Hegazti gripea Euskal Herriko atarira iritsi da, eta ELBk kezka adierazi du

Lixozeko etxalde bateko kabaletan agertu dira H58N birusaren susmoak. Ahate hazleek diote egoera «gaizki kudeatua» dela

Ahate haztegi bat; artxiboko irudia. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Zuberoarekin muga egiten duen Lixoze (Biarno) herria hunki du hegazti gripeak. Landetan hasi, Biarnon zabaldu, eta Lixozera iritsi da susmoa aste honetan, Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak jakinarazi duenez. Neurriak hartu ditu berehala H5N8 birusaren hedapena oztopatzeko asmoz. Hala, departamenduko 159 herri jarri ditu araupeko eremuan, horietako zenbaitzuk Zuberoan eta Nafarroa Beherean.

Zerrendan diren herrietako korraleko hegaztiak konfinatzeko eskatu du prefeturak, eta debekatu egin ditu hegaztiak leku batetik bestera garraiatzeko mugimenduak. Gainera, ahate hazleei eskatu die elkarren arteko kontaktuak murrizteko, eta higiene neurriak zorrozki betetzeko. Prefeturak esan du H5N8 birusak ez diela gizakia kutsatzen, eta ez duela kalterik eragiten haragi hori kontsumitzen dutenei.

Egoerak hartzen ahalko lukeen bilakaeraz beldur da Marc Lataillade. Ahate hazlea da Bidaxunen (Nafarroa Beherea), eta ELB sindikatuko kidea da. 2017an izan zen hegazti gripe epidemiaren ondorioz, kabalak hiltzera behartua izan zen, «prebentzioz». ELBk protestak antolatu, eta lortu zuten kabalen parte bat atxikitzen. ELB sindikatuak garaian salatu zuen Bidaxuneko ahate gehienak osasuntsu zirela, eta ez zutela birusaren aztarnarik atzeman kabala arraza guzietan.

«Oroitzapen txarrak ekartzen dizkit burura egoera honek», aitortu du Latailladek. Salatu du botere publikoek hegazti gripea «arras gaizki» kudeatzen dutela. «Laborariok gero eta neurri sanitario gehiago aplikatu behar ditugu, horrek suposatzen duen diruarekin; baina gero, birusa heltzean, agintariak ez dira gai egoera ongi kudeatzeko». Izan ere, birusa hedatu izanak kudeaketa «txarra» izan dela frogatzen du, haren ustez. «Iraganeko akatsetatik ez dute deus ikasi», deitoratu du. Haserre ere mintzatu da: «Oldartzen gaitu jakiteak 2017an jasan behar izan genuen egoera berriz gerta daitekeela».

Laborantza ereduak

Egoera horren atzean, bi laborantza ereduren arteko «talka» ikusten du Latailladek. Bidaxuneko etxaldean ahate eme erruleak hazten ditu, eta sortzen diren ahateak tokiko laborari eta partikularrei saltzen dizkie. «Gure ahateak hiltzera behartzen bagaituzte, tokiko laborari multzo oso bat hunkitua izanen da».

Latailladek zehaztu duenez, laborantza intentsiboan ari direnek 5.000 edo 10.000 ahate dituzte, barnean haziak. «Kabalak hauskorragoak dira, eta birusa fiteago hedatzen da», ohartarazi du. Haren etxaldean ahateak erosten dituztenek, ordea, «hazkuntza aise txikiagoak, eta kanpokoak» dituztela azaldu du.

ELB sindikatuak datorren astelehenean iragartzekoa du zer nolako segida emanen dion egoerari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.