Esperantza handirik ez dago Txinaren eta AEBen arteko negoziazioarekin

Trumpek enpresa txinatar gehiago zerrenda beltzean sartzeak Pekin haserretu du. Ezkortasuna hedatu da gaurko bileraren inguruan

Donald Trump eta Xi Jinping, AEBetako presidenteak Pekinera egindako bisita batean. XINHUA.
xabier martin
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Trumpek muga zergen azeleragailuari eragin dio azken egunetan, eta nabarmen handitu da munduko ekonomiak istripu larri bat izateko arriskua. Izan ere, Pazifikoko frontea ez du baretu Txinako enpresa teknologiko gehiago zigortuen zerrendan sartzeak, ezta Txinan egitekoak ziren NBAko hainbat ekitaldi bertan behera uzteak ere. Washingtonen estrategia ezaguna da: negoziatzeko hitzorduen bezperan, kolpe handiak ematea, negoziazioa nagusitasun posizio batetik hasteko edo. Oraingoan Pekin benetan haserretu da, ordea, Etxe Zuria sukalderaino sartu delako Xi Jinpingen gobernuarentzat etxeko auziak diren horietan: Xinjiangeko gutxiengo musulmanen egoera.

«Ez diogu utziko inongo herrialde atzerritarri Xinjiangekin lotutako gaietan sartzea», esan du Pekinek argi. Horiek horrela, gaur hastekoak diren bi potentzien arteko negoziazioek ez dute esperantza handirik piztu inon. Hala, Pazifikoko fronteak gaiztoturik jarraituko du, eta gerra komertzialak bere horretan. NDF Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi berri du 2020. urterako 637.000 milioi euroren galerak ekarriko dizkiola munduko ekonomiari. Donald Trumpek, ordea, irabazi beharreko hauteskunde batzuk ditu zain.

Atlantikoko frontea da Trumpek azken astean piztu duen bestea, eta Euskal Herria bete-betean harrapatu duena. Urriaren 18an indarrean sartzekoak dira Alemaniako, Frantziako, Espainiako eta Erresuma Batuko hainbat janari-edarien aurkako muga zergak. Aeronautikaren esportazioak ere %10eko zerga bereziekin zigortuko ditu Washingtonek; ez alferrik, Airbusi legez kanpoko laguntza publikoak eman dizkiotelako baimendu ditu MME Munduko Merkataritza ErakundeakTrumpen azken neurri horiek: ia 7.000 milioi euroko muga zergen ezarpena.

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapia Hegan klusterrarekin batzartu zen atzo. Sektore horretako euskal enpresek 245 milioi euroren salmentak egiten dituzte AEBetara, batik bat Aernnovak eta ITPk, eta asko eta asko Airbusen lehiakidearentzat, Boeingentzat alegia. Oraindik argitzeko dago esportazio horiek zergapetuko ote dituzten. Klusterrak ezetz uste du, ez diela eragingo osagaiei, hegazkin bukatuei baizik, Airbus hegazkinei.

Gaur, ardogintza

Gaur, berriz, ardogintzaren eragileekin elkartuko da Tapia, besteak beste, AEBetara egiten dituzte esportazioetatik galduko litzatekeen zatia beste merkatuetan irabaz ote daitekeen aztertzeko. Ia 26 milioi euroren salmentak egiten dituzte han Basque wine gisa esportatzen den produktuaren ekoizleek (txakolina eta Arabako Errioxako ardoa). Jaurlaritzak 7,6 milioi euroko galera aurreikusi du EAEko enpresentzat, muga zergak gauzatzen badira. Datorren astelehenean da E eguna, hilak 14, zerga bereziek atzera-bueltarik ote duten jakingo da eta. MMEren babesean batzartuko dira Washington eta Brusela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.