ATZEKOZ AURRERA

Tintaz osatutako larruazalak

Euskadi Tattoo Convention egiten ari dira egunotan Irungo Ficoba erakustazokan; goizetik gauera, 200 tatuatzaile inguru tatuajeak egiten arituko dira, bihar iluntzera arte.

Izterra izaten da halako azoketan gehien tatuatzen den gorputz ataletako bat. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Irun
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Metal musika, elektronikoa eta rocka jo eta su dute jarrita: hortzak enpastatzeko makinen antzeko soinua ateratzen dute tatuajeak egitekoek, eta kanta eta kanta arteko isiluneetan baino ez dira entzuten. Rammsteinen eta Nirvanaren erritmora ari dira lanean Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa): 200 tatuatzaile inguru bildu ditu Euskadi Tattoo Conventionen lehenengo azokak.

Azoka ofizialki ireki aurretik hasi dira lanean: zenbaitek beteta dituzte hitzordu guztiak hara joan aurretik. Virginia Gonzalez lasai ederrean dago etzanda; laugarren tatuajea egitear da gihar biki batean. «Madrildik espresuki etorri naiz azoka honetara: duela astebete hartu nuen tatuajea egiteko txanda». Tatuaje bat egiteko lehenengo fasean dago: marrazkia egiten ari zaio oraindik, baina, dioenez, ez du batere sufritzen orratzekin.

Baionatik etorri da Jamie Bennet. Han du estudioa, Indigenous Tattoo: tribalak marrazten ari da paperean, harengana hurbiltzen direnentzat. Finlandia eta eskoziakoak ditu gurasoak, eta «Finlandiako iruditerian ohikoak diren tribalak» dira bere berezitasunak, batez ere.

Tatuajeak egitera joandakoek eta tatuatzaileek: ia guztiek dute larruazala tatuajez betea, tintaz osatutako bigarren larruazala. Lepoa bukatu eta burua hasten den puntura artekoak, burua ere tatuatuta dutenak... Ficoban, atentzio gehien ematen dutenak ez dira gorputza tatuajez beteta dutenak, tatuajerik ez duten azal zatiak baizik. «Ziurrenik, ni izango naiz hemen tatuaje gutxien duena», dio, barrez, Sonia Garcia tatuatzaileak. Madrildik etorri da lankide batekin, eta laguntzaile gisa etorri da.

Lehiarako prest

Garciaren lankidea horretantxe ari da: paperean margotutakoa bezeroaren gorputzean inprimatzen. «Tatuajeak egitean, berebiziko garrantzia du marrazkia pertsonaren biribilguneetara ongi egokitzeak; sorbaldetan edo belaunetan egitea zaila da, asko mugitzen ditugulako», azaldu du Garciak.

Izterrak zein zango sagarrak dira tatuatzeko lekurik hautatuenak. «Izterrak dira gorputz atalik lauenak, eta jendeak horrelako lekuetan tatuaje handiak egin ohi dituenez, aproposenak dira», azaldu du Oviedotik (Asturias, Espainia) etorritako Marconi Bobesek. The Addams Family-ko Wednesday ari da marrazten: «Bost bat ordu beharko ditut dena egiteko: handia izateaz gain, beltzune asko ditu».

Egindako lanak erakutsiko dituzte egunero egingo dituzten lehiaketetan: horregatik, askok azoka hasi baino lehen lotzen dituzte hitzorduak, irudi ikusgarriak garaiz prestatzeko. Bergaratik (Gipuzkoa) iritsi da Xabier Elgezabal, Rhino Tatto estudioaren jabea: pozik dago etxetik hain gertu antolatu dutelako. Samurai bat marrazten ari da izter batean, eta, irizpideak zeintzuk diren oso ondo ez dakien arren, lehiaketara aurkeztuko da.

«Tatuajeak egitea bizio bat da», dio Maritxu Garciak. Arrazoi izango du: gizon bat tatuatzen ari dela, hura tatuaje gehiago ari da ikusten bere telefonoan, hurrengoa noiz eta non egin pentsatzen. Tolosako (Gipuzkoa) Laxmi estudioko lagunekin etorri da Garcia. Hamabost bat tatuaje ditu; denak dira handiak, eta denek dute zergati bat atzean. «Oso garbi izaten dut zer tatuatu: nire bizitzaren historia kontatzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.