ATZEKOZ AURRERA. Alaitz Lezeaga. Idazlea

«Argitaratu nahi duenarentzat, pazientzia handia da gakoa»

Interneten narrazioak idazten hasi, eta 'best seller' bat egin du Lezeagak; lehen eleberria du, 1920ko hamarkadan girotua. Bilboko liburu azokan izan da asteon, lana aurkezten.

EDICIONES B.
itziar ugarte irizar
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Lehen eleberria idatzi, eta best seller bat bihurtu. Hori gertatu zaio Alaitz Lezeagari (Bilbo, 1982) El bosque sabe tu nombre-rekin. Ediciones B argitaletxearekin plazaratu du, eta arrakasta handia lortu du denbora urrian. 1920ko hamarkadan girotuta dago, eta bi ahizpa dira protagonista; jauregi madarikatu bat, otsoak, hildakoak... Horiek osatzen dute 600 orritik gorako kontakizuna.

Interneten narrazio laburrak argitaratzetik, best seller batera. Zein izan da jauzia idazterakoan?

Sekulakoa. Ez bakarrik istorioaren planifikazioan, baita behar duzun pazientzian ere: beti daude une zailak, eta ezinbestekoa da ordenagailu aurrean eustea. Narrazio bat amaitu dezakezu aste batean edo bitan, baina, eleberri bat idaztera jartzen bazara, argi izan behar duzu ez duzula bukaera ikusiko hilabeteak edo urteak igaro arte.

Idazle «autodidakta» gisara aurkeztu izan duzu zure burua, ikasketen osteko «prekaritatean». Fase horretan, zer leku bete du idazketak?

Gure belaunaldiko ia guztiek bezala, nik ere enplegu prekarioak izan ditut ikasketen ostean. Horren ondorioz, idazteko denbora gehiago izaten hasi nintzen tarte horretan. Idaztea, halere, beti izan da oso garrantzitsua nire bizitzan, ume-umetatik.

Idazle izateko nolabaiteko urrats bat egin nahi izan duzu orain, edo liburuak eraman zaitu horra?

Istorio hau idazten hasi nintzenean, segidan ikusi nuen ideia handiegia zela narrazio batean sartzeko. Horregatik eleberria, baina harrera ezin nuen aurreikusi; ezinezkoa da.

Nola hartu duzu arrakasta?

Aitortu behar dut ilusio handia egiten didala liburu denda batean egon eta norbait hurbiltzea zure lana irakurtzen ari dela esanez. Asko ari naiz gozatzen irakurleekin zuzeneko harremana izatea.

Interneteko narrazioek ez zekarten feedback hori?

Ez, ez dago benetako hurbiltasunik. Orain, askok idazten didate sare sozialen bitartez, eta gustatzen zait.

Nabarmendu duzu «emakume borrokalarien» nobela dela.

Fikziozko lanetan, beti iruditu izan zait emakumeen ikuspegia bigarren mailakotzat hartu izan dela, inoiz ez euren istorioaren protagonista. Beti daude istorio handiak, historia liburuetan agertzen direnak, eta gero istorio txikiak diruditenak, etxean, familian gertatzen direnak. Hor badirudi emakumeak direla protagonista, eta amen, ahizpen eta alaben arteko istorioak beti geratu dira bigarren lerro batean.

Bilboko Women in Black zikloan parte hartu zenuen atzo, Noelia Lorenzo eta Amaia Manzisidorrekin. Zer mezu utzi nahi zenuen?

Argi dago Euskal Herrian emakume idazleen belaunaldi oso bat dagoela martxan, eta iraun egingo dugula, ez garela inora joango.

Tartean badaude euskaraz idazten duten idazleak ere. Espainieraz idatzitako literaturak eta euskarazkoak elkar ezagutzen dutela iruditzen zaizu?

Beti daude harremanetan, nik uste. Ez da hain garrantzitsua istorio bat zer hizkuntzatan kontatzen duzun, baizik eta zer kontatzen duzun, eta irakurleak nola identifikatuko diren horrekin. Ez dut uste hizkuntza hartu behar dugunik ezberdintasunak markatzeko irizpide modura. Badira euskaraz eta gaztelaniaz idazten duten autoreak, bereizketarik egin gabe. Eta, egia esan, nire inguru hurbilean ez dut sumatzen liburuak hizkuntzagatik bereizten direnik.

Nola ikusten dituzu publikatzen hasi berri diren idazleak? Zer aukera dute euren lana zabaltzeko?

Argitaratu nahia duenarentzat, pazientzia handia izatea da gakoa. Pazientzia, ez bakarrik zure lana paperean ikusi aurretik igaro behar diren ate guztietarako, baita norbere buruarekin ere; ez uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.