Koronabirusa

«Estigmatizazioa» salatu eta laguntza zuzenak eskatu ditu ostalaritzak

Tabernek izan duten zuloa beste sektoreren batean gertatu izan balitz, «Jaurlaritzak berehala erantzungo zuen», Gipuzkoako ostalarien ustez

SOS Ostalaritza taldeko kideak protesta bat egiten, Donostian. JUAN HERRERO / EFE.
xabier martin
Donostia
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Pandemiak ostalaritzan eragin duen bezainbesteko zuloa egin izan balu beste edozein sektoretan, Eusko Jaurlaritzak ostalaritzarekin jokatu duen moduan jokatuko zukeen? Zalantza hori piztu nahi izan du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusi Kino Martinezek. Herrialde horri dagokion sektoreko txostena plazaratu zuen atzo erakundeak, eta Martinezek argi adierazi zuen Jaurlaritzaren erantzuna eta laguntza ekonomikoa «berehalakoa» izango zela ostalaritzak ez beste sektoreren batek izan balu neurri bereko kaltea.

Europako agintari gehienek muga anitz jarri dizkiote ostalaritzari azken urtean, baina Martinezek bereziki kaltetua ikusten du sektorea Gipuzkoan, Jaurlaritzaren politika dela eta. «Euskadiko sektore ekonomiko handienen artean kaltetuena da ostalaritza, enpleguari, jardueraren beherakadari eta galerei dagokienez». Duela urtebete baino 2.364 langile gutxiago ari dira alorrean Gipuzkoan (-%10), eta fakturazioaren %40,9 galdu dute; jatetxeek, gehiago: %43.

Gipuzkoako ostalarien bozeramaileak atzerrira begiratu du, Jaurlaritzaren laguntza eskasak agerian uzteko. «Europako herrialde aurreratuak, hala nola Frantzia, Alemania eta Herbehereak, ostalaritzari laguntzen ari zaizkio etengabe, urrian itxi zirenetik». Euskal Herrian bertan, beste politika bat egiten ari den administrazio bat ere bada, haren ustez: Nafarroa. Eta Espainiako «Murtzia eta Extremadura» aipatu ditu «laguntzetan Euskadi nabarmen gainditzen duten erkidegoak» zerrendatzean. «Kasu batzuetan, berariazko planak egiten dira sektore kaltetuenentzat». Kataluniako gaueko aisialdia eta Valentziako goi mailako sukaldaritza dira horren adibide batzuk.

Alokairuak merkatu dira

Martinezek uste du administrazioak ostaritza pandemiaren errudun egiten duela oraindik ere. «Gu estigmatizatzen jarraitzen dute, eta itxiarazten, beste esparruetan jardun gabe». Hala, beste estrategia bat ikusi nahiko luke Gasteizko gobernuaren erantzunean: «Susperraldia ez da murrizketekin egiten, baizik eta txertaketa eta duela zenbait hilabete iragarritako zuzeneko laguntza programak bizkortuz. Gaur egun ez dugu horien berri».

Ostalaritzak Gipuzkoan izan duen lurrikarari neurria jartzen diote datuek: herrialdean, aldi baterako erregulazioan dauden langile guztien %41,2 ostalaritzakoak dira. Eta beste datu bat gehitu du: autonomo asko dauden sektoretzat jotzen da taberna eta jatetxeena, baina alorrean diharduten beharginen %75 soldatapekoak dira. Alokairuei dagokienez, berriz, negozioen %52k alokairu bat pagatzen dute Gipuzkoan. Bada, urtebetean %21 merkatu da batez besteko alokairua, hileko 1.724 eurotik, 1.351 eurora.

Txertaketa prozesuak ere kezkatzen du Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusia; sektoreko langileei txertoa lehenbailehen eman diezaieten nahi du: «Arrisku handieneko adin taldeei txertoa jarri ondoren, gure langileei berehala txertoa jartzeko eskatzen diegu, administrazio publikoek orain arte hartutako neurrien arabera kutsatzeko arrisku handiena duten taldeetako bat baitira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.