Auditoreak zalantzak ditu Tubos Reunidosek lanean segitzeko duen gaitasunaz

PwCk zorraren berregituraketari buruzko ziurtasun faltaz oharra egin du bere txostenean. Burtsan %9 amildu dira tutugilearen akzioak
Tubos Reunidosen Amurrioko lantegia.
Tubos Reunidosen Amurrioko lantegia. JUANAN RUIZ / FOKU

Irune Lasa -

2019ko apirilak 24
Tubos Reunidos egoera zailean dagoela agerian gelditu da, berriz ere, PwC kontu auditoreak tutugilearen iazko kontuei buruz egindako txostenean, zeina herenegun erregistratu baitzen CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean.

Joan den irailaz geroztik, banku talde batekin duen zorra nola ordaindu negoziatzen dabil Amurrioko taldea, aitortua baitu oso zaila izango duela gaur egungo ordainketa epeak betetzea. Negoziazio hori argitu artean, eta, gaur egungo egoerari begira, PwCren ustez, «ziurgabetasun material bat dago, zeinak zalantza nabarmenak sor ditzakeen sozietateak enpresa gisa lanean jarraitzeko duen gaitasunari buruz».

Krisitik atera nahian zebilen Tubos Reunidos, eta haren ibilbidea okertu besterik ez zuten egin AEBez kanpoko altzairuari Donald Trumpek jarritako %25eko muga zergek, eta hura bere zorraren ordainketa berriz negoziatzera behartu zuten. Amurrioko taldeak bere salmenten %45 inguru egiten ditu AEBetan.

Tubos Reunidosek 2017. urtean izenpetutako kreditu sindikatuak gaur egun hiru zati ditu: 120,5 milioi eurokoa da mailegu nagusia, bost urtetan haziz doazen amortizazioekin —10,6 milioi iaz; 11,1 milioi aurten; 26,3 milioi 2020an; 32,5 milioi 2021ean; eta 37,6 milioi 2022an—.

Bigarren mailegua—58,2 milioi eurokoa— bost urte eta erdiren buruan kitatu behar du tutugileak, kapitala epe amaieran itzulita eta ordura arte soilik interesak ordainduz. Kreditu sindikatuaren hirugarren zatia, berriz, 29 milioi eurokoa da, automatikoki bost urte eta erdira luzatu daitekeena —baldintza jakin batzuk beteta—.

Ordainketak atzeratzen

Joan den abenduan, zorra ordaintzeko zailtasunetan, kredituaren kontratua berritu zuen Tubos Reunidosek, eta 2018ko azaroko kuotaren eta interesen ordainketa 2019ko otsailera atzeratzea hitzartu zuen bankuekin. Era berean, bankuek barkatu egin zioten kredituak ezartzen zuen finantza ratioa ez betetzea.

Otsailean azaroko kontuak kitatuta, beste kontratu berritze baten bidez, otsaileko ordainketak maiatzera arte atzeratzea lortu zuen Arabako enpresak. Txostenaren arabera, kreditua berregituratzeko negoziazioetan buru-belarri dabil Tubos Reunidos, eta haiek «aurki ixtea» espero du.

Iaz, Tubos Reunidosek 34,4 milioi euro galdu zituen, baina galeraren arrazoi nagusia zorraren ordainketa izan zen, emaitza operatiboak positiboak izan baitziren (18,6 milioi euro). Taldeak %10 handitu zuen bere negozio kopurua —342,5 milioi euroraino— petrolio industriaren eskaerei esker. Eta aurtengo bigarren seihilekoan eskariak eta salmentak handitzea espero du.

Bitartean, Trapagarango Productos Tubularesen iragarritako kaleratzeak baztertuta, tutugintza taldea behin-behineko lan erregulazio dosierrekin egiten ari da aurre ekoizpen murrizketei. 2018 amaieran 1.351 langile zituen Tubos Reunidosek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna