruan bozketa egin genuen gure helburuak zeintzuk izango ziren erabakitzeko. Badaude quidditch-a denborapasatzat daukaten taldeak, baina guk txapelketak irabazteko borrokatzeko hautua egin genuen. Ongi pasatzea ezinbestekoa da, baina guretzat irabaztea ere garrantzitsua da.

Denak balio du irabazteko?

M.S.: Gutxiengo batzuk bete behar dira, generoaren araua, esaterako: zelaian dauden jokalarien artean, genero berarekin identifikatzen diren lau jokalari egon daitezke asko jota. Adibidez, gehienez lau emakumezko egon daitezke jokatzen aldi berean.

Quidditch-ak espazio libre eta seguru bat eskaintzen dio genero hegemoniko batekin identifikatu nahi ez duenari?

M.S.: Hori da helburua, eta hein handi batean bermatzen dela esango nuke. Zure generoa edozein dela ere, onartu a egingo zaituzte, eta jokatu egingo duzu.

Quidditch-arekin generoaren inguruan ikas daiteke?

B.B.: Quidditch-ean hasten den jende askok ez du jakiten genero hegemonikoetatik aparte beste aukerarik dagoenik. Bestelako generoak ezagutzean, baliteke, norbaitek bere lekua topatzea. Norbera ezagutzeko ere balio du kirol honek.

M.S.: Teoria irakasten eta gaiaren inguruan kontzientziatzen saiatzen gara, generoaren araua betetzeko.

Beste kirol modalitateetan generoaren araua txertatu beharko litzateke?

B.B.: Nik aurretik futbolean jolasten nuen, eta oso gustura jokatuko nukeen beste generoen aurka. Beste kiroletan, daukazun gorputzaren arabera, emakumeen edo gizonezkoen taldean jokatu besterik ez duzu, eta batzuetan bazterketak eragin ditzake horrek.

Quidditch-aren arrakastaren gakoa inklusibitatean dago ala Harry Potterreko moda bat da?

M.S.: Baliteke quidditch-a probatzea Harry Potterrengatik, baina jarraitzen duenak gustuko duelako egiten du. Kirola da eta kito. Ez du zerikusirik Harry Potterrekin.

B.B.: Gainera, partaide guztiak gazteak garenez, oso aktiboak gara sare sozialetan. Horrek ere erakartzen du jendea. Eta inklusiboa izatea ere eskertzen da, noski.

Nolako arazoei egin behar izaten diezue aurre?

M.S.: Nazioarteko Olinpiar Batzordeak kirol bat onar dezan, gizonezkoen eta emakumezkoen mailak izan behar ditu. Guk ez dugu halakorik; izan ere, erabat mistoak garenez, ez dugu behar.

Nolakoa da quidditcharen egoera Euskal Herrian?

B.B.: Euskal Autonomia Erkidegoan ez digute kirol izaera onartzen. Hortaz, ezin gara federatu, eta ez digute entrenatzeko toki egokirik uzten. Halere, kirol hau hazten ari da. Gamusins taldeak 24 kide ditu, eta Bilbon eta Donostian ere badaude taldeak. Aurten lehendabizikoz antolatu dugu euskal kopa, eta, ekainaren 16rako, selekzioen arteko txapelketa antolatu dugu, Gasteizen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

Dantzak gaurkotzea

Amaia Igartua Aristondo

XV. mendetik dantzatzen da kaxarranka Lekeition, eta aurten andre bati egokitu zaio, estreinakoz. Garai batean kofradiako lehendakaria aldatzean egiten zen. Hango sokadantza XIX. mendekoa da, gutxienez.
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Uliak aukerak ditu jende guztiarentzat»

Jakes Goikoetxea

Donostiako Ulia mendiko interpretazio zentroak hamar urte beteko ditu uztailean. Ezezaguna da oraindik ere donostiar askorentzat, baina jendea gero eta gehiago joaten dela uste du Orkolagak.
Anubis zaldi arabiarra, aurtengo edertasun lehiaketa batean. Lau aldiz gailendu da azken hiru hilabeteotan Galizian jokatutako txapelketetan. ©BERRIA

Abarizketako zaldi arabiarra

Enekoitz Telleria Sarriegi

Aritz Aranburu beasaindarraren Anubis zaldiak hainbat edertasun sari irabazi ditu. Abarizketa baserrian zaindu eta aterpetzen dute. Arraza bereko beste lau zaldi ere badituzte han.
Korterraza jaialdiaren antolatzaileak, aurkezpenaren egunean. ©KULTURA KALEAN

Arabako zinemaren indarra

Amaia Jimenez Larrea

Korterraza film laburren jaialdia Gasteizen eta Arabako hainbat herritan egingo dute. Gasteizen kontzertuak ere egongo dira; 42 film labur iritsiko dira Arabako 38 herritara

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Kerman Garralda Zubimendi

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...