Txinan COVID-19agatik hildako bat detektatu dute maiatzetik lehen aldiz

OMEko ikertzaileak herrialdera heldu diren egunean eman du Pekinek hildakoaren berri. 20 milioi biztanletik gora daude berrogeialdian

Hebeiko biztanle bat azido nukleikoaren analisia egiten. COSTFOTO / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Txinako Gobernuak jakinarazi du COVID-19ak beste hildako bat eragin duela, zortzi hilabetean lehenengoa. Kasuak gora eta gora ari dira herrialdean: astebete eskas pasatu da Hebei probintziako agerraldiaren berri eman zuenetik, eta, hain zuzen ere, atzo atzemandako hildakoa probintzia horretakoa zen. Kutsatu kopurua ere azken hamar hilabeteetako handiena dela jakinarazi zuen atzo: egun bakar batean beste 138 lagun kutsatu dira. Hildakoaren berri eman duten egun berean heldu da herrialdera izurriaren jatorria aztertuko duen OME Osasunaren Mundu Erakundeko ikertzaileen taldea, hainbat hilabetez Xi Jinping presidentearen ezezkoa jaso eta gero.

Txinako kutsatuen kopurua handituz doa, eta Hebei probintzian izan da agerraldia —Pekinekin mugakidea da—. Shijiazhuang hiriburuko 11 milioi biztanleak berrogeialdian jarri zituen gobernuak joan den astean, eta, kasuen gorakada ikusita, probintzia bereko Langfang, Bazhou eta Sanhe hiriak ere bakartu ditu. Guztira, 20 milioi biztanle baino gehiagok dute debekatuta kalera irtetea; azido nukleikoaren analisia egiteko besterik ezin dira atera. Horrez gain, probintziak Pekinekin dituen konexio guztiak moztu dituzte, eta hiriburuko aireportua dagoen eremua ere itxi dute, Shunyi izenekoa.

«Gerra egoera» betean heldu da OMEko ikerlari taldea herrialdera: horrela izendatu zuen gobernuak Hebeiko probintzia. «Hilabete luzez» gobernuarekin elkarrizketetan egon eta gero, presidentearen baiezkoa lortu dute ikerlariek, eta atzo heldu ziren Wuhanera, izurriaren epizentrora. Horien hipotesi nagusia da birusa saguzarren edo antzerako animaliaren baten bitartez pasatu zela gizakiengana, eta baztertu egin dute Txinako Alderdi Komunistak zabaldu duen teoria: birusa atzerritik eramandako arrainetan zegoela, alegia. Hamabost ikerlarik osatutako taldea espero zuten Txinan, baina bik positibo eman dute antigorputzen proban, eta Singapurren geratu dira, bigarren proba egiteko zain. Gainontzeko hamahiruek hamabost eguneko berrogeialdia egin beharko dute ikerketa hasi aurretik, eta horiek ere proba egin beharko dute Txinan.

Igoera orokorra

Txinako kasuen gorakada munduko testuinguruaren parte da. Kutsatuen kurbak goia jotzen ari dira munduko beste zenbait estatutan ere, eta neurri gehiago hartu dituzte hainbatek, izurria kontrolatu nahian. Mugikortasun debekuak estatu gehienetan orokortu dira, eta Erresuma Batua izan da horiek ezartzen azkenengoetariko bat. Urtarrilaren hasieratik konfinatuta, konexioak moztu ditu Amerikako eta Afrikako hainbat herrialderekin, birusaren Brasilgo aldaera berriaren hedapena gelditzeko asmoz. Hegaldiak bertan behera utzi ditu Argentina, Brasil, Bolivia, Cabo Verde, Txile, Kolonbia, Ekuador, Guyana Frantsesa, Guyana, Panama, Paraguai, Peru, Surinam, Uruguai eta Venezuelarekin. Portugalekin ere moztu ditu hegaldiak, Brasilekin «harreman estua» duelako. Portugalgo egoerak ere okerrera egin du, eta gobernuak gutxienez urtarrilaren 30era arte luzatu du alarma egoera, eta herrialdea konfinatu.

Kutsatuekin batera, gora egin du hildakoen kurbak ere, eta Europako zenbait herrialdek inoizko hildako gehien zenbatu dituzte azken 24 orduetan. Alemania izan da horietako bat: 1.244 hildako zenbatu ditu egun bakar batean. Suediak ere ordura arteko kopuru handiena jakinarazi zuen atzo: 351; 10.000 hildakoen langa gainditu du jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.