ATZEKOZ AURRERA. Solmaz Etemadzadeh. Aktibista

«Emakumeen ikuspuntutik berrikusi behar da Korana»

Etemadzadehk dioenez, Irango Gobernuak herritarren eskubideak urratzen ditu, bereziki emakumeenak. Feministek kartzelara joateko arriskua dutela esan du.

BERRIA.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Solmaz Etemadzadeh (Teheran, 1978) gaztetatik ibili da gizarte ekintzetan, bereziki kalean bizi ziren haurrei laguntzen. Izan ere, Irango amek ezin dituzte seme-alabak hezi gizonezko baten ardurarik gabe. Egoera horrek piztu zion kontzientzia feminista, baina, Iranen debekatua dagoenez, Gasteiztik aldarrikatzen ditu emakumeen eskubideak, han bizi baita 2016tik.

Nolakoa da emakumearen egoera herrialde musulmanetan?

Herrialde musulmanen artean desberdintasun handiak daude. Bakoitzaren kultura oso garrantzitsua da, ez delako berdina Azerbaijanen, Saudi Arabian edo Afrika iparraldean bizitzea. Emakumeen egoera desberdina da herrialde bakoitzean.

Eta Iranen?

Iranen ez dugu askatasunik; ez gizonezkoek, ez emakumezkoek. Halere, emakumeak larriagoa daude; bitxia da, dena baitaukagu, bainaezer ere ez: institutuetan ikasten da zer den feminismoa, baina galarazi egiten digute horretan sakontzea. Emakume askok ditugu ikasketak, baina etxeko lanetara mugatzen gaituzte. Ezin dugu nahi dugun arropa jantzi...

Hijabaz ari zara, ezta?

Iranen, emakumeek ezin dute kalera atera hijabik gabe. Askok ez dute nahi, baina behartuta gaude. Polizia berezi bat dugu, uste dut bakarra munduan, hijaba kontrolatzen duena. Basakeria bat da.

Korana bateragarria da feminismoarekin?

Korana gizonek idatzi zutenez, gizonek baldintzatzen dute emakumeen bizitza. Ni xiita naiz, musulmanen adar batekoa, eta xiitok uste dugu Korana berrinterpretatu egin behar dela egungo beharretara egokitzeko. Emakumeen ikuspuntutik berrikusi behar da Korana.

Feminismoa errotuta al dago Iranen?

Feminismoaren kontzeptua berria da, baina emakumeen aurkako injustiziak betidanik egon dira, eta betidanik salatu ditugu. Orain hasi gara borroka horri feminismo deitzen.

Zeintzuk dira Irango feministenlehentasunak?

Sinetsi behar dugu gizonezkoek, gobernuak eta sistema patriarkalak ezin dituztela emakumeen erabakiak hartu. Emakumeok badakigu zer behar dugun eta zer nahi dugun. Zergatik ez digute uzten erabakitzen? Uste dut hori dela oinarria, eta hortik eraikiko dugu gizarte parekide bat.

Nolako arazoei egin behar die aurre feminista batek Iranen?

Legeak ez gaitu babesten, eta hori oztopo handia da. Adibidez, erlijio abrahamiko guztiek galarazten dute ezkondu gabe haurrak izatea, baina halako gauzak gertatzen dira. Ezin ditugu babesik gabe utzi haur eta ama horiek. Legeak egokitu behar dira emakumeei babes gehiago emateko. Gainera, legeak emakumeak babesten ez dituenean, gizonek errazago jazartzen diete.

Arriskutsua da feminista izatea Iranen?

Gobernuak gustuko ez duen zerbait esatean, kartzelara zoaz zuzenean. Kartzelan daude feministak, abokatuak, artistak... Eta ez soilik emakumezkoak. Iranen ezingo genuke elkarrizketa hau izan, eta nik ez dut bertara itzultzeko aukerarik.

Aldaketa handia izan zen Euskal Herrira etortzea?

Hemengo egoera hobea da. Feminismorako bidea luzea da, baina Euskal Herriak gehiago egin du aurrera Iranek baino.

Nolakoa da zure egoera Euskal Herrian?

Gustura nago hemen, baina lana behar dut bertan gelditzeko. Kontratu batekin errazago lortzen da bisa, eta saihestu egingo nuke Iranera itzultzea.

Zer ikas dezake Euskal Herriko mugimendu feministak Irangoarengandik?

Emakumeen artean elkartasun handiagoa izan behar dugu. Batzuetan baztertua sentitu naiz musulmana izateagatik.

Eta alderantziz?

Gauza asko, egia esan. Baina bat esan beharko banu, tolerantzia. Gasteiztarrek oso ongi hartu naute, eta errespetu handiz. Elkarrekiko errespetua zabalduko nuke Iranen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.