ATZEKOZ AURRERA

Loreak 'flowers' direnekoa

'Loreak', Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren filma, AEBetara iritsi da. Ostiraletik ikusgai da New Yorkeko Paris Theater aretoan; hilaren amaieran, Los Angelesen ikusi ahal izango da.

Lehen egunean, ikusle andana joan da Flowers filma ikustera Paris Theater aretora. Laurogeiren bat lagunek ikusi zuten filma ostiraleko laugarren saioan. GARI UDABE.
New York
2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Atlantikoa gurutzatu eta New Yorkeko Bosgarren Etorbidearen ondoraino iritsi da Loreak euskal filma. Central Parken hego-ekialdeko kantoian, Bergdorf Goodman arropa denda ezaguneko erakusleihoaren segidan, Plaza hoteleko limusina eta taxi horien joan-etorriaren testigu den Paris Theater aretoan eskaintzen ari dira ostiralaz geroztik filma, eta datorren ostegunera arte ikusgai izango da.

Euskal Herritik iritsitako loreak, ordea, ez dira lore Ameriketako Estatu Batuetan. Hemen, Flowers deritzo Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filmari. Eta hala adierazita dago, letra handiz, filma iragartzen duen kartelean ere. Oscar sarien 88. ekitaldian, ingelesez besteko pelikula onenaren atalean, Espainia ordezkatuko duela argitzen da bertan. Eta segidan, Miami Herald, The Hollywood Reporter eta Variety argitalpenetatik ateratako filmari buruzko aipuak: «Gatibugarria. Maitasun eta galeren esplorazio sinfonikoa», «Emozionalki zehatza, erromantze eta oroitzapenen esplorazio isil, liluragarri eta sotila»...

Hori da Ane, Tere, Lurdes eta Beñaten istorioak eta kontatzeko moduak jaso dituen loreetako batzuk. Baina bestelako iritziak ere izan dira.

Paris zinemako aretoa handia da oso (500dik gora eserleku). Laurogeiren bat lagun inguratu dira ostiraleko laugarren erakustaldira. Isiltasun izugarriz ikus-entzun dute denek istorioa.

Ateratzerakoan, «zer iruditu zaizu» galdetu, eta ihesi joan dira batzuk. Gustatu ez zaien itxura zuten. New Yorkekoa da Andrew, eta adierazi du«kontaketa oso mantsoa» denez ez duela «batere gozatu, eta ez zaiola gustatu».

«Euria, heriotza eta alzheimerra denak batera ikustea ez nuen espero», dio Baraxil Bengoak; baina, oro har, gustatu zaio. Carol J. Clouse emazte estatubatuarra eta biak joan dira zinemara, eta tristea baina polita izan dela iritzi dio. Emakume adineko bat inguratu zaio bat-batean esanez:«Baina loreak Beñatek bidaltzen zizkion? Zergatik, ordea? Ez dut ulertzen».

Federica eta Mike Los Angeleskoak dira. «Izugarrizko film ona» dela diote. «Oso ondo kontatutako istorio ezohikoa» dela dio Federicak. «Emakumezko aktoreak bikain» daudela dio Mikek, eta «oscarra irabaztea» gustatuko litzaiokeela.

«Eguneroko bizimoduan gerta litezkeen egoera batzuk islatzen dituela» dio Lazar Mundreaik. Loreen atzean dagoen amodio istorioa du gustuko Valerica Nistor errumaniarrak.

Sara Rubiok filmeko fotografia eta argia nabarmendu nahi izan ditu, eta Pablo Sanchezek, lehen planoak: «Pertsonaiengana izugarri hurbiltzen zara modu horretan». Hala, «erromantikoa da, eta irudimena eta zentzu guztiak» erabili behar direla dioAlycia Oliphantek. «Sekula ez ditut ikusi hainbeste lore eder pila batera», gaineratu du, irribarrez.

Loreak filmeko ordezkaritzaren bat New Yorken izatea, horrexen faltan sumatu dute askok; abagune honetan euskal zinemak merezi beharko lukeen marketina, alegia.

Loreak-en Oscarretarako kanpainak eta zabaltze bidaiak, ordea, geldiune gehiago izango ditu Ameriketako Estatu Batuetan: Los Angelesera bertara iristekoa da, azaro bukaeran.

Hollywoodeko Akademiaren batzorde batek 81 herrialdetako hautagaien artean bederatzi film aukeratuko ditu abendu erdialdean. Baina bostentzako lekua bakarrik dagoenez, urtarrilaren 14ra arte ez da jakingo finalisten artean izango ote den Loreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.