ATZEKOZ AURRERA. Ariane Koek. CERNeko arte egitasmoaren sortzailea

«Krisiak eta gatazkek zientzia indartu dute»

Zientzialariak artistekin elkarlanean jartzen ditu Koekek munduko partikula laborategirik handienean. Arteak lagundu egiten die zientzialari batzuei berriz «gizaki» sentitzen.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2014ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ariane Koek Pasadenan (Kalifornia, AEB) jaio zen, baina sei hilabete eskas zituela Bangladeshera eraman zuen aitak bizitzera. Ekoizle eta zuzendari ibili zen BBCn, baina 2010. urtetik CERN laborategiko lehen arte egitasmoaren zuzendaria da. Donostia International Physics Centerrek gonbidatu du Euskal Herrira, Mestizajeak egitasmoaren atariko gisa. Azaroaren 18an eta 19an, zortzi idazle, ikertzaile, hizkuntzalari eta filosofo elkartuko dituzte Arrazoimena, intuizioa eta irudimena zientzian eta literaturan gaia aztertzeko.

NASA izan zen artista bat gonbidatzen lehen zientzia erakundeetako bat. Laurie Anderson musikari eta performancegilea izan zuten eurekin. Zer atera zen gaizki?

NASAkoek espero zuten Anderson zientziaz arituko zela, zientzia ilustratuko zuela, baina hark ez du halakorik egiten; gizarte egiturak kritikatzen ditu. Beraz, ez zuten artista egokia aukeratu, nahi zutena lortzeko. Ondoren, erabaki zuten ez zutela berriz artistarik gonbidatuko. Agian, orain, berriz pentsatzen ari dira.

Esperientzia hartatik ikasi zenuen zuk, CERN laborategiari artistekin lanean aritzeko egitasmoa proposatzeko orduan?

Nik ez nien proposatu zientzia deskribatu edo ilustratuko zuten artistak gonbidatzea, baizik eta partikulen zientziaren ideiak abiapuntu gisa erabiliko zituzten dantzari, koreografo, eskultore, margolari eta artista digitalak, gero ideia horiekin edonora heltzeko.

Zergatik CERN eta ez Europako Espazio Agentzia, esaterako?

Nire ustez, CERN baino gehiagoorain, munduan inon ez dira ari ideiak muturrera eramaten eta ezagutza sortzen. 2008an 12 orriko agiria idatzi nien ordubetean, esatekohistoriaren garai garrantzitsu batean zeudela, Hadroi Talkagailu Handia bigarrenez piztu behar zutelako. Benetako kultur indarra zirela, zientziak modernismoa eragin zuelako XX. mendean. Baina benetan kultur eragile izan nahi bazuten XXI. mendean, arteari ere ekin behar ziotela. Baietz erantzun zidaten, berehala, besteak beste, doan ateratzen nintzaielako, Erresuma Batuak ordaintzen zidalako, beka batez.

Zure egitasmoak bi bide ditu, baina zergatik zaigu errazago irudikatzea artista bat zientzia inspirazio gisa erabiltzen, zientzialari bat artea egiten baino?

Christian Gonzenbach eskultorea eta Martin Pohl fisikaria halako beste egitasmo batean hasi ziren elkarlanean eta lankide bihurtu dira artearen munduan. Pohl aktore eta performance artista bihurtu da. Beraz, elkarlan honek barruko artista askatzen du. Antimateriarekin lan egiten duen beste bat bitxigile hasi da, eta sekulako gauzak egiten ditu zilarrarekin. Batzuek euren artista aldea aurkitzen dute, baina beste askori lagundu egiten die komunikazioa lantzen, oso ideia konplexuak adierazteko. Hadroi Talkagailu Handiko datuak aztertzen lan nekagarria egiten duten beste batzuek esan didate arteari esker euren burmuina berriz erabiltzen hasi direla. Beste batzuek diote euren bizi-kalitatea handitu egin dela. James Wells fisikariak dio berriz sentitzen dela gizaki horri esker.

Zelako ariketak egiten dituzue?

Esaterako, 30 zientzialari bahitu egin genituen, eta lur azpian ilunpean itxi artista batekin. Zer ikusten duzu ezer ikusten ez denean? Galdetu genien. Euren buruan ikusten zutenaz mintzatu ziren. Ondoren irrikaz galdetzen ziguten: noiz izango da hurrengo bahiketa?

Horrek lagun dezake sortzen zientzialariek eureka unea deitzen duten hori, hau da, ideia berri baten agerkundea?

Einsteinek lanetik atera eta Bernako dorreko erlojua ikustean eta ametsetan izan zituen eureka uneak. Noski, zeozer berri sartzen duzunean, gauzak beste modu batean ikusteko bide bat, horrek eureka uneak sor ditzake. Ez dago esaterik noiz gerta daitekeen, baina talkak eragiten badituzu, litekeena da gertatzea.

XIX. mendean zientzia antzerkietan erakusten zuten, ikuskizun gisa. Zergatik bihurtu da horren gris?

Zientzia unerik interesgarrienean dago orain. Zientzialariei «rock izar berriak» deitu diete. Ziurtasunik gabeko mundu batean, zientziak bakarrik agintzen du ziurtasun apur bat, nahiz eta denok dakigun ziurtasun hori ez dela inoiz finkoa izango. Beraz, uste dut jendeak gero eta gehiago jotzen duela zientziara miresmen iturri bila. Ez du galdu indarra, krisiak eta gatazka politikoek indar gehiago eman diote.

Humanitateak eta zientziak batzen ari dira berriz?

Pizkunde berriaz ari dira hitz egiten orain. Artistak ideien gose dira, eta zientzia eta teknologiari begira daude. Beti egon da hori, baina orain argiago adierazten da; besteak beste,geure egitasmoaren bidez. Jendeak fede gehiago du orain zientzian, fedean baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.