Buteflikari babesa kendu eta boterea uzteko eskatu dio armadako buruak

Aljeriako Konstituzioaren 102. artikulua aplikatzeko eta presidentea inhabilitatzeko eskatu du orain arte haren gizon leialena izan denak

Buteflikaren kontrako protestak, atzo, Aljerren. MOHAMMED MESSARA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Abdelaziz Buteflikak hogei urte beteko lituzke agintean heldu den apirilaren 27an, gaur hilabete batera, baina ez dirudi urtemuga ospatuko duenik, ez behintzat boterean. Aljeriako presidentearen babesa gero eta eskasagoa da, arrapaladan galdu baitu sostengua, herriarena lehenik eta armadarena ondoren. Haren gizon leialenaren eta gertukoenaren hitzak dira horren adierazle. Ahmed Gaed Salah armadako buruak presidentea inhabilitatzeko eskatu du.

Jeneralak Ouargla hirian egindako adierazpenak jaso dituzte hedabide ofizialek. Salahk Aljeriako Konstituzioaren 102. artikulua aplikatzeko eskatu du; presidentea inhabilitatzeko, alegia: «Krisitik berehala ateratzeko bide bat aurkitu behar dugu, konstituzioaren markoaren barnean». Salah Defentsa ministrordea ere bada, eta orain arte agintariaren alde agertu da beti, bai protestak hasi zirenean, otsailaren 22an, eta bai presidenteak bosgarren agintaldira aurkezteari uko egin zionean, martxoaren 11n. Egun batzuk lehenago, martxoaren 5ean, adierazi zuen armadak «egonkortasuna eta segurtasuna bermatuko» zituela herrialdea «saminaren urteetara» eraman nahi zutenen aurrean. Aljeriako gerra zibilari egiten zion erreferentzia: 1991tik 2002ra izan zen islamisten eta armadaren arteko gerra, eta hamar urte luze horietan 150.000 eta 200.000 lagun artean hil ziren.

Salahren agerraldia, dena den, errezeloz hartu dute oposizioko alderdiek, bereziki islamistek. Bakearen Mugimendu Sozialak komunikatu bat kaleratu zuen atzo salatzeko inhabilitazioak ez duela trantsizio demokratikoa bermatzen. Parlamentuan hirugarren indarra den alderdiak sei hilabeteko trantsizio bat eskatu du, eragile guztiek adostu eta herri mugimenduak babestutako pertsona batek zuzenduko lukeena. Demokraziaren eta Kulturaren alderdiak ere armadako buruaren iragarpena kritikatu du esanez «sistema mantentzeko» estrategia bat dela.

Buteflikak 82 urte ditu, eta gaixorik dago 2013tik. Armadako buruaren hitzetan, herriaren eskaerak «zilegiak» dira, eta, haren ustez, «ezinbestekoa» da «aldaketa politikoa» egoera «lauso bat saiheste aldera».

Trantsizio politikoa

Aljeriako Kontseilu Konstituzionalak erabaki beharko du orain 102. artikulua aplikatu ala ez. Abdelkader Bensalah Kontseiluko presidentearen esku geratuko litzateke orduan botere exekutiboa, eta hark lau hilabetean presidentetzarako hauteskundeetara deitu beharko luke. Aurretik, baina, bai parlamentuak eta bai Senatuak inhabilitazioa jasotzen duen artikulua babestu beharko lukete, botoen bi herenekin, eta, ondoren, 45 egunean, inhabilitazioa baieztatzekotan, 104. artikulua aplikatuko litzateke, hau da, trantsizioa zehazten duena.

Buteflika 1999tik dago presidentetzan, baina, herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik, agintean egon den erregimen militarraren ordezkaria izan da. Askapen Nazionalerako Frontea 1962an iritsi zen boterera.

Aljeria garai berri baten atarian da. Duela hilabete inguru hasi zen agintariaren aurkako protesta, etengabe hazi eta herrialde osora hedatu dena. Buteflikaren azken maniobrak ere ez ditu protestak eten, eta atzo ere kalera irten ziren herritarrak.

Martxoaren 11n iragarri zuen presidenteak ez zela hauteskundeetara aurkeztuko, eta apirilaren 18an egitekoak ziren hauteskundeak atzeratuko zituela, erreforma politiko bat egiteko konferentzia nazional «independente eta inklusibo» batera deitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.