ATZEKOZ AURRERA

Txokolatearen hiriburua

Festa egunak baliatuz, Txokolatearen Egunak antolatu ditu Baionako Herriko Etxeak. Ekoizle bakoitzak karriketara atera du bere jakintza, herritarrei ezagutarazteko.

Denis Ortali, Daranatz etxeko txokolate sukaldaria. BOB EDME.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Urtez urte, Lapurdiko hiriburuan, hitzordu bihurtu dira Txokolatearen Egunak, eta mokofinak erakarri ditu atzo ere. Port Neuf karrikako hiru txokolate ekoizlek, urtero bezala, berriz atera dituzte beren mahaiak, produktuak eta, batez ere, jakintza.

Philipe Serigaraik ia hogei urte daramatza Paries etxean txokolatea egiten, eta lehen egunaren bilan ezin hobea egin du: «Oso atsegina da, denetarik bada, batzuk jatera etorriak dira; besteek,berriz, zer egiten dugun ikusi eta ikasi nahi dute. Gure lanbideari interesatzen dira». Paries etxeak 49 enplegatu ditu, orotara, bere denda eta txokolategi guzietan lanean. Baionako dendan saltzen dituzten produktuak, ordea, ez dira bertan egiten, Urruñan (Lapurdi) baizik: «Zazpi txokolategile gara, eta zazpi pastizagile, aprendiz direnak barne. Goizero, produktuak ekartzen dizkigute». Espezialitateak ere baditu Paries etxeak: Kanuga, Muxu, euskal bixkotxa eta aurtengo berrikuntza, Espeline izenekoa. Azken hori Ezpeletako biperrarekin karamelizatutako amanda bat da.

«Oso garrantzitsua da Paries etxearentzat: lehenik eta behin,Baiona txokolatearen hiriburua delako, eta, gainera, ahalbidetzen duelako jendeak gure lanbidea deskubritzea». Serigaraik azaldu du lanbidea hiru urtez ikasi zuela lantegian, «garaian hala zelako», eta formakuntza bereziturik ez zelako existitzen. Gaur egun, pastizagile izateko, CAP titulua atera, eta urte beteko txokolategile formakuntza osagarria egin daiteke. Hala eta guztiz ere, etxe bakoitzak langileen formakuntzan bere «arrastoa» duela nabarmendu du langileak.

Ados agertu da Michelle Sanson Andrieu txokolategiko langilea: «Hoteletan lan egiten nuen lehen; oro har, hemen gauden neska guziek komertzioarekin izan dugu lotura bat». Txokolateak egiten lanean ikasi duela esan du, eta, beraz, Andrieu etxeak «formatu» duela. Haur andana bat aurrean dituela azaldu du bere ibilbidea Sansonek: «Ikusten duzuena haurrentzako gune bat da;bakoitzak izurde molde batean txokolatea jarriko du, gero hozkailuan sartu, eta haur bakoitza bere txokolatearekin joango da etxera». Langileak azaldu du egun hauek jardunaldi «garrantzitsuak» direla, nahiz eta eguraldi beroak jendea hiritik kanpo bideratu: «Bihar, euriarekin, jende gehiago izanen dugu, ez dut dudarik».

1951n, Andrieu txokolategileak familia afera bat erosi zuen Baionan. 1995ean, txokolateak soilik saltzen zituen lehen denda ireki zuen Orbe karrikan, eta, «2002tik, txokolatea besterik ez du egiten, eta, gaur egun, 35 denda daude Frantzia osoan».

Denis Ortali Daranatz etxeko txokolate sukaldaria ere karrikan zen atzo, urtero bezala txokolatezko eskulturak egiten. Plazer hutsa dela dio, leku berean, jarduera bera egiten, baina «urtero zerbait ezberdina ekartzen dit jendeak, eta ilusio berezi bat egiten dit niri, duda gabe». Haur bat ondoan jarri zaio, eskulturaren txokolate ezpalei desioz begira. Atentzioz begiratu, eta zatirik handiena eskutan jarri dio sukaldariak, haurra liluraturik utziz. Halako mementoentzat, artisau guziei ariketa bera egitea aholkatu die: «Karrikara atera, eta jendea zure lanbideari interesatzeak ez du preziorik, urtero eraberritzen nau, zergatik lanean ari naizen oroitarazten dit, elkar elikatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.