Txingarrak oraindik gori daude Siemens Gamesan

Iberdrolak berriz ere zalantzan jarri du taldeak Siemensekiko duen autonomia. Marcus Tacke kontseilariak «gainditutzat» jo du garai zaila
Marcus Tacke, hizlari, Siemens Gamesaren akziodunen batzarrean.
Marcus Tacke, hizlari, Siemens Gamesaren akziodunen batzarrean. LUIS TEJIDO / EFE

Irune Lasa -

2019ko martxoak 28
Zenbaki gorriak atzean utzi eta emaitza positiboak aurkezteak ez die akziodun batzar erabat baketsua ziurtatu Siemens Gamesaren arduradunei, eta, nahiz eta azken ekitaldiko kontuak onartuak izan diren, agerian gelditu da oraindik gori daudela Siemensen eta Iberdrolaren arteko gerraren txingarrak.

Siemensen eta Gamesaren arteko baturaren bi urteko ibilbide gorabeheratsuan abenduan iritsi zen nolabaiteko bakea, orduko presidente Rosa Garciak kargua utzi baitzuen. Haren tokia finantza zuzendariak hartu zuen, Miguel Angel Lopezek. Atzokoa zuen Lopezek lehen akziodunen batzarra presidente gisa. Alboan izan zuen bi urteetan eztabaidaren erdian egon den kontseilari ordezkaria, Marcus Tacke.

2017an zenbaki gorriak eman zituen Siemens Gamesak. 2018an —otsailean ixten du taldeak ekitaldia—, berriz, 70 milioi euroren irabaziak aurkeztu ditu, eta datozen bi urteetarako lana ziurtatua du, ia 23.000 milioi euroko eskari poltsa baitu. Lopezen arabera, «aireratze zail baten ostean», Siemens Gamesak «gurutzaldi abiadura» iritsi du, eta bateratzearekin konpainia indartsu bihurtu da, eskala egokiarekin globalki lehiatu ahal izateko eolikoen merkatuarentzat aurreikusten den hazkunde handian.

Tackek, berriz, esan zuen azken bi urteak «zirraragarriak» izan direla, eta garai zaila «gainditutzat» eman daitekeela. Tackek azpimarratu zuen konpainiak bere buruari ezarritako helburu guztiak bete dituela 2018an, eta etorkizun oparoa aurreikusi zuen «sustraiak Euskal Herrian» dituen Siemens Gamesarentzat: «Munduari behar duena saltzen ari gara; historiaren alde zuzenean gaude; une aproposean, sektore egokian». Datozen urteetan haize erroten merkatua nabarmen haziko dela azaldu zuen kontseilari ordezkariak, eta bereziki offshore alorra, itsasoko haize erroten sektorea. Siemens Gamesak lidergoa du arlo horretan, eta 2025era bitartean %27 handituko ditu salmentak, Tackek iragarri zuenez.

Gerraren txingarrak

Xehetasun ugari eman zituen Tackek, baina, hala ere, ez zion zehaztasun askorekin erantzun akziodunen txandan Iberdrolaren izenean hitz egin zuen Mikel Arrietari. Bilboko konpainia elektrikoa Siemens Gamesaren akziodun handienetan bigarrena da —akzioen %8 baititu—, eta oraindik ere «kezkatuta» dabil gobernu onarekin. Arrietak gaitzetsi egin zuen taldeak Siemensekin dituen aldi baterako zenbait erosketa kontratu luzatu izana. Halakoen ondorioz, «Siemens Gamesak oraindik ez du Siemensekiko independentziarik eta autonomiarik».

Zenbait erabaki Iberdrolaren administrazio kontseiluari jakinarazi gabe hartzen direla eta hori ez zaiola ongi iruditzen ere esan zuen Iberdrolaren eledunak. Edonola ere, Siemens Gamesako buruzagiek bozkatzeko aurkeztutako puntuei baiezkoa eman zien Iberdrolak, puntu bakar batean izan ezik. Iberdrola abstenitu egin zen zuzendarientzat luzarorako pizgarriak proposatzen zituen puntuan. Arrietak azaldu zuenez, Siemens Gamesako buruentzako pizgarri sistema berria praktikoki Siemensek bere zuzendarientzat duenaren berdina da, eta Siemens Gamesa Siemensen integratzeko pauso bat izan daiteke.

Iberdrolaren ordezkariak, era berean, salatu zuen eskatutako informazioa bezperan eman ziotela zuzendaritzakoek. Marcus Tackek erantzun zion informazio eskaera hori atzoko akziodunen batzarra baino bi egun lehenago jaso zutela, eta «ahalegin berezia» egin zutela bezperako erantzuneko agiria lantzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna