«Alerta antiterrorista gorena» ezarri dute Frantzian

Nizan hiru pertsona hil dituzte eliza batean. Lyonen, Avignonen eta Frantziaren Saudi Arabiako kontsulatuan erasoak egin dituzte

Polizia bat erasoa izan den Nizako Notre Dame katedrala zaintzen. IAN LANDGSON/ EFE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Berriro ere eraso egiten badigute, gure balioengatik da, askatasunaren alde egiten dugunagatik, gure lurraldean askatasunez sinesteko eta beldurrezko espiriturik ez uzteko dugun aukeragatik. Argi eta garbi diot: ez dugu ezertan amore emango». Hitz horiekin mintzatu zitzaien herritarreiEmmanuel Macron Frantziako presidentea atzo goizean Nizan (Okzitania). Erasoa izan zen goizean Nizan. Hiru pertsona hil zituzten hiriko Notre Dame elizanlabanarekin eraso egin ostean. Bi emakumezko eta gizonezko bat dira hildakoak. Ustezko erasotzailea unean bertan atxilotu zuten, eta polizia iturrien arabera «atxilotzeko unean bertan onartu zuen eraso terrorista zela». Fiskaltza Antiterroristak hartu du ikerketaren ardura. «Atentatu terrorista islamista» izan dela erran zuen Macronek. Christian Estrosi Nizako alkateak, berriz, «terrorismo islamofaxistatzat» jo du.

Nizakoa Frantzian azkenaldian eginiko erasorik larriena izan da, baina ez zen atzo gertatutako bakarra izan. Frantziako Poliziak eskuetan labana bat zeraman gizonezko bat atxilotu zuen Lyonen. Avignonen, Poliziak arma bat zeraman gizonezko bat tiroz hil zuen, hark agenteak «mehatxatu» ondotik. Frantziak Saudi Arabiako Jidda hirian duen kontsulatuan, berriz, segurtasun zaindari bat sastakatu zuten labanarekin. Goizean bertan «alerta antiterrorista gorena» ezarri zuen Macronek eta gobernuaren erantzuna «irmoa, gupidagabea eta berehalakoa» izango zela zin egin zuen. Kultu guneetako segurtasuna indartzeko polizia gehiago bideratuko zituela ere jakinarazi zuen Frantziako presidenteak. Denera, 7.000 polizia baino gehiago arduratuko dira elizetan segurtasuna mantentzeaz. Gaur, goizerako Defentsa Kontseilura deitu du Macronek.

Europako agintariek berehalako babesa adierazi zioten Frantziako Gobernuari. «Europa dena dago Frantziarekin. Batera gaude fanatismoaren aurkako borrokan», adierazi zuen Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek. Antzeko mezua zabaldu zuen Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak ere. Giroa gori dago azken asteetan Frantzian. Duela aste gutxi, muturrek islamista batek Samuel Paty historia irakaslea hil zuen, hark ikasleei Mahomaren karikatura batzuk erakutsi zizkielako, ikasgelan adierazpen askatasunaren gaiaz eztabaidatzeko. Haren omenaldian, presidenteak esan zuen ez ziotela uko egingo karikaturak egiteko eskubideari.

Tentsioa gora Erdoganekin

Ordutik, elur bola handitu eta handitu egin da. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak herritarrei eskatu die Frantziako produkturik ez erosteko, eta Macronen adierazpen askatasunaren aldeko sostengu mezuak protestak eragin zituen hainbat herrialde musulmanetan. Aste honetan, Frantziako Charlie Hebdo aldizkari satirikoak Erdoganen karikatura bat eraman du azalera, eta Turkiako presidenteak adierazi du «behar diren lege neurriaketa diplomazia mailakoak» hartuko dituela aldizkariaren kontra. Turkiako Gobernuak, aitzitik, erasoa salatu du, eta adierazi ez dagoela arrazoirik norbaiten hilketa edo indarkeria legitimatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.