Ertzaintzak anbulantzia baten eskaerari entzungor egin zion, lekukoen ustez

Anbulantzia etorri arteko tartea «amaigabea» izan zela esan du Cabacas artatu zuenak. Ertzainak «zuzenean» egin zuen tiro, lekukoen arabera

Iñigo Cabacasen hilketaren epaiketan sei lekukok deklaratu zuten atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Maider Galardi
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Lekukotza gogorrak entzun ziren atzo, Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaiketaren bosgarren saioan. 2012ko apirilaren 5ean gomazko pilota batek jo ostean Cabacas artatu zuen erizainak hitz egin zuen, besteak beste. Azaldu duenez, zauritua lurrean eta «oso larri» zegoela ohartuta, erizainak ertzainei esan zien anbulantzia bati deitzeko. Poliziek «jaramonik egin ez» zutela adierazi du, ordea, eta denbora «amaigabe» bat zain egon ostean, berak deitu zien larrialdiko zerbitzuei. Beste hainbat lekukok ere berretsi dute Ertzaintzak entzungor egin ziola anbulantzia ekarrarazteko eskaerari.

Hain justu, larrialdi zerbitzuetara deitu zuen beste lekuko batek ere deklaratu du. Auzitegian entzun dute deiaren grabaketa, eta bertan entzun daiteke nola lekukoak adierazi zuen Ertzaintza «oldartzen» ari zela, eta «pertsona bati buruan eman» ziotela. Beste zenbait lekukok ere adierazi dute Ertzaintzari ohartarazi ziotela anbulantzia bat ekarrarazteko Cabacas lurrean «odolez beteta» baitzegoen. Ertzaintzak, ordea, kasurik egin ez zuela nabarmendu dute han izandakoek.

Areago, beste lekuko batek esan du Cabacas lurrean ikustean nerbioak jota eskatu ziola ertzain bati anbulantziari deitzeko. Azaldu duenez, negarrez ari zela-eta iseka egin zion ertzainak lekukoari, anbulantziaren eskaerari jaramonik egin gabe: «Begira nola egiten duen negar neskatoak», esan zion poliziak.

Zauritua artatu zuen erizainak gogor jo du Ertzaintzaren jarreraren aurka. Tiroak hasi zirenean loreontzi handi baten atzean ezkutatu zen, eta ikusi zuen jendeak zenbait botila jaurti zituela, nahiz eta oso bakanak izan ziren horiek. Ikusi zuen Cabacas lurrean zela, eta hura artatzera joan zen: «Odoletan hasi zen belarrietatik, ahotik eta sudurretik». Anbulantzia eskatu, eta Ertzaintzak jaramonik egiten ez zuela ikusita, erizainak esan du ertzain bati ondokoa esan ziola: «Lotsagabe batzuk zarete, hiltzaileak, mutilari burua lehertu diozue».

Tiroak «zuzenean»

Aurreko saioetan egin moduan, hainbat lekukok azpimarratu dute Ertzaintzak «zuzenean» egin zuela tiro jendearen aurka: «Armaren ahokoa angelu zuzenean zeukaten»; «Hiltzera egiten zuten tiro», ohartarazi dute. Epailearen aurrean esandakoaren arabera, «gorputzera» eta «zuzenean» egin zuten tiro poliziek: «Ertzain batek metro batera zuzendu zuen arma nigana, gorputzera», nabarmendu du lekuko batek.

Gainera, berretsi dute Ertzaintza abisatu gabe hasi zela tiro egiten. Hala esan du bertan izandako batek: «Polizien bi furgoneta iritsi ziren, eta abisatu gabe oldartu ziren». Beste batek ere esan du une horretan ez zegoela istilurik: «Ezer esan gabe hasi zen Ertzaintza oldarraldian, nahasmen handiko uneak izan ziren».

Beste lekuko batek ikusi zuen aurrez borroka txiki bat, baina ez zion berebiziko garrantzirik eman gertatutakoari. Maria Diaz de Haro kaleko plazatxoan zegoen beste batek, ordea, esan du ez zuela halakorik ikusi, eta Ertzaintza abisatu gabe hasi zela borrekin jotzen eta pilotak jaurtitzen. Hain justu, pilota horietako batek jo zuen lekukoa bizkarrean.

Guztira hamalau lekukok parte hartu zuten atzoko saioan, eta aurreko egunetan gertatu moduan, ia guztiek azpimarratu dute Ertzaintzaren oldarraldia «neurrigabea» izan zela. Gaur jarraituko du epaiketak, eta Ugarteko ezizenez ezagutzen den ertzainak deklaratuko du epailearen aurrean; lekuko gisa, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.