ATZEKOZ AURRERA. Juana Dignorah Laza Herrera. Artista

«Independentista naiz, hemen eta Kuban»

Erakusketa bat jarri du Hendaiako tren geltokian Laza Herrerak. Berak egindako hamar argazki daude, bakoitzak Jose Martiren testu bat ondoan duela, eta lagun baten margolanak ere jarri ditu.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ihintza Elustondo
Hendaia
2016ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ez daki noiz erabaki zuen Euskal Herrian gelditzea Juana Dignorah Laza Herrera artistak (Punta Brava, Kuba, 1964). Zortzi urte dira Hendaian (Lapurdi) bizi dela, baina une oro du ahoan eta gogoan Kuba. Hango banderaren intsignia bat ere beti du soinean, ezabaezina zaion irribarrearekin batera. Bi aldiz egona da kartzelan, Kubako herriarentzat «arriskutsua» zelako. «Berezi samarra naiz. Gauzak pentsatzen ditudan moduan esaten ditut». Minbizi bat ere pasatu du. «Bizi izan dudanak sufrimendu handia eragin ziezadakeen, baina ez da hala izan. Zoriontsu izateko modurik onena memoria txarra izatea da».

Nolatan argazkilari?

Istripu bat izan zen. Bizikletan nindoan, eta euria hasi zuen. Dena lainotuta zegoen, eta eguzki izpi bat baino ez zen ikusten. Argazki bat atera nuen, eta erakusketak jartzen dituen lagun bati erakutsi nion. Kameran nituen gainontzeko argazkiak ikusi zituen, eta esan zidan: «Argazki onak egiten dituzu!».Horrela hasi zen guztia. Erakusketa bat egitea proposatu zidan, eta bigarrena dut hau. Ez dut teknikarik ikasi; arimatik ateratzen zait. Guztiari jarri behar zaio arima, bihotza eta bizia. Bestela, izorratuta gaude.

Zure argazkiez gain, lagun baten margolanak daude erakusketan.

Patrickekin [Olasagarre] batera egin nuen lehenengo erakusketa, eta baita hau ere. Nik Hendaiako hondartzako bikiekin obsesio bat dut, eta berak ere asko margotzen ditu. Horrek elkartu gintuen. Patricki esan nion bion artean egingo genuela erakusketa; baietz esaten zidan, baina ni ez nintzen konturatu beldurra zuela.

Zeri dio beldurra?

Arazoak ditu gaztetatik; desmotibazioa, batez ere. Elbarritasun bat du, eta lotsatia da muturreraino. Ostiralean, erakusketa inauguratu genuenean, aurpegira begiratu nion, eta distira berezia zuen. Esan zidan: «Pozik nago». Eta nik esan nion: «Ba, ni gehiago, hemen zaudelako». Pauso bat aurrera egin du, gutxienez. Beldur dela esaten dit. Eta nik erantzuten diot ni ere baietz. Baina beldurrak ez nau gelditzen, aurrera eginarazten dit. Horrela pasatuko du bizitza guztia? Horrek ematen dit beldurra niri.

Baina konbentzitu duzu.

Bai, bai. Oso ona da margotzen; haren lanek hitz egiten dute, baina bultzadatxo bat falta zaio. Beldur handiagoa du osasuna baino.

Erakusketan, argazki bakoitzaren ondoan, Jose Martiren testu bat jarri duzu. Zer dela eta?

Argazkiak eta testuak lotzea erraza da niretzat. Irakurtzen ari naizena irudi batekin lotzen dut; unean bertan ikusten dut horrentzat behar dudan irudia. Garrantzitsua da motibatzen zaituen horri tiraka lan egitea, eta Marti oso aberatsa iruditzen zait. Nik uste dut erakusketa honek jarraituko duela hazten; Marti infinitua da hitzei dagokienez.

Zure zatia eta Partrickena lotuta daude?

Lotura handia dute. Marti, batez ere, humanista bat izan zen. Sentimenduak ditugu barruan, eta askotan ez ditugu adierazten. Eta Martik horretan asmatu zuen. Patrick bere lanen bidez borroka egiten saiatzen ari da, aurrera egiten. Garrasika eskatzen dizu. Aurrera egin nahi du.

Blog batean idazten dituzu zure eguneroko kontuak. Bizitzaren inguruko idazlea zara?

Hori egiten dut. Bizi izan dudan guztiarekin, nola ez dut, ba, idatziko!

Zeri buruz idazten duzu?

Denetarik lantzen dut: politika, poemak, nire bizitza, maitasuna...Oraindik ez dut idatzi desamodioari buruz. Askotan izan dut, baina ez nau inspiratzen. Maitasunak asko erakartzen nau, baina desamodioak ez.

Positiboa zarelako, agian?

Jaiotzetik naiz positiboa; ez dut beste erremediorik izan.

Kubatarra zara, emakumea eta beltza. Nola daramazu hori?

Erasoak sentitu egiten dira. Arrazakeria dago, eta matxismoa ere bai, handia. Ezkertiarren eta eskuindarren artean. Jarrera batzuk kritikatzen dituzte, eta, gero, horrela jokatzen dute?

Nola ikusten duzu egungo Kubako egoera?

Obamak hurbilketa bat egin zuen, baina ez zen erreala izan. Gauza bera da; txakur bera beste lepoko batekin. Kuba barrutik sabotatzeko. Kuba irekitzea nahi dut; aldaketa errealak behar ditu, baina guk erabaki behar dugu zer nahi dugun, potentzien interesei erantzun gabe.

Euskal Herrian identifikatuta sentitzen zara?

Kubako gauza bera gertatzen da hemen. Independentista naiz hemen, Kuban eta edozein lekutan. Aukerak ikusten ditut orain Otegirekin; karisma handia du, gustatzen zait. Uste dut zerbait handi egin dezakeela. Nahiz eta badakigun beste aldetik ahal duten guztia egingo dutela izorratzeko. Euskaldunak oso itxiak zarete. Ezkertiar asko dago, baina bakoitza bere aldetik doa. Horrela ez da ezer lortzen. Elkartzea ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.