Inoizko errenta aitorpen kopuru handiena jaso du Bizkaiak, eta kexu ugari

Iruarrizaga diputatuak ukatu egin du «kaos bat» izan dela. Gipuzkoan, 5,3 milioi euroko emaitza positiboa egon da, «historiako onenetariko bat»

Bizkaiko Ogasuneko arduradunen agerraldia, atzo. BFA.
xabier martin
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Aurreko urteko errenta kanpaina apartekoa izan zen erabat, koronabirusarengatik, baina apartekotasuna atzean geratu da aurten, eta inoizko errenta aitorpen kopururik handiena erregistratu dute Bizkaiko Ogasunean. Gipuzkoan ere kanpainarik onenetariko bat izan du hango ogasunak, «historiako onenetan bigarrena», 5,3 milioi euroko emaitza positiboa izan baitu. Bizkaian, ordea, 2020ko urte fiskalari dagokion kanpaina urrun ibili da ohikotasunetik, Ogasunak inoiz baino kexu gehiago jaso baitu bere eredu berria dela eta. Zergadunen 1.180 kexu ofizial pilatu ditu, aurreko urtekoak halako bi.

«Datuek diote kanpaina ez dela txarra izan», esan du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak, baina erantsi du badirela «esparruak hobetzeko». Zergadunen kexuak bikoiztu egin badira ere, ez du uste errenta kanpaina «kaos bat eta porrot bat» izan denik. Hala ere, onartu du Ogasunak bere eredu berria doitzen jarraituko duela; eredu horrek autolikidazio proposamena orokortu egin du, eta zergadun ia guztiei iritsi zaizkie proposamenak.

Hala, 636.264 errenta aitorpen jaso ditu Ogasunak, iaz baino %9 gehiago (+56.524). Jasotako guztien %70 inguru (453.698) zergadunen aldeko atera dira. Guztira, 407,7 milioi euro itzuli ditu Bizkaiak, eta 379,5 milioi bildu182.566 aitorpeni esker. Horiek horrela, 29,2 milioi euroko emaitza negatiboa izan du kanpainak. Dirua jaso duten bizkaitarrek 900 euro jaso dute batez beste, eta Ogasunari dirua eman diotenek 2.078 euro ordaindu dizkiote batez beste.

Gipuzkoan, pozik

«2020. urtea pandemiarena izan bazen ere, ekonomia suspertu egin zen bigarren erdian», esan du Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak. Perona pozik da «historiako errenta kanpainarik onenetan bigarrena» izan delako, 5,3 milioi euroko emaitza positiboa izan baitu. «Lan merkatuan eta enpresen salmentetan islatu da susperraldi hori, eta horri esker lortu ditugu emaitza onak kanpaina honetan». Ogasunak 268 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 273,3 bildu. Aurtengo kanpainak okertu egin ditu iazko kanpainaren datuak, baina 2019koa inoizko onena izan zen, 20,2 milioiko emaitza positiboa lortuta. «Ez da 2019ko emaitza lortu, baina bide horretatik jarraitu dugu», esan du Peronak.

Zergadunek 383.650 aitorpen aurkeztu dituzte Gipuzkoan, iaz bezalatsu. 100.000 likidazio baino gehiago Internet bidez bidali dituzte; autolikidazio proposamenak 222.835 izan dira (-3.800), eta aurrez aurrekoak, berriz, 60.800.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.