Koronabirusa

EBZk zorra erosteko programan diru gehiago jartzea erabakiko du bihar

Beste bilioi erdi euro jartzea espero dute analistek. Orain arteko onuradun nagusia Italia izan da, baina Alemaniaren zor asko ere erosi du

EBZ Europako Banku Zentralaren egoitza, Frankfurten, artxiboko irudi batean. ARMANDO BABANI / EFE.
Irune Lasa.
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Christine Lagarderen EBZk «zirkinik egin gabe» krisiari aurre egiten segitzen duela erakutsi beharko du bihar, bankuaren kontseiluaren bilkuran eta, batez ere, ondorengo agerraldian. Espero denez, munizio gehiago jarriko du pandemiaren ondorioei aurre egiteko bankuaren tresna nagusian, zor merkatuetan erosketak egitekoPEP programan.

Dagoeneko 234.000 milioi joan dira zorra erostera, eta, horrela jarraituz gero, PEP muniziorik gabe geldituko litzateke urrirako. Alegia, 750.000 milioi euro ez direla nahikoa, analista gehienen iritzian. Eta, ziurrenez, uste bera dute EBZren kontseiluan.

Hala, Frantziako Bankuko gobernadore François Villeroy de Galhauk orain gutxi esan du «harago joan behar izatea oso probablea» dela. Lagardek berak argi utzi izan du ez dutela zalantzarik izango bonuen erosketa programaren« neurria, iraupena eta osaketa egokitzeko». Pandemiaren hasieran baino ezkorrago dago orain EBZ, eta aukerarik okerrena espero du: euroguneko ekonomia %8-12 erortzea aurten.

Analisten arabera, PEP programarako gutxienez beste bilioi erdi euro jarriko du EBZk, 1,25 bilioi euro osatzeraino. Gainera,oso litekeena da programa bereziaren lan epea urte bukaeratik 2021eko irailera luzatzea ere.

Posible da Lagardek bihar beste neurriren batzuk ere iragartzea, hala nola konpromisoa hartzea zorraren erosketa programatik lortutako sarrerak datozen urteetan berriz eskema bertsuan inbertitzeko, eta prest agertzea fidagarritasun txikiagoko enpresen bonuak erosteko.

Orain artekoak

PEP programarekin egindako erosketen berri, hain zuzen, atzo eman zuen EBZk. Orain arteko 234.600 milioi euroren erosketetatik 186.600 milioi joan dira euroguneko sektore publikoaren zorrak poltsikoratzera. Herrialde bakoitzaren eurogunearekiko neurria kontuan hartuz, onuradun handienak Italia (37.365 milio euroko zorra), Espainia (22.392 milioi) eta Alemania (46.746 milioi) izan dira. Frantziako zorretan 23.575 milioi euro ere erosi ditu PEP programak, baina kopuru hori txikia da herrialdearen neurriak kontuan hartuz gero; neurriaren erreferentziaren oso azpitik gelditzen da, eta gora, berriz, Italia, Espainia eta Alemania.

Deigarria da Alemaniako zenbat zor erosi duen EBZk. Zerikusirik izan ote du Alemaniako konstituzionalaren epai sonatuarekin? Biharko prentsaurrekoan erosketa horiei buruzko azalpenak eskatuko dizkiote Lagarderi.

Sektore pribatuko zorretan ere erosketa esanguratsuak egin ditu EBZk PEP abian jarri zuenetik, ataka estuan daudenenpresak laguntzeko eta babesteko. Hala ere, diru gehiago joan da agindu txarteletara (35.300 bat milioi euro), enpresek jaulkitako zor bonuetara baino (10.500 bat milioi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.