EAJk irabaziko lituzke Gorteetarako bozak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eusko Jaurlaritzaren inkestaren arabera, jeltzaleek eserleku bat gehiago lortuko lukete. PSE-EEk eta EH Bilduk launa mantenduko lituzkete

Andoni Ortuzar, apirileko hauteskundeetako emaitzak ospatzen, Sabin Etxean MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak inkesta batzuk egin ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeei eta Eusko Legebiltzarrerakoei begira, eta atzo jakinarazi zituzten emaitzak: horien arabera, EAJk zazpi ordezkari izango lituzke Espainiako Gorteetan —orain baino bat gehiago—. Botoen %35 izango lituzkete: lau eserleku Bizkaitik —lehen baino bat gehia-go—, bi Gipuzkoatik (%29,5) eta bat Arabatik (%25,1). Legebiltzarrerako hauteskundeak ere jeltzaleek irabaziko lituzkete—30 legebiltzarkide (+2)—.

Azaroaren 10eko hauteskundeetako bigarren indarra PSE-EE izango litzateke: orain dituen lau eserlekuei eutsiko lieke. Horrela, botoen %19,3 lortuta, bi ordezkari lituzke Bizkaitik, eta bana Gipuzkoatik (%18,3) eta Arabatik (%21,1). Beraz, EAJren eta PSE-EEren arteko gaur egungo akordioak iraungo balu, gehiengo absolutua lortuko lukete. EH Bilduk ere lau eserlekuak mantenduko lituzke, Gipuzkoatik (%23,8) bi ordezkari lortuta, eta bana Arabatik (%14,8) eta Bizkaitik (%13,8).

Emaitza kaskarragoak izango lituzkete Elkarrekin Podemosek, PPk, Ciudadanosek, Voxek eta Mas Paisek. Lehenengoek hiru ordezkari lituzkete —apirilean Bizkaitik eskuratutako eserleku bat galduko lukete—. Gainerakoek, berriz, ez lukete ordezkaritzarik lortuko. Inkestaren arabera, baliteke abstentzioak ere rol garrantzitsua jokatzea: %28tik %35era igoko da.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa nori emango dioten ere galdetu diete herritarrei. Hurrengo urteko uda igaro ondoren egingo direla espero da, eta horiek ere EAJk irabaziko lituzke: orain 28 legebiltzarkide ditu, eta 30 lortuko lituzke. EH Bildu bigarren indarra litzateke, eta hemezortzi eserleku izatetik hamazazpira pasatuko litzateke; Bizkaian galduko luke ordezkari hori. PSE-EE, berriz, nabarmen igoko litzateke: bederatzi parlamentaritik hamabira. Hori dela eta, Elkarrekin Podemos laugarren indarra bihurtuko litzateke: bederatzi ordezkari lituzke, bana galduta Bizkaian eta Araban. PPk ere parlamentari bana galduko luke Gipuzkoan eta Araban, bederatzi ordezkaritatik zazpira igarota. Ciudadanosek eta Voxek, berriz, ez lukete ordezkaritzarik lortuko.

Espainiako Gorteetarako hauteskundetarako abstentzio antzekoa espero da: %38koa Araban, %37,5ekoa Bizkaian eta %36koa Gipuzkoan. Prospekzio Soziologikoen Kabineteak izan du galdeketa egiteko ardura, eta urriaren 1etik 9ra egindako 2.170 inkestarekin osatu dute.

Ahal Dugu Mas Pais-i begira

Ahal Dugu-k Mas Pais aurkezteari egotzi dio Bizkaian Espainiako Gorteetako ordezkari bat galtzeko daukaten aukera. Hala ere, Andeka Larrea komunikazio idazkariak esan du joan den apirilaren 28an Bizkaian lortu zituzten bi ordezkariei eusteko esperantza daukala. Era berean, hautesle aurrerakoiei hauteslekuetara joateko eskatu die: «Arriskua dago eskuinak ultraeskuinaren laguntzaz gobernatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.