Hiruhileko gozo-garratza Siemens Gamesarentzat

Zerga urteko lehen hiruhilekoan 174 milioi euroko galera izan du haize erroten konpainiak. Hala ere, eskariak %82 handitu ditu, eta inoizko eskari poltsarik handiena du, 28.000 milioi eurotik gorakoa

Siemens Gamesaren haize erroten eredu bat, Bilbon, artxiboko irudian. LUIS TEJIDO / EFE.
Irune Lasa.
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
«Ez da hiruhileko erraza izan Siemens Gamesarentzat», ametituzuen atzo Markus Tackek, konpainiako kontseilari ordezkariak, 174 milioi euroren galeren berri ematean. «Aitortu behar dugu gure emaitza finantzarioa ez dela izan urterako helburuak ezartzean espero genuena. Eragin puntuala izanagatik ere, ez dugu espero halakorik berriro gertatzeahiruhileko gehiagotan, neurriak hartzen ari baikara». Neurri horiek arrisku kudeaketan eta gobernantza korporatiboan hartzen ari omen dira.

Garratza izan zen atzoko eguna Tackerentzat. Siemens Gamesak bere urte fiskaleko lehen hiruhilekoan (2019ko urritik abendura artean) 2.001 milioi euroren salmentak egin zituen, aurreko urtekoak baino %12 txikiagoak. Indiako merkatuaren pattalaldia, Txinara saldutako haize errota merkeagok, eta haize errota handiagoetarako fabrikak egokitu beharrak izan dute eraginik horretan. Hala ere, haize errota egilearen arabera, beste batzuk izan dira hiruhilekoko galeraren arrazoi nagusiak. Joan den astean egindako profit-warning-ean (galera ohartarazpena burtsarentzat eta inbertsiogileentzat) azaldu zuenez, bere kontuei 150 milioi euroko kaltea eragin diete aurreikusitakoa baino kostu handiagoa izan duten zenbait proiektuk. Ohartarazpenak Siemens Gamesaren akzioak ia %10amiltzea eragin zuen burtsan.

Arazo guztiak bost on-shore (lurreko) proiektuetan izan ditu Siemens Gamesak, Europa iparraldean, eta, gehienbat, Norvegian. Ibilbideen egoera txarrak eta neguaren etorrera goiztiarrak atzerapen nabarmena eragin dute proiektuetan, eta instalazio leihoari erasan dio. Off-shore alorrean (itsasoko haize erroten negozioan), berriz, aurreikusitako jarduerari eutsi diola jakinarazi du konpainiak.

Datu kaskar batzuen garraztasuna beste zenbaki batzuekin gozatzen saiatu zen Tacke; eskari kopuruaren eztiarekin. Siemens Gamesaren eskari poltsa inoizko handiena da, 28.089 milioirena, hiruhilekoan %82 hazita. Konpainiako presidentearen aburuz, energia eolikoak, eta Siemens Gamesak berak, epe luzerako dituzten aukeren adierazle da kopuru hori. Alde horretatik, Tackek uste du Senvionen aktiboen erosketak bultzada emango diola zerbitzuen negozioari, «zeinak marjina askoz handiagoak dituen».

Dena den, kopuru guztiei begira, Siemens Gamesak 2020. urterako bere hazkunde aurreikuspenak beheratu egin behar izan ditu. Lehen, ustiapeneko emaitzaren %5,5 eta %7 arteko hazkundea aurreikusi zuen; orain, %4,5 eta %6 artekoa da. Aurten 10.200-10.600 milioi euroren salmentak espero ditu multinazionalak.

Siemensek Iberdrola akziodunarekin piztuta duen gatazkan, zeina auzibidera iritsi den, badirudi energia konpainiak Siemens Gamesan dituen akzioak saltzeko negoziazioak nahiko aurreratuak daudela. Ikusi beharko da, dena den, operazio hori nola gauza daitekeen alde guztien nahiak betetzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.