ATZEKOZ AURRERA

Elkarlan handi baten agurra

Gaur itxiko dute Iruñeko Auzolan liburu denda. Urteotan, kultura hedatzeko ekintza asko egin dituzte. Bizilagunentzat, auzoaren «xarmaren zati bat» desagertuko da.

Auzolan errferentziazko liburu denda izan da Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Berrogei urteren ostean, gaur itxiko ditu ateak Auzolanek. Erreferentziazko liburu denda izan da Iruñean, 1977an ireki zutenetik ekarpen handia egin baitu hirian kultura zabaltzeko. Ostegunean agur jaia egin zuten, eta lagun asko gerturatu ziren denda mitikora; baina atzo, oraindik, emozioak nabariak ziren Iruñeko San Gregorio kaleko 3. zenbakian.

«Gertuko pertsonei eskatu diet, bihar, denda ixteko unean, ni laguntzera etor daitezela», adierazi du Mertxe Zufiak. Auzolaneko arduradunetako bat da, eta ireki zutenetik izan du harremana dendarekin; hasieran, laguntzen, eta ondoren, langile moduan. Berrogei urteren ostean, Zufiak ezin du ahaztu proiektua martxan jartzeko garaia: «Abentura bat izan zen: Bartzelonan ikasten ari ziren lagun batzuei liburu denda bat muntatzea okurritu zitzaien, eta lokal bat bilatzeari ekin genion. Hau hankaz gora zegoen, eta pixkanaka txukuntzen joan ginen».

Zufiak dendaren eraikitze lanetan lagundu zuen, baina ez zen bakarra izan, lagun askoren artean sortu baitzuten Auzolan; talde lan handi bat izan zen. «Auzolan izena jarri genion, hain zuzen ere, komunitatean eraiki genuelako», kontatu du arduradunak.

Ordutik aurrera, hamaika proiektu egin zituzten, Iruñean literaturazaletasuna hedatzeko xedez. Besteak bestek, bi kultur aldizkari sortu zituzten, Pamiela argitaletxea sortu zuten; Foro Auzolan proiektuaren bitartez,ekintza anitz antolatu zituzten, eta milaka idazle gonbidatu zituzten. Hori dela eta, itxiera gogorra izango da arduradunentzat eta bezeroentzat.

Azken urteetan Roberto Valenciak Foro Auzolan egitasmoarekin egindako lana goraipatu nahi izan du Zufiak: «Ekintza kulturalak antolatu nahian ari ginela, Roberto Valenciarekin topo egin genuen, jakinduriaz betetako pertsona bat; hori izan da azkenaldian gertatu zaigun gauzarik aberasgarrienetakoa».

Azken orduko bisitak

Egunotan «errusiar mendi batean» dagoela esan du Zufiak. Izan ere, gaur, bere bizitzaren zati handi bati giltzarrapoa jarriko dio: «Hemen lan egitea zoragarria izan da: nire bizitza profesionala izan da, baina baita afektiboa ere, lagun asko egin ditudalako». Hori dela eta, lagunen berotasuna eta konpainia oso garrantzitsuak izaten ari dira harentzat. «Jendearen erantzuna oso hunkigarria, atsegina eta polita izaten ari da».

Hasitako modu berean amaitu da Auzolanen ibilbidea: komunitatean. Izan ere, ostegunean, bezero eta lagun asko gerturatu ziren dendara, agur festara. «Atzokoa [osteguna] izugarria izan zen: musu, besarkada eta negar zaparrada bat izan zen», adierazi du Zufiak.

Hala ere, oraindik badira azken egunak aprobetxatzen ari direnak, liburu saltzaileei eskerrak emateko, edota azken orduko erosketak egiteko. Erosle batek baino gehiagok pastak eta opilak ekarri dizkiete Zufiari eta haren lankide Javier Garciari, eta itxierarengatik «triste» daudela adierazi diete.

«Auzolan ez da soilik liburu denda bat; niretzat bizimodu bat izan da, mila liburu erosi ditut eta», adierazi du Isabel Ezkietak. Betidanik izan da dendako bezeroa, eta astero bisitatzeko ohitura zuela kontatu du: «Adibidez, alabak txikiak zirenean, Burlatan bizi ginen, eta larunbatero Iruñera joaten ginen, oinez, eta ipuin bat erosten genuen Auzolanen». Langileekin izandako harremana nabarmendu du, eta horren falta sumatuko dituela adierazi du.

Javier Garcia langileak, ordea, denbora gutxiago darama dendari lotuta. Orain dela urtebete hasi zen han lanean, eta «haren bizitzako lanik onena» izan dela ziurtatu du: «Literaturari lotutako aukera asko ematen dituen espazio bat da, eta guri, liburu saltzaileoi, gure lana egiteko askatasun handia ematen digu».

Itxieraren aurreko egunak oso hunkigarriak izan direla esan du Garciak, eta, berak denbora gutxi daraman arren, jendearen emozioa nabaritu duela ziurtatu du. 1970eko hamarkadatik Auzolanen egon diren pertsonen lanari aitorpena ematea garrantzitsua dela uste du, eta, horretarako, proposamen bat egin du: «Norbaitek egunen batean liburu dendaren historia guztia idatzi beharko du, liburu batean».

Auzoa «pobretzen» ari da

Auzoko bizilagunek ere tristuraz hartu dute albistea. Carlos Jungitu San Gregorio kalean bizi da, eta, haren iritziz, saltoki horren itxierarekin, auzoaren «xarmaren zati bat» galduko da: «Auzokide guztiok ezagutzen genuen Auzolan liburu denda, eta jabeekin harremana geneukan; ni, adibidez, beti gelditzen nintzen erakusleihoko nobedadeak ikustera».

Krisialdia hasi zenetik, Alde Zaharrean urteak zeramatzaten denda txiki asko itxi dituztela azaldu du. Honela, auzoa «pobretzen» ari dela gaineratu du. «Pena bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.