Tubos Reunidosek zorra berriro negoziatu beharra dauka bankuekin

Urte hasieratik galerak ditu berriz Amurrioko taldeak, eta 212 milioi euroko zorra du. Burdingileak AEBetara egiten ditu salmenten %45

Productos Tubulareseko langileak, protestan, joan den martxoan. LUIS TEJIDO / EFE.
Irune Lasa.
2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidenteak atzerriko altzairuari muga zergak igotzeko hartutako erabakia larrutik ari da ordaintzen Tubos Reunidos. Hiru urteko galeren ostean, iazko urtea mozkinekin amaitzea erdietsi zuen Amurrioko taldeak. Gerrikoa estutu, eta produktibitatea %10 eta salmentak %60 handitu zituen, gutxieneko etekin bat lortzeko. Baina aurten, atzera, zenbaki gorrietara itzuli da taldea. Lehen hiruhilekoan, 8,6 milioi euro galdu zituen, nahiz eta salmentei eutsi.

Tubos Reunidosek salmenten %45 egiten ditu AEBetara, eta muga zergek pisu handia dute taldearen emaitzetan. Dolar-euro trukearen bilakaerak berak ere asko baldintzatu ditzake taldearen kontuak, bai salmenten aldetik, bai lehengaien erosketaren ikuspegitik.

Horiek horrela, Tubos Reunidosek negoziazioa abiatu du bankuekin, 212 milioi euroko zorraren zati handiena hartzen duen 207 milioi euroko mailegua pagatzeko baldintzak berritu nahian, atzo CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari bidalitako agirian azaldu duenez. Joan den urte hasieran lortu zuen bankuekin azken akordioa, eta 2022. urteraino luzatu zuen mailegua ordaintzeko epea.

Apirilean, Trapagarango Productos Tubulareseko 157 langile kaleratu nahi izan zituen Tubos Reunidosek, baina, sei asteko grebaren ondoren, erregulazio txostena atzera bota zuen. Oraindik argitzeko dago galera handiak dituen taldeak Traparango lantegiarekin zer egin nahi duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.