ATZEKOZ AURRERA. Ana Payo. Ozeanologoa eta anbientologoa

«Gure ibilbidea baino gehiago baloratzen dute gure itxura»

Zientzialaria da Payo, itsas hegaztien ekologia ikertzen du, eta, monologoen bitartez, dibulgazioa egiten du. Emakume zientzialarien ikusgaitasuna lortu nahi duen proiektu batean lanean ari da.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ane Eslava.
Iruñea
2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Emakume zientzialariek jasotzen duten oztopo nagusia ikusezintasuna dela dio Ana Payo Payok (Zamora, Espainia, 1987). Hogei herrialde ezagutu ditu, eta hamar hiritan bizi izan da; oraingoan, ordea, bidaia berezi bat prestatzen ari da: Antartikara joango da otsailean, beste 79 emakume zientzialarirekin batera, klima aldaketaren aurka borrokatuz, euren tokia aldarrikatzera. Emakumeak, zientzia eta lidergoa hitzaldia eman du, Iruñean.

Gertutik ezagutzen duzu zientziaren mundua. Ba al dago parekidetasunik gizon eta emakumeen artean?

Doktoretza ikasketetan, emakume eta gizon kopurua berdintsua da; ibilbide zientifikoan aurrera egin ahala, ordea, emakume gutxiago dago. Emakumeek lidergo postuen %11 baino ez dute. Izan ere, doktoratu ondoko garaia da zientzialariontzat garairik prekarioena, eta oso errendimendu akademiko altua eskatzen dute. Emakumeon maila gizonena bezain altua da, baina, ama izatea erabakitzean, errendimenduak behera egiten du aldi baterako, eta gu baloratzeko orduan ez dute hori kontuan hartzen. Gainera, askotan, gure ibilbidea baino gehiago baloratzen dute itxura.

Gaur egun Howard Bound proiektuan lanean ari zara. Zertan datza?

Genero berdintasuna, aldaketa klimatikoa eta lidergoa batzen dituen egitasmo bat da. Emakume zientzialariaren rola nabarmentzea du helburu, ikusezintasuna askotan oztopo bat delako gure ibilbidean. Mundu osoko 80 emakume zientzialari elkartuko gara, diziplina askotakoak. Elkarlan sare bat sortzea da asmoa, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan alternatibak eskaintzeko.

Proiektu horrekin espedizio bat egingo duzue Antartikara. Zein da bidaia horren helburua?

Estrategiaren, lidergoaren eta talde lanaren inguruko formakuntza jasoko dugu hamabi hilabetez, eta lantalde txikietan proiektuak garatzen hasiko gara. Prozesua amaitzeko, hiru asteko prestakuntza intentsiboa jasoko dugu, Antartikan. Han ezagutuko dugu elkar, eta datozen urteetan garatuko ditugun proiektuak martxan jarriko ditugu.

Zergatik aukeratu duzue Antartika?

Beste edozein tokira joango bagina, askoz arreta gutxiago jasoko genukeelako; eta ikusgaitasuna da, hain zuzen ere, proiektuaren helburuetako bat. Gainera, oso toki berezia da, ikur bat da zientzialariontzat.

Dibulgazioa ere egiten duzu, eta bakarrizketak erabiltzen dituzu. Zertarako balio dute?

Zientzialariok gizartearekiko erantzukizuna dugu: nik ikerketak egiteko finantzaketa publikoa jasotzen dut. Horregatik, gizarteak nik egiten dudana ezagutzea bidezkoa dela uste dut. Egia da zientzia ez dela erraza, baina edonork uler ditzake kontzeptu zientifikoak; hizkuntza eta euskarri egokia bilatzean datza gakoa. Jendeak asko eskertzen du gauzak azaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.