Estatuko itunak ezartzen dituztenek diru publikoa ez jasotzea nahi du LABek

Sindikatuak idatzi bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, ganberak eska diezaien Kongresuari eta CEOEri lan erreformak baliogabetzeko

LABeko ordezkaritza Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
xabier martin
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ez laguntza publikorik, ez izaera publikorik ez duen kontraturik. Espainiako lan hitzarmenak aplikatzen dituzten enpresak administrazioen kontratuetatik kanpo geratzeko eskatu du LAB sindikatuak. Eusko Legebiltzarrean erregistraturik utzi zuen proposamena, atzo. Idatzi horrek ganberari beste eskaera zehatz bat egin dio:esan diezaiela 2010eko eta 2012ko lan erreformak beren osotasunean baliogabetzeko Espainiako Kongresuari, CEOE zein Cepyme patronalei eta CCOO eta UGT sindikatuei. Lan prekaritateari aurre egiteko proposamena dela zehaztu zuen sindikatu abertzaleak.

LABeko Ekitza sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendia buru zuen ordezkaritza batek eraman zuen proposamena Gasteizko legebiltzarrera. Ugartemendiak gogoratu zuen asko hitz egin dela lan erreformaren baliogabetzeaz, baina errealitatea «oso bestelakoa» dela. Izan ere, iazko abenduaren 13an CCOOk iragarri zuen erreformaren puntu batzuk aldatzeko akordiorako oinarri bat zuela Pedro Sanchezen gobernuarekin. Moncloak ez du baieztatu, baina ezaguna da elkarrizketetan dabiltzala. LABek uste du erreformaren oso puntu gutxi aldatzeko borondatea dutela alde biek.

«Harrigarria da aipatu dituzten aldaketen artean ez egotea kaleratzeak erraztea, kalte-ordaina 33 egunera jaistea eta erregulazioak egiteko aukerak zabaltzea; estatalizazioa ere ez dute zalantzan jartzen». XabierUgartemendiaren arabera,«hau guztia makillaje operazio bat da. Erreformen alderik larrienak hor daude, patronalak prekaritatea ezartzen jarraitu ahal izateko».

Irtenbidea, Euskal Herrian

LABek Eusko Legebiltzarrari eskatu dio jarrera argia erakusteko euskal itunen estatalizazioaren aurka. Bai eta euskal langileak beren lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzeko eta adosteko duten eskubidea defenda dezala ere. Betiere helburu horren alde, sindikatu abertzaleak eskatu du kontratazio publikotik at uzteko Espainiako itunak aplikatzen dituzten enpresak; laguntza publikoak eskuratzeko ezintasuna lukete, halaber, LABen proposamenaren arabera.

Xabier Ugartemendiak esplikatu zuen euskal langileek duten egoeraren irtenbidea ez dela Madrildik etorriko: «Irtenbidea Euskal Herrian dago. Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua ezinbestekoa da dugun egoerari aurre egiteko, baita hemen behar ditugun neurriak eta horiek aurrera eramateko tresnak sortu ahal izateko ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.